Gora herria!

Ainhoa Beola eta beste
2015eko urriaren 24a
00:00
Entzun
Askotan, sistematikoki ez esatearren, «demokrazia parte-hartzailea» terminoa bera oximoron hutsa dela pentsa dezakegu, hau da, gu guztiok bizi dugun jendarte-ereduaren lehorte setatia litzatekeenaren kopia, hain zuzen ere.

«Guztia herriarentzat, baina herririk gabe» delakotik hasita ibilbide labur bat egingo bagenu «demokrazia parte-hartzaile» gisa izendatu diren horiek arte, aipatu dugun errealitatearen benetako dimentsioa agertuko liguke. Haren poztasuna «demokraziaren festarekin» soilik agertzen duen sistemak lehentasun sakratu bakarra du: lau urtez behin botoak bereganatzea, eta behin hori lortuta nahi dutena egitea. Aukera bat al da, gure aukera al da? Edo «aukera faltsuaren mitoan» sinesten uzten digute?

Gaur egun, eskaintzen diguten alternatiba, salbuespen ohoragarriak salbu, bi alderdi politikoren arteko botere-txandakatzea da; edukietan bat etorrita, euren arteko desberdintasun bakarra siglak dituzten alderdi politikoen txandakatzea, batzuk neoliberal peto-petoak izaki, besteak hura izango ez balira moduan gozatu nahi badizkigute ere. Alternatiba, definizioz, «bi edo gehiagoren arteko aukera» litzateke eta, herritarrok aukera bakarra dugun neurrian, aukera gozatuz ala ez, ez dugu errealitate hori gaindituko, ezingo dugu jendarte injustu hau birbideratu.

Aukera edota alternatiba delakoa parte-hartzea da, ahalduntzea eta protagonismoa, besteak beste, baina baita justizia soziala eta aberastasunaren banaketa ere, jendarte bizia, arretatsu eta borrokalariaren egonkortzea, hazkunde edo deshazkunde eredua aukeratzea, lan produktibo eta erreproduktiboa ekitatiboki eta duintasun-parametroen baitan banatzea... hori guztia laburbilduz eta esaldi borobila erabiliz: guztia herriarentzat eta herriarengandik, guztion bizitzak duinduz.

Alternatiba eredu berrien eraikuntza da, ikuspuntu jakin bat, hau da, jendarte-ikuspuntua izango duten eredu berriak; pertsona guztien eskubide subjektiboak bermatuko dituen paradigma berria, herri-proposamen berriak sortzeko sistema zaharkitu eta bidegabea deseraikiko duen paradigma, bidea ibilian eginda ere, desberdinen arteko oinarri komunetik abiatuko dena. Sortu zen unean bertan jada jasanezina zen eredu neoliberalari aurre egingo dioten aukerak bilatu beharrean gaude.

Geure herriaren ezaugarri nagusienetako bat jendarte-ehunaren parte-hartze aberatsa dugu, etengabe beste aukera batzuk bilatzen dituen jendarte bizia, egingarriak diren utopiak eskuratzeko grina duena, ikuspegi internazionalista oinarri hainbat herriren askapen-borrokak babesten dituena, eta orain, guztion artean beste errealitate bat eraikitzearen beharrak, eta baita betebeharrak ere, astintzen gaitu goitik behera.

Desberdinen eta berdinen etxe honek oinarri sendoak ditu, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta, guztiok batera egin nahi dugun bidearen abiapuntua. Larunbat honetan, urriak 24, 10:00etatik aurrera, Bilbon ibilbide horretako hurrengo geltokia dugu: Alternatiben Herria. Aipatu ditugun arrazoi horiengatik bereziki, garrantzitsua iruditzen zaigu ekimen horri geure atxikimendua ematea eta jendarte guztia herri-espazio hori partekatzera deitzen dugu, erronka berriz eta ilusio berrituz jositako ibilbide hori ibiltzera, bi abizen dituen ibilbidea: soziala eta eraldatzailea.

ARTIKULUA HONAKO HAUEK SINATZEN DUTE:

Ainhoa Beola EH Bilduko Politika Feministako koordinatzailea. Bikendi Barea EH Bilduko Eskubide Sozialetako koordinatzailea. Garbiñe Zurutuza EH Bilduko Euskara koordinatzailea. Ikoitz Arrese EH Bilduko Hezkuntza koordinatzailea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.