Gobernagarritasunaren baldintzak

Eguzki Urtega
2016ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Mariano Rajoyk, Espainiako Kongresuaren inbestidura lortu ostean, 170 aldeko bozekin eta sozialisten abstentzioari esker, ostegunean gobernu berria osatuko duela iragarri du, ministroek Felipe VI.a erregeari zin egin diezaioten. Hortik aurrera, gobernagarritasuna izango da Rajoyren erronkarik nagusiena, are gehiago kontuan izanik Alderdi Popularraren, Ciudadanosen eta Coalición Canariaren babesa bakarrik daukala eta, gehiengo osoa lortzeko, sei boz eskas zaizkiola. Funtsean, lau faktorek baldintzatuko dute gobernagarritasuna.

Lehenik eta behin, Rajoyren beraren jarrerak berebiziko garrantzia izango du. Izan ere, azken bost urteetan legebiltzarrean zeukan gehiengo osoa erabili badu bere egitarau zein asmoak inposatzeko, oposizioaren laguntza bilatu gabe eta bere bakardadea eraginez, gobernu berriak apaltasuna, inteligentzia politikoa eta adostasunera iristeko gaitasuna erakutsi beharko ditu. Eta jarrera berri hori azkar agerian jarri beharko du ez badu nahi oposizioak fronte bateratu bat osa dezan. Inbestidura saioak mezu kontraesanezkoak agerian utzi ditu zeren, hasiera batean, Rajoyk adierazi badu bere gutxiengoaz jabetu dela eta elkarrizketa hitzeman badie gainontzeko alderdiei, aurrekontuak eta lege nagusiak aurrera ateratzeko, larunbateko saioak argi utzi du ez dagoela aurreko legegintzaldian eraikitakoa desegiteko prest, eta marra gorri batzuk jarri ditu. Indar-erakustaldi horrek agerian utzi du badakiela, hauteskunde berriak antolatuz gero, Alderdi Popularra indarturik aterako dela, eta hogei-bat eserleku irabaz ditzakeela.

Bigarrenik, oposizioko lehen alderdia, PSOE alegia, erabat ahulduta eta zatituta dago. Izan ere, Alderdi Sozialistaren zuzendaritzaren barnean desadostasunak daude Rajoyren inbestidura saioan abstenitzeko orduan, Batzorde Federalaren %59k bakarrik alde bozkatu baitu eta Kongresuko legebiltzar taldearen 68 diputatu soilik abstenitu baitira, 15ek ezetz bozkatu dutelarik. Eta zenbait abstenitu dira boz-diziplinarengatik eta zuzendaritzaren presio zein mehatxuengatik. Horri gehitzen badiogu Pedro Sanchezek bere diputatu-akta utzi duela eta publikoki iragarri duela hurrengo hilabeteetan militante sozialistengana joango dela bere ikusmoldeaz eta hautagaitzaz konbentzitzeko, ez dirudi hurrengo hilabeteak oso bareak izango direnik. Guztia ez da horretan amaitzen, gatazka honek agerian utzi baitu zer-nolako haustura dagoen PSOEren zuzendaritzaren eta oinarriko militanteen artean, azken horren gehiengo bat abstentzioaren aurkakoa baita. Kontua da oso zatitua dagoen heinean, liderrik ez daukan bitartean eta estrategia zein egitasmo argien faltan ezinezkoa izango zaiola zentsura-mozio bat aurkeztea. Hori dela eta, litekeena da, hurrengo hilabetean, Estatu-gaietan gobernuarekin bat egitea eta gai sozioekonomikoetan oso jarrera oldarkorra erakustea.

Hirugarrenik, Rajoyren gobernuaren iraunkortasuna oso lotua izango da Kataluniako prozesu independentistari. Izan ere, Moncloak eztabaidari bidea ixten dion mailan eta Generalitateak nahiz Kataluniako Legebiltzarrak deskonexio prozesuarekin aurrera egiten duen mailan, besteak beste, transitoritate juridikoaren eta Ogasun zein Segurantza Sozial propioen legeen onarpenekin eta 2017ko irailean galdeketa loteslea antolatzearekin, alderdi konstituzionalistek eta, batik bat, Alderdi Popularrak, Ciudadanos-ek eta PSOEk bat egingo dute. Horrek Rajoyren gobernuari indarra emango dio, zaila izango baitzaie gainontzeko alderdi konstituzionalistei Espainiako gobernua testuinguru horretan ahultzea eta, zer esanik ez, bere egonkortasuna kolokan jartzea. Izan ere, lege nagusiak ez onartzea eta, are gehiago, hauteskunde berriak probokatzea arriskutsua litzateke Espainiaren batasuna kolokan egon litekeen une horretan. Alderdi horien hautesleen zati batek ez luke ulertuko. Hori kontuan izanik, Rajoyren interesa izango litzateke Kataluniako erakundeekin mantentzen duen gatazka areagotzea, batez ere legediak eskaintzen dizkion tresnak erabiliz eta arazo katalana judizializatuz, betiere, politikoki kontrolpean mantentzen duen bitartean.

Laugarrenik eta azkenik, Europako Batasunaren presioa areagotuko da, defizita mugatze aldera, murrizketak edota zerga igoerak burutu ditzan. Izan ere, Espainiako gobernua jardunean zegoen bitartean, Europako Batzordea nahiko malgua izan da, ez baitio isunik jarri eta ez baitizkio Espainiak jaso beharreko egitura-funtsak izoztu. Baina, behin inbestidura lortuta eta gobernu berria osatuta, Europako Batasunak eskatuko dio 2017ko aurrekontuetan, gutxienez, 5.500 milioiren doikuntzak egin ditzan, defizita %4,6tik %3,1era igarotze aldera. Horrek Rajoyren gobernuari eskatuko dio murrizketa berriak egitea hezkuntzan, osasun arloan eta gizarte zerbitzuetan eta, une berean, zerga batzuk igotzea. Gainera, azken bost urteetako joerarekin jarraituz gero, Espainiako Estatuak defizit-aukerak beretzat gordeko ditu, eta Autonomia Erkidego, Aldundi zein Udalei eskatuko die indarraren zati handiena beren gain har dezaten. Hori dela eta, Rajoyk, gobernu-alderdien babesa eskatu eta, agian, lor dezake Estatu-interesen, Espainiaren izen onaren eta hartutako konpromisoen izenean.

Arrazoi horiengatik guztiengatik, gerta daiteke osatuko den gobernu berriaren ibilbidea hasiera batean uste zitekeena baino luzeagoa izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.