Gora ta Gora, Gernikako Arbola

2021eko otsailaren 11
00:00
Entzun
Ereserkiez ari gara, bi ereserki ezagun eta entzutetsuz, bakoitza bere izaera bereziarekin eta biak gertakizun historikoz hornitutakoak. Herri eta nazio bateko ereserkia izateko, bai hitzetan eta musikan, beti da nabarmendu beharrekoa bere atal historiko-kulturala eta herri legez batzen gaituen baliabideak eduki ditzala, horixe esabidea. Eta guzti honez gain, preziatuko dugun hori, kantu eta ereserki nazionala bilakatzeko, premiazkoa da orotasunean herritarren artean hunkimena sortu dezan.

Eusko Abendaren ereserkiak edo Gora ta Gora-k, zein Gernikako Arbola-k, biak eder eta onuragarri diren aldetik, antzinatean finkatutako egitekoa betetzen dute. Eta elkarkidetzan, gehiketan eta distentsio garaietan gaudenez, bata bestearen osagarri dugu eta ez du zertan batak bestea ordezkatu. Bakoitzak bere gunea du.

Herri ainitzek, nazio ugarik dituzte ereserki desberdinak eta baterakoiak eta bata bestearekiko bizikide direnak. Begira dezagun Erresuma Batura, etengabekoa da bi ereserkiren bizikidetza. God save the Queen (Jainkoak erregina salba dezala) ereserki ofizial-instituzionala, eta Edwrad Elgar egileak sortutako Pomp and Circumstance March (Ospe martxaren inguruabarra). «Lurra eta esperantza»esanguraz, Shakespearek sortutako Otelo III ekitalditik jasoa.

Euskadik, gaur Euskal Autonomi Erkidegoa deritzonak, badu bere ereserkia eta Nafarroak ere Kortesko ereserkia izendaturikoa du, baina, Euskal Herriko lurralde osoarentzat, zein liteke guztiok ordezkatzen gaituen ereserkia? Egin dezagun galdera hori eta bakoitzak atera beza bere gogoeta, zeren, badira euskaldun gehiago mugaz gaindiko hiru probintzietatik at ere.

Beraz, abiadan dauden ekimenek ez dute nahi, ezta gutxiagorik ere, bat bestearen ordezko izan dadin, baizik eta osagarri. Hauxe nire iritzia, eta ustez, Gernikako Arbola-ren aldeko manifestua sinatu genuen kantari-musikari-zuzendari eta geroan gehituriko historiagile, bertsolari, politiko ohi, erakunde kultural edota jende anonimoarena ere.

Eta ikuspegi historikoa garrantzizkoa bada, are eta gehiago, herri legez, etorkizunerako ikuspegia; nire iritzian honexek iraun beharko luke. Partekatzeko eta kooperatzeko atxikimenduak lortuz, guztiona den honetan, elkarrekin bidea egin dezagun; ba ote nahi hoberik?

Bakoitzak du bere ikusteko era, eta guztiak errespetagarriak. Izango dira, nola ez, iritzi kontrajarriak, eta izango da baita, «zergatik ereserki baten beharra?» dionik ere. Nik galdetzen dut edota hobe, erantzuten dut, zergatik sentitu, pentsatzearekin baliatzen bagara? Zergatik sentiberatasuna, arrazoinamendu oro nahikoa bada? Zergatik guztion hizkuntza bateratsu bat? Eta azkenik, zergatik abestu, entzuteaz nahiko badugu? Ba, horixe, bizitzeko, bizitzen jarraitzeko, izaten jarraitzeko eta, batez ere, elkarrekin sentitzen irauteko.

Pentsa dezagun, ereserki batek sentiberatasunera jo behar duela, herritarrak sutu behar dituela, berau liteke ereserki nazional on baten asmoa.

Eta elkarbizitzaz mintzatzean, nabarmentzekoa da Sabino Aranak, Gora ta Gora hitzen egileak, Gernikako Arbola-ri «abertzale ereserki hilezkorra» deitzea. 1894.eko Gamazada garaian, Iruñetik honako hau idatzi zuen: «Telegrafío desde el Casino principal donde por los navarros somos fraternalmente agasajados… Allí y haciendo coro con los socios de dicho casino, entonamos repetidas veces el inmortal himno del insigne Iparraguirre, el glorioso 'Gernikako Arbola'… S.Arana».

Gernikako Arbola sustatzea, askatasun zuhaitzen ikurra izatearen gainetik, nire iritzian, hizkuntza baterakoi baten eta historian, kulturan eta elkarbizitzan barneratzen den guztion lurraldea bultzatzea da.

Eta elkartze bilaketa horretan, ereserkiak hunkiberatasunarekin historia eta kultura bizikidetza baten proiektua ordezkatzen du, erroak iraganean dituelarik, baina batez ere etorkizuna irudikatuz.

«Batasuna aniztasunean» honako esaera hau darabilte egunotan estatu mailako politikan; ekar dezagun gurera ere dagokigun honi, eta Gernikako Arbola-k, guztiona izanik, aniztasunean elkartzearen eginkizun hori eduki dezala. Beraz, kulturaren batasunaren defentsan, amankomuneko hizkuntzan kooperatzeak beti etekin hobeak dakarzkigu. Oraingo proposamena ez da batere berria, izan dena erakartzea eta gaurkotzea, besterik ez. Eta inongo zalantzarik gabe Gernikako Arbola-ren babesa Iparraldean eta Nafarroan, izan ere, orokorra da. Besoak zabalik har ditzagun!

Azken finean, aniztasuna, oinarrizko ideia bateratsu baten helburuaz, euskal kulturaren laguntza eta herri batek irauteko behar duen indar eta adore horri eustea lortu behar genuke. Gernikako Arbola kulturaren sentiberatasun bat-egite horretan kokatzen da, sentikortasun desberdinen batasunean. Beraz, Gora Euskadi eta Gora Euskal Herria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.