Goi kultura kontzeptuak behe kultura dakar berarekin, eta biak, kultura kontzeptua bera moduan, nahiko erlatiboak dira. Dominatzaileak beti pentsatuko du berea goi kultura dela, eta menperatuak, ez daukala kulturarik edo ez daukala errespetatzeko moduko kulturarik.
Iban Zalduak eta Ramon Saizarbitoriak goi kulturan, bikaintasunean eta baserritarkeriaren aurka kokatu dute euren burua. Zurtz eginda geratu nintzen Saizarbitoriak Bilboko Arriaga antzokian Martutene nobelaren irakurraldi publikoaren aurkezpenean jatorrizko euskararen erabileraren aurka botatakoak ekainaren 3an BERRIAn irakurri nizkionean, eta Jatorrizko euskara, jatorrizko bekatua ala delitua? artikulua bidali nuen BERRIAra (ekainaren 21ean argitaratu zena). Nire artikuluari erantzunen bat ematea itxaroten aritu naiz luzaroan, eta abuztuaren 7an Iban Zalduak Baserritarkeriaz idatzi zuen BERRIAn, Ramon Saizarbitoriak baserritarkeria hitza erabiltzean baserritarrak eraso barik euskara batua eta goi kulturaren balioa aldarrikatu zuela azalduz, eta gero, planteatutako hizkuntza arazoa ezabatuz, Gasteizko jaietako blusen presentzia baserritarkeriaren adibidetzat jartzen du.
Uste dut kulturari jatorrizko hizkuntzarekiko errespetua, begirunea eta ardura dagozkiola, eta asko ari dira batuaren alde eta era berean jatorrizko hizkuntzaren zaintzaile lanetan. Saizarbitoriak, ostera, baserritarkeria, jatorkeria eta mendi puntako euskerie hitzak erabili zituen jatorrizko euskara deskalifikatu eta desprestigiatzeko. Jatorkeria eta baserritarkeria hitzak nik lehenago sekula entzun eta irakurri bakoak dira (kaletarkeria hitza ere sekula entzun eta irakurri ez dudan moduan), eta euskarak formalki ahalbidetzen dituen arren, semantikoki gutxienez txokanteak eta aberranteak suertatzen dira. Jatorkeria hitzak jatorra izatearen txarkeriari edo akatsari buruz dio. Ezin dut aurkitu espainieraz parekorik, jator adjektiboaren esanahi eder guztietarako parekoa bai, baina jatorkeria-rako ez, ze esaterako casticismo hitza ez da inondik inora parekoa,-ismo eta -(k)eria atzizkiak ez dute esanahi bera, -ismo atzizkiak joera adierazten du, baina -(k)eria atzizkiak akatsa adierazi, azpimarratu eta kondena morala dakar. Eta baserritarkeria hitzak baserritarra izatearen txarkeriari edo akatsari buruz dio. Orain Zalduak baserritartasuna ere badakar baserritarkeria- ren ondoan, baina «Anatema, anatema!» oihuaz adarra joz, baserritarrak baketan uzteko asmo barik.
Idazle eta irakasle katedradun honek baserritarkeria hiriari lotutakoa dela dio. Hiri munduak eraikitako baserriaren irudi basati eta indigenista kritikatzen du, eta kostunbrismoa hirian sortutako literatura dela. Nik uste dut kulturari beti zapalduak eta desagerraraziak diren kultura indigenei buruzko ardura dagokiola (bestela, bera ari da suntsitze lanean), eta irakurriak ditut Pizkunde Aroan euskal literaturan sortu ziren ohiturazko eleberriak, Txomin Agirre abade ondarroarraren Kresala (1906) eta Garoa (1912) dira aipagarrienak (Auñamendiko lorea nobela historikoaren ostean idatzi zituen), nire iritziz ohiturazko eleberri biak balio literario handikoak, Txomin Agirreren euskararen aberastasuna daukan idazlerik inoiz sortu ere ez delako egingo, eta, estetikoki batez ere, Kresala eleberri eder-ederra delako, ez Garoa bezain panfletarioa, horretatik ere badaukan arren. (Baina panfletarioa da Patria ere, eta haren soka berean gero eta gehiago idazten diren euskara eta espainierazko beste guztiak ere bai). Kresala-n maitasun istorioaren eraikuntzan dagoen tentsioa guztiz bikaina da, idazleak Mañasi eta Anjel protagonistengana hurbiltzeko daukan sentiberatasuna ikaragarria da. Txomin Agirrek ezagutzen eta sentitzen zuenari buruz idatzi zuen, euskal baserritarren eta arrantzaleen defentsan eta euskararen eta euskal munduaren suntsipena dakarren hiriaren eta progresoaren kontra, desagertzera doan mundua kontatuz eta defendituz, eta askoren bihotzera iritsiz. Esaterako, Jean Etxepare mediku eta idazle lapurtarrak, artikulu batzuengatik sasoiko ohiko moralarekin arazoak izan zituenak, Agirreren obraren edertasuna aipatu zuen Berebilez (1931) bidaia liburuan Zumaiari buruz ari zenean (bertan izan zen Txomin Agirre hil arte Karmeldarren kapilau). Kresala bizkaieraz idatzi zuen ondarroarrak, eta gero Garoa, gipuzkeraz. Sasoi hartan euskaltzainburu zen Azkue lekeitiarrak ere gipuzkera osotua pentsatuko zuen batuaren egitekorako, eta bizkaiera beti baztertuago egon denez, eleberri bietatik Garoa izan da beti arrakastatsuagoa, edo entzutetsuagoa eta ospetsuagoa behintzat. Baina Bizkaiko euskaran idatzitako Kresala askok gozatu dugun eleberria da. 18 urterekin udan euskaraz alfabetatzeko lehenengo ikastaroa egin nuenean, Juanjo Lejarazu irakasle bernagoitiarrak Kresala bost bider irakurria zuela eta bostetan ikaragarri gozatu zuela kontatu zigun. (Ea aurrerantzean ere euskaldunak bere literaturaz gozatzen duen! Herri batek bere hizkuntzaz eta literaturaz gozatu eta gozamen hori transmititzen duelako). Euskara ikastaroan ere gozatu nuen nik, ze psikologia karrera hasteko matrikulatuta nengoela, matrikula aldatu eta Euskal Filologian matrikulatu nintzen. Ez naiz inoiz damutu egindako aukeraz, artean euskarazko libururik irakurri bakoa nintzela, euskaraz irakurtzen asko gozatu dudalako, egunkari hau irakurtzen ere bai. Esaterako, Iban Zalduaren Baserritarkeriaz argitaratu zen orrialdean bertan, behealdean Goiatz Labandibarren Haurtzaroa izenburuko artikulu eder-ederra eta guztiz hunkigarria irakurri nuen. Baina emakumezkoak, askoz hobeto ari direnean ere, beti geratzen dira gizonezkoak baino ikusezinago eta azpikoago. Gure kulturan ere gizonezkoek hartzen dute izen handia eta protagonismo guztia. Bada kontu batzuk irauli eta zuzentzeko ordua. Hilabete bi euririk egin barik eta bero guztiz ezohikoekin egon ostean, basoak kiskalita, errekak desagertuta, ura itsasontziz zein kamioiz garraiatu behar izan dela, kultura ez eze Lurra ere hondamendira daraman gizaki aseezin suntsitzaile eta autosuntsitzaileari buruzko hitzen bat pentsatzeko ordua ere bada, ezta? Ze baserritarrak noraez eta kontsumismo zoro honetatik guztiz urrun bizi izan dira, eta miraria da oraindik munduaren aurka ari diren honelako banaka batzuk geratzea.
Zelan ez, Iban Zalduak Gasteizko jaietan blusaz janztea ere baserritarkeriaren adibidetzat jartzen du, baina kaletarra baserritarrez janztea bada akatsa, kaletarkeria izendatu behar da (euskara zuzen erabiliz) eta inondik inora ere ez baserritarkeria, ez delako baserritarrak egindako akatsa, kaletarrak egindakoa baino. Kaletarren benetako ohiko akats eta ohitura txar historikoa, ostera, badakigu zein den. Bai, horixe berori: baserritarrei burla egitea. Kultura falta edo huts benetan penagarria. Eta euskal kultura mozorro jaira mugatzea, gure ezerezarako bidea.
Goi kultura baserritarkeriaren aurka mintzatu dela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu