Protagonistaren izenaren lehen letra baino ez duzu jakinen: A deituko diogu. Haatik, benetako izena ez agertzeak ez du esan nahi asmatutako pertsonaia bat denik;protagonistaren nortasuna gordetzea literatur baliabide bat baizik ez da, eta hari buruz esan dezakedana hauxe da: A igeltseroa da lanbidez.
A igeltseroa lanetik itzuli zen udako arrats bero hartan, 30 graduren bueltan eta igeltsero orok ostiraletan izan ohi duen aste osoko lanaren zama bizkarrean. Manka-hutsik joanagatik, izerdi patsetan eta bero galtzetan heldu zen herrira, iluntzeko 8ak inguruan, eta orduan ikusi zuen presoen aldeko kale-agerraldia zegoela, udaletxearen parean, hileko azken ostiraletan ohitura den bezala.Ikusi zituen, orobat, guardia zibilak, gonbidatu gabeko bisitariak, nissan patrolaren kanpoaldean, eguzki betaurrekoen atzean ezkutaturik eta bildutako jendeari begira.
A igeltseroa hurbildu zen berrogei lagun inguruko taldera, eta pankartari eusten ziotenen aurrez aurre, guardia zibilak, tente eta harroputz. Zibilak pankartatik horren hurbil ikustean harritu zen A, baina pankartaraino joaneta, lagunak agurtuta, pankartaren ezkerreko ertzari heldu zion.
Pankartaren atzean, presoen senideetako batek, preso baten ama batek A etorri berriari galdetu zion ea zer moduz, ea beroak zegoen.
A-k baietz, bero handia zegoela.
Emakumeak esan zion oso-oso beltzaran zegoela, eta igeltsero dela jakinda, ironiaz galdetu zion ea hondartzan egoteagatik ote zen azala beltz hori.
A-k esku librearekin seinalatu zuen kamisetaren maukarainoko azal zuria, kontraste egiten zuena igeltsero-azal beltz-beltzarekin. Pankarta ezkerreko eskuarekin helduta, eskuineko eskua baliatu zuen marrazteko besoaren marra, eta gero, hats erakuslea lepora eraman zuen eta ezkerretik eskuinera marraztu zuen kamiseta zuriaren eta azal beltzaren arteko muga-marra.
Orduan hurbildu zitzaion guardia zibil bat, zurrun: ea berari buruz ari ziren, ea mehatxuzko keinu hori beragatik egina zen, eta ea zertan ari ziren hizketan. Antza, A-ren keinu inozentealepoa mozteko imintzioarekin nahastu zuen zibilak. A-k erantzun zion lagun batekin ari zela hizketan eta nahi zuenaz hitz egin zezakeela. Orduan guardia zibilak karneta eskatu zion eta denok pentsatu genuen gau hori A-k Guardia Zibilak Iruñean duen kasernan emanen zuela. Haatik, korapiloa ez zen gehiago tenkatu, eta kale-agerraldiaren bukaeran karneta eman zioten atzera A igeltseroari.
Errusiako esaera zahar batek dioenez, gonbidatu gabeko bisitariak tartariarrak baino okerragoak dira.
Gonbidatu gabeko bisitariak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu