Tasio Erkizia.

Gora atzoko eta gaurko gudariak

2023ko irailaren 26a
00:00
Entzun
Urteak daramatzagu irailaren 27ko eguna auzo eta herri guztietan ospatzen, eta horrela jarraituko dugu Euskal Herriak bizirik dirauen bitartean. Txiki, Otaegi, Baena, Sanchez Bravo eta Garcia Sanz abertzale eta antifrankisten omenez ospatzen hasi ginen, eta, horrela, beraiek gorpuzten zituzten eta ezker abertzaleak hain bereak dituen balioak azpimarratzeko eguna bihurtu dugu. Hots, herriarekiko entregaren, eskuzabaltasunaren, konpromisoaren edo euskaltzaletasunaren aldarrikapena egiteko eguna. Orduko belaunaldiak eta gaurko gazteek defendatzen dituzten balio eta konpromiso politikoa azken muturrera eramateko konpromisoa agertzeko unea. Bestelako Euskal Herri solidarioa, euskalduna, justizia sozialean oinarritutako gizarte berria, pertsona erdigunean jartzen duen herri feminista eta askea defendatzearen gaurkotasuna aldarrikatzen dugu. Gure aurreko belaunaldiak eta egungo borrokalariak goraipatzeko data esanguratsua. Militante horiek tirokatuz, proiektu politiko bat suntsitu nahi izan zuten, baina gaur egun ere, herriz herri bere gaurkotasuna goraipatzen jarraitzen dugu.

Franco hil zorian zegoen, eta bere gobernua krisi larrian. Frankismoaren urte beltzen amaiera oso hurbil sentitu eta susmatzen genuen. Eta horren erakusle nabarmenena zen han eta hemen antolatzen ziren mobilizazio zabalak. Herritar oldeek oihukatzen zuten hizki handiz askatasuna. Askatasunageroa antolatzeko, askatasuna adierazpen askatasuna etaantolatzeko gaitasuna defendatzeko, askatasuna herri gisara bizirauteko. Oraindik ere ilegalak ziren alderdi politikoen artean nahasmen handia zegoen. Dena genuen lortzeke, eta dena batera lortzeko ametsak gehiegitan itsutzen gintuen. Hala ere, Estatuaren eraso bortitzaren aurrean herritarren joera oso argia zen: indarrak bildu eta borrokatu. Eta hori egin zuten herritarrek, hain modu basatian irailaren 27ko egun triste hartan, bestebost militante fusilatu zituztenean.

«Soy aire de libertad» idatzia utzi zuen Txikik, Guardia Zibilak tiroz hil baino ordu gutxi lehenago. Eta Eusko gudariak kantari hasi zenean isildu zuten bere ahotsa. Baina betirako isildu nahi zuten ahotsa, belaunaldi berrientzat askatasunaren irrintzia bilakatu da. Suntsitu nahi zuten betirako askatasunaren bidea, baina loratzen ari da. Landare berria moztu nahi zuten errotik baina jadanik haizeak barreiaturik zeukan askatasun hazia. Herri bat izateko determinazioa herritar askoren bihotzetan ereinda zegoen, eta ernetzen jarraitu du. Kartzelak ugaldu dituzte, sarrailak ugaritu, denbora luzean eraldaketaren aldeko eragile sozialak eta politikoak legez kanpo bihurtzea jokaera arrunta bihurtu dute, baina Euskal Herria aurrera doa. Alferrik ari dira, askatasun haizea gelditzerik ez dago. Munduko indar armatu guztiak eta errepresio bideek ez gaituzte itoko, ez geldituko.

Txiki eta Otaegiren fusilamenduak, oraindik gainditzeke dagoen gatazka politiko baten ondorioa izan ziren. Gaur egungo konfrontazioa ez da hain bortitza, egia da. Baina gatazkak bizirik dirau. Kartzela politika anker eta bidegabeak sortzen duen sufrimendua, eta, bestetik, autodeterminazio eskubidearen ukamen estrukturala dira egoera antidemokratikoaren lekuko adierazgarrienak. Hala ere, oztopo guztien gainetik eta borrokari esker, aukeraz beteriko une politikoa sortzeko gai izan gara. Gaurko belaunaldi gazteen erronka gatazka politikoa konponbide demokratikora eramateko bide berriak irekitzean datza, Euskal Estatu berdintzailea eraikitzean, alegia. Lehen bezala, inteligentzia eta borroka da bide bakarra.

1975eko irailean, herriarekiko konpromisoa eta militantzia zanpatu nahi izan zituzten. Herritarrak beldurtu eta kikiltzea zen sistemazaleen helburua. Herriaren alde lana egitea debekatu nahi zuten, gizarte eredu berri baten alde borrokatzea zen delitua, herria eraikitzea zen arriskua, euskara defendatzea, espainiar herrien batasun sakratua hausten zuen ekinbidea. Inposatzen ziguten ordena eta gizarte eredua aldatu ezina zen, eta, ondorioz, aurka geunden guztiok etsaitzat hartuak ginen. Lehen eta orain, gutxi batzuen pribilegioak eta Estatuaren batasuna ukaezinak dira. Bestelako helburu guztiak debekatuak, salatuak, zigortuak dira.

Beraz, irailaren 27an omendu nahi ditugun militanteak ez dira bakarrik ekarpen desberdinengatik oso ezagunak ditugun emakume edo gizonak. Horiek bai, noski. Baina gure omenaldia askoz harago doa. Ezta ere soilik militantzia eredu bakarrekoak, modu batera edo bestera herri honen alde ari eta aritu direnak baizik. Ez ditugu omentzen bakarrik modu bortitzean Estatuaren biolentziaren biktimak direnak. Horiek denak gogoan ditugu, baina gure omenaldia harago doa. Askoz zabalagoa da. Omendu nahi ditugu Euskal Herri hobe baten alde bizitza eman duten guztiak. Konfrontazio zuzenean bizitza galdu dutenak eta eguneroko lan isilean den-dena eman dutenak. Txiki eta Otaegi edo Santi eta Josu bezala tiroz hilak izan direnak, edo eguneroko lanaren bidez gizartea eraldatzen dihardutenak.

Ekintzaile soziopolitiko guztiek merezi dituzte gure txaloak eta aipamena, baina militantzia harago doa. Militantzia bizitzeko modu bat da. Injustiziaren aurrean beti errebelde eta ekintzaile izatea omendu nahiko genuke. Borroka eta ekarpen oso desberdinen bidez, erro-errotik gizartea eraldatzeko borrokan dihardutenak gogoratu nahiko genituzke. Momenturik ilunenetan ere gizartean esperantza eta ilusioa sortzeko kemena txalotu nahi genuke. Bertolt Brecht-ek aipatzen zituen «ezinbestekoak» diren horiek omendu nahiko genituzke. Jarrera militanteak, gizarte triste eta pobreenetan ere, bizipoza hedatzen du, pertsona nagusienak ere suspertu eta pizteko balio du. Negu beltzenetan ere, udaberriko eguzki printzak pizten dituen emakume eta gizonak gogora ekarri nahi ditugu. Inor ahaztu gabe. Gizarte berekoi baten ordez komunitate solidarioa sortu eta indartzen laguntzen duen orori, gure omenaldi beroena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.