Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Xabier Atristainen kasuan ebatzitakoa ez betetzea erabaki du Espainiako Auzitegi Gorenak, ezarri zioten kondena berrikusteari uko eginez. Horretarako, argudiatu du Estrasburgoko auzitegiak emandako epaiaren arabera Atristainen zigorra «nagusiki deklarazioen harira lorturiko frogetan oinarritzen» dela, baina inkomunikazio garaian egindako deklarazioez gain badirela horiekin lotuta ez dauden beste froga batzuk.
Gogoratu frantziarrek espainiar segurtasun indarren esku utzi berria zen Atristain ez zutela torturatu lehen atxiloaldian, eta aske geratu zela. Iratxe Sorzabali beste horrenbeste gertatu zitzaion. Frantziarrek espainiarren esku utzi zutenean, torturarik ez. Gero, ordea... Atristain ere, berriro atxilotua, inkomunikatua eta torturatua izan ondoren, espetxera bidali zuen epaileak, 2010ean, eta geroztik kartzela zuloan eduki dute ia hamabi urte luzez. Estrasburgoko epaiaren ondorioz aske utzi behar izan zuten, baina orain espetxeratu egin dute berriro.
Bada, beharrezkoa iruditu zait Sorzabal, Atristain eta beste milaka euskalduni gertatua ederki jasotzen duten hitz batzuk hona ekartzea. Deustuko Unibertsitatean Etika katedraduna izandako Xabier Etxeberriak torturari eskaini zion lan mardul batean idatzitakoak dira. Patxi Lopez lehendakari zuen Euskal Gobernuak goraipatu egin zuen lan hura.
Hauek izan ziren Etxeberriaren hitzak: «Ofizialki, nazioarteko konbentzioek diote torturaz lortutako aitorpenik ezin izango dela froga gisa erabili inolako prozedura judizialetan. Gero, ordea, ihesbidea dago: aitormena tortura bidez lortu, eta aitortzatik kanpo berretsi ahal izango diren beste zantzu batzuk ere bai. Ondoren, tortura bidez lorturiko datuak akusaziorako edo froga gisa balioko duten arrastoei jarraitzeko erabiliko dira; edo, are gehiago, tortura aplikatzen den esparrutik at aitormena errepikatzea lortuko da».
Horixe da hamarkadetan milaka euskal torturaturi gertatu izan zaiona. Lekukorik gabe torturatu dituzte. Inkomunikatu dituztenean, torturatzaileak eta biktimak besterik ez baitira bertan izan. Xabier Atristaini ere horixe gertatu zitzaion, eta Auzitegi Gorenak eman berri duen epaiak ezin hobeto erakusten du horren guztiaren aurrean duen jarrera.
Tortura kasuetan Euskal Herrian emandako epaien aurrean Gorenaren jokabidea nahiko orekatua izan zen 1998ko irailean Kepa Urraren torturatzaileei Bizkaiko Auzitegiak ezarritako lau urteko espetxe zigorra urtebetera jaistea erabaki zuen arte. Urtebeteko kondena ez baitzuten bete beharrik izango. Gainera, gobernuak indultatu egin zituen.
Hilabete batzuk geroago, preskribatutzat jo zuen Tomas Linaza torturatu izana, kasu hartan zazpi guardia zibili ezarritako kondena baliogabetuz. Eta milurteko berriarekin aldaketa hori nabarmen areagotu zen. 2001ean eta 2002an, Kepa Urrarekin batera atxilotutako hainbat lagun torturatzeagatik Bizkaiko Auzitegiak ezarritako zigorrak baliogabetu egin baitzituen. Berdin jokatu zuen 2003an, Bizkaian gertaturiko beste kasu batean. Zornotzan 1980an atxilotutako zazpi gazteren torturen kasuan baliogabetu egin baitzituen ezarritako ia kondena guztiak. Kasu horietan guztietan guardia zibilak izan ziren epaituak.
Seguruenik, Portu-Sarasola kasuan kondena-epaia eman zuten magistratu donostiarrek oso kontuan izan zuten Auzitegi Gorenaren jardun hura, eta beren epaia ahal bezainbeste blindatzen saiatu ziren, beste horrenbeste gerta ez zekien. Alfer-alferrik, kondenatutako lau guardia zibilak absolbitzeko orduan Gorenak baliozkotzat jo baitzituen torturatzaileen defentsak erabilitako argudio guzti-guztiak, zeharo faltsua zela frogatu zelako defentsak berak Donostiako epaiketan alboratu zuen bat barne.
Kasu hartan, Grande-Marlaska epailea arduratu zen inkomunikazioaz, eta geroago esan zuen atxiloketa eta tortura-salaketa kasu guztietan etikaren bidez jardun zuela, beti. Erraz froga daiteke, baina, Mattin Sarasolaren aurkako espetxeratze-autoan gezurretan jardun zuela. Autoan, Marlaskak idatzi baitzuen Guardia Zibilak ez zituela aurkitu komandoak zituen zuloak haren adierazpenei esker. Gezur galanta. Espetxeratze auto hura idatzi aurretik bazekielako atxilotu ondorengo egunean Sarasolak lau krokis marraztea beste erremediorik ez zuela izan, zuloak kokatuz. Epaileak esku artean izan zituen krokis haiek, inkomunikatuta zegoela Sarasolari eginarazi zioten lehen deklarazio orriari atxikiak baitzeuden.
Guardia Zibilak zuloak aurkitu zituen moduari buruz Marlaska gezurretan hasi aurretik, Rubalcaba Barne ministroak beste horrenbeste egin zuen, prentsaurreko batean. Zehazki, esan zuen Guardia Zibilak lehergailuak zituen zulo bat aurkitu berri zuela, «atzo arratsaldean Arrasaten atxiloturiko bietako batek zeraman krokis bati esker».
Bestalde, «iturri antiterroristek» El País egunkaria aukeratu zuten gezurra are gehiago zabaltzeko, Sarasolak marraztu behar izan zituen lau krokisak egunkariari eskainiz. Eta egunkariak artikulu zabal bat argitaratu zuen, krokis haien primiziarekin, esanez Portuk marraztu zituela eta Guardia Zibilak egindako «erregistroetan» topatu zituztela. Rubalcabak eta Marlaskak erabilitako gezur berbera.
Beraz, Rubalcaba Barne ministroa hasi zen gezurretan, Marlaskak hartu zuen haren erreleboa eta El País egunkariaren esku utzi zuten gezurra are gehiago zabaltzea. Hiru protagonista eta gezur bera zabaltzeko hiru modu desberdin, helburu berarekin: ezkutatzea nola aurkitu zituen Guardia Zibilak zuloak, Mattin Sarasola torturatuz eta krokisak marraztera behartuz.
Atristainen kasuan ere, hari gertaturikoaren erruduna ez da soilik Auzitegi Gorena. Beste asko dira, hamarkadatan tortura estaltzen lagundu ondoren, ez dutenak inolaz ere haien erantzukizuna onartu nahi. Eta tortura ukatzen jarraitzen dute, horretarako Estrasburgoko auzitegiari aurre egin behar badiote ere.
Noiz arte?
Gorena eta tortura
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu