Gorputza politikoa da

Elene Lopetegi eta Mireia Delgado
2022ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Iritsi da beste urte batez ekainaren 28a, egun seinalatua gure agenda politikoetan. Halako egun seinalatuetan izan ohi den bezala, aldarrikapenak egiteko, gaiarekiko bizi dugun testuinguruaren inguruko irakurketa egiteko eta borrokarako eguna, hain zuzen. Eta aurtengoan ere horretara gatoz, lerratzera.

Sistema kapitalista zisheteropatriarkalak etengabe gure bizitzak kolpatzen ditu, egunero eta plano guztietan (ekonomikoan, politikoan, sozialean, emozionalean...). Hala ere, ezin uka daiteke gorputz batzuk beste batzuk baino gehiago direla kolpatuak, eta hori azaleratzera gatoz.

Azkenaldian jasaten ari garen eraso LGTBIfoboek bereziki kezkatzen gaituzte. Argi dago faxismoaren eta eskuin muturraren gorakadarekin eta inpunitatearekin lotuta doazela. Kaleak ez dira espazio seguruak guretzat, sarritan, egunerokotasunean egon behar garen beste espazio asko ez diren bezala: eskolak, tabernak, lana, familia...

Bollera, trans, trabesti, marika... genero disidentzian kokatzen garenok onartzea ez da nahikoa, onartzeak ez baitu ezer aldatzen. Onartzea aldaketa hasteko oinarrizko arau da. Guk dena aldatu nahi dugu, sistema kapitalista zisheteropatriarkala desegin eta beste bat eraiki. Eta, horretarako, ez dugu nahi onartuak izatea eta sistema honetan bizirauteko leku bat ematea. Ardura eta erantzukizun indibiduala zein kolektiboa oinarrian izango dituen konpromisoa eskatzen dugu, dena aldatzeko. Heteroaraua eta sistema heterosexualaren baitan egituratutako oro desegin eta sistema berriak eraikitzera goaz; harreman eredu berriak, lan banaketa berriak...

Honekin guztiarekin lotuta, ezin aipatu gabe utzi instituzioek honetan guztian jokatzen duten rola. Badakigu erakundeak ez direla inoiz sistema iraultzeko tresna izan. Gainera, ez dugu egungo sistemaren sostengu diren erakunde eta egituren asimilaziorik onartuko. Ez dugu borroka transmaribolloaren jabe egiterik onartuko, ez dugu pinkwashing-ik onartuko. Hala ere, tarteka, erakundeak badira bizitzak bizigarriago egiteko zirrikitu posible. Horregatik diogu EAEra iritsi berri den trans legea, adibidez, aukera bat izan daitekeela aldaketak egiten bazaizkio; kutsu esentzialista kendu, terminologia zaindu, gaia lantzeko hezkuntzan egiten den proposamena aldatu, dokumentuak aipatu ere egiten ez dituen sexu langile transak kontuan izan, enpleguaren inguruan hitz egin... Finean, pertsona transentzat bizi baldintza duinak eskuratu nahi ditugu. Badakigu legeak ezer gutxi transformatuko duela sistema, baina egiten ari garen bidean aurrerapauso bat izan daitekeela uste dugu, genero autodeterminaziora bidean eta transformazio sozialean aurrerapauso bat. Borroka instituzionala beharrezkoa da.

Era berean, adierazi nahi dugu ez dugula bat egiten hainbat norbanako eta kolektibok feminismoaren izenean sustatzen dituzten diskurtso esentzialistekin, emakume-gizon binomioa indartzen duten diskurtsoekin. Guk horiek ezartzen dituzten mugak zalantzan jarri eta gainditu nahi ditugu. Badira trans identitatearen barruan izateko hamaika modu. Guk erabakitzen dugu nor garen, eta horren alde borrokan jarraituko dugu. Kategoriak eta identitateak ezinbesteko zaizkigu zapalkuntzak eta horien arteko loturak ulertzeko. Horietatik borrokatzen dugu eta estrategikoki hautatu sistemaren aurka aritzeko. Gorputza politikoa da eta hortik dihardugu.

Egun ezinbestekoa da aliantza eta sare transfeministak osatzea, norbanako eta kolektiboen artean. Guretzako espazio propioak eraikitzen jarraitu behar dugu; hausnartzeko, antolatzeko, borrokarako tresnak asmatzeko, festarako, arnasguneak sortzeko... Horregatik, behin eta berriro antolakuntzarako eta borrokarako deia egiten jarraituko dugu; auzoetan, herrietan, eskoletan... Aspaldi hasitako bidean jarraituko dugu. Asko gara eta gehiago izango gara!

Gora borroka transfeminista!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.