Idazlea eta itzultzailea

Gogoak bizi gaitu

Iñaki Iñurrieta Labaien
2024ko urtarrilaren 19a
05:00
Entzun

Gu eta gu jardun dut aurreko artikuluetan, eta horrek Oteiza ekarri dit gogora, esan nuen azkenekoan.

Quousque tandem-en, gogo hitza gu-gu-rekin lotuta ote dagoen galdetzen du Oteizak, gu-gu-tik ote datorren. Esan liteke hark ere «gu gu gara» tautologian sakontzen imajinatu zuela Harri Aroko euskalduna, autokontzientziaren une horretan, eta hortik otu zitzaiola bere ekuazio filologiko artistikoa: gu-gu = gogo.

Bide horretatik iritsi zen Neolitoko euskalduna harrespila egitera eta bizitzarako soluzio estetikoa aurkitzera. «Cromlech-a dugu kontzientziaren baitako gu-a», dio Oteizak.

Filologoen ikuspegiz, asmazio hutsa, boutade-a, ergelkeria... litzateke gure profeta belarrimotzaren intuizioa. Asmazioa? Bai horixe! Asmazio galanta eta bikaina, bete-betean asmatzen baitu. Hutsik beteena da harena.

Spinozaren ideia batek laguntzen digu hori ulertzen, conatus delakoak, zeina behin baino gehiagotan agertu baitzaigu aurreko artikuluetan ere: izaki ororen asmo, zio, arrazoi nagusia bere izanean irautea da, izaten jarraitzea.

Izaki ororena, dio Spinozak, hots, baita gurea ere. Gu gu gara, eta gu izaten jarraitu nahi dugu, izan badiren beste izaki guztiek bezala.

Bestela esanda, gogo hori gara gu, gu izaten jarraitzeko gogoa. Gogo hori da gure gu-gu-a, gure gu-rik gureena.

Gogoak bizi gaitu, gure gu-an iraun nahiak. Quousque tandem, noiz arte? Gu gareino, gu garen artean-heinean.

«Nor gara gu, zer gara gu» galdezka abiatu ginen, eta erantzun hauxe aurkitu dugu: gu gu gara, gu-gu gara, gogo gara.

Oteiza, eta atzera ere Humboldt. Oteizari bueltaka hasita, aspaldiko kontuak etorri zaizkit gogora. Joan den mendeko laurogeiko hamarkadaren hasieran Donostia aldean ibili zebiltzan filologia ikasle batzuez oroitu naiz, zeinak itzultzaile lanetan ere aritzen baitziren etxearen alokairua ordaintzeko.

Haiek ere, maiz, itzulpen eta itzulpen artean, Oteiza izaten zuten hizpide; arrasto sakona zuen utzia haiengan Quousque Tandem-ek agintzen zigunak: jatorrizko ahal misteriotsu bat datzala euskaldunongan, Harri Aroan soluzio estetikoa aurkitu geniola arazo existentzialari, eta berriro egin dezakegula hori; euskal gogoak erro estetikoa duela, eta errora jotzen badugu berriro piztuko zaigula, berriro biziko gaituela gogo horrek...

Oteiza bezala, gogo hitzak okupatzen zituen filologokumeak ere; gogo euskal kontzeptu beste hizkuntzetan parerik ez duenak, haien irakasle batek zioenez. Gogoaren muinaren bila haiek ere, «Gogoak bizi gaitu ala nor bere zoroak?» galdezka, txirri eta mistel gozozko lurrunetan ameslari barrentzen zirelarik.

Oteizaren arrastoan zebiltzan, baina, aldeak alde, baita Humboldt-ek eskatzen zuenaren bila ere. Humboldt ere aipatua dut aurrekoetan: babes ditzagun irudimena eta sentimena, zioen hark, eta herri honek bere fruiturik jatorrena emango du. Oteizak, bestetik: bila dezagun geure baitan datzan ahal misteriotsu hori, bila dezagun euskal gogoaren erro estetikoa, eta berriro piztuko gaitu.

Biek dioskute gauza bera: babes ditzagun komunitate gisa ditugun ahalmen estetikoa eta afektiboa, jar ditzagun lanean, halaxe agertuko baitira gure humanitatea eta ahal sortzailea, zeinak inhibiturik baititugu geure larruan xakituriko historia politikoaren eraginez, geure gorputzetan inskribaturiko botere-egituren eraginez, portaera eta jokaeretan hezur-mamituriko instituzioen eraginez.

Arrastoan. Aspaldi galdu nuen gazte haien arrastoa. Zer bizimodu izan ote dute harrezkero.

Haien arrastoa galdu nuen, baina ez Enrikerena, hilero pisuaren errenta kobratzen zien administratzailearena. Handik urteetara, zahar etxe batean bizi zela jakin nuen, nola eta hango kontu batzuk, zurian beltz jarrita, nire eskuetara iritsi zirelako.

Paperok pasatu zizkidanari galdetuta, jakin nuen Enrikek administratzen zuen eraikineko etxebizitza guztiak erostera iritsia zela Compañia Vascongada de Seguros, Enrikek lan egiten zuen enpresa. Eraikina hotel bihurtzeko asmoz, nonbait, ordurako hasia baitzen Donostiaren turistifikazio eta gentrifikazio prozesua.

Etxebizitza guztiak zituen erosiak, bat izan ezik: Enrikerena berarena. Horri esker, etxea saltzearen truke, tratu ona egitea lortu omen zuen: erretiroa hartzeko ez ezik, Vascongada de Seguros-ek ordaindutako dirutzak bidea ireki zion Egoitzara aldatzeko, aparteko zahar etxe batera.

Paperak nire eskuetara iritsi zirenerako, urteak zeramatzan Enrikek han. Melankolian eta ahanzturan barneratuz ezari-ezarian, goialde haren eta beheko hiriaren artean maiz hedatzen zen laino lodiak Egoitza eta egoiliarrak gero eta gehiago bakartuko balitu bezala. Baina halako batean zerbait gertatu omen zen: filologokume haietako bat, Gabin, agertu zen Egoitzan.

Horretxek piztu zuen Enrike, horretxek jarri zuen galdezka: zertan ote ziren gazte haiek behiala zerabiltzaten kontuak, Oteizaren zer haiek guztiak eta abar? Paperek ez dute argitzen halakorik, hortxe amaitzen da kontakizuna, bat-batean. Hain bat-batean, non egingo bainuke izan dutela segidarik, badela paper gehiago. Non hasi bila, ordea? Norengana jo?

Baina ohartzen naiz nire hitzok beste taxu bat hartu dutela honezkero laugarren artikulu honetan. Ez dirudite aproposak Iritzia sailerako. Beste horrenbeste esan nezake filologokumeei eta Oteizari buruz ere: baldin eta, Enrike dela medio, kontu gehiago aurkituko banitu haietaz, beste nonbait egin behar nieke lekua. Non, ordea? BERRIAko beste sail batean? Blog batean?

Paper gehiagoren bila hasi baino lehen, hala ere, zer egin dagoeneko esku artean ditudanekin? Iruditzen zait argitara ematea dela onena; argitara ematea Enrikerenak, Egoitzakoak. Horientzat ere ez da hau lekurik aproposena. Beste formatu bat eskatzen dute; liburuarena, beharbada. Baldin eta argitaldariren bat interesatua balego, konponduko ginateke, nik uste.

Alea jacta est, hortxe bota dut alea. Norbaitek erantzun dezan, Xabier Leteren habaneran bezala.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.