Go!azen, egin dezagun euskal telebista

2018ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
Ez dakit Go!azen produktua, telesail/antzerki/app, fenomenala ote den, dakidana da fenomeno bilakatu dela eta gazteak engantxatuta daudela. Udalekuan dauden gazteen gorabeherak kontatu eta kantatzen dizkigute; haien arteko sesio eta eztikeriak; bertako musika-taldeen abestiak...

Badirudi, ordea, gazteak euskarazko produktu bati «engantxatuta» egoteak ezinezkoa dirudiela. Badirudi engantxatuta egote hori batzuen iritziz ona dela, (kontsumo ikuspegitik, identifikazio ikuspegitik, denbora-pasa ikuspegitik, euskararen erabileraren ikuspegitik...); beste batzuen ustetan, aldiz, alienatzailea da (kontsumokeria dela medio, eredu okerren transmisioa sustatzen delako, beste jarduera osasuntsuago edo sortzaileagoetan aritzeko denbora kentzen duelako, estereotipatua delako...).

Ez gara, ordea, azterketa kontzeptualean sartuko oraingoan, askoz ere oinarrizkoagoa eta sinpleagoa den aldarrikapenean baino. Zergatik izan behar du salbuespena gure, guztion telebistan produktu engantxagarri batek? Zergatik gaude euskaldunak nazkatuta futbol-pilota partiduekin euskal telebistan (nahiz eta futbolzale amorratuak izan edota gure amets erotikoetan pilotari ezagun bat agertu behin eta berriz)? Zergatik gaude euskaldunak nazkatuta dantza-suelto txapelketekin, aurresku txapelketekin, rantxera emanaldi eta txistu alboradekin nahiz eta dantzari/musikari izan? Zergatik ardi-txakur lehiaketa, indiano, artzain, sega eta antzerako izan behar ditugu ordu txikitan edo jaiegunetako sofing-lagun? Zergatik ikusteko irrikitan gauden bertsolaritzaren gaineko programa eder baten osteko errepikapena? Zergatik informazio-gosez gaudenean, goizago den teleberria ikusi ostean beranduago gazteleraz errepikatuta entzun beharra?

Telebista normala nahi dugu! Ona, txarra, erdipurdikoa, baina guretzako egina, gugan pentsatutakoa, errepikapenekin osatzen ez dena, inbertsioa horretan egiten duena, eredu argi bat duena, irizpide argikoa, euskal komunitatearen zerbitzura dagoena. Hortik abiatuta, beti izango dugu zer hobetu, beti izango dugu zer aldatu, baina ez dugu merezi euskaldungoa lehentasun ez duen telebista bat.

Marka da gero euskaldunak euskal produktu tipikoez nazkatuta egotea euskal-telebistari esker: pilota, futbola, sega, euskal lurrak, euskaldunak munduan, antzarak, fandango eta arin-arina, trikitixa eta txistua, habanerak...

Marka da gero euskal telebista erdarazko katean nahi ez dituen edo tarte interesgarria kentzen dion produktuen biltegi bilakatzea.

Marka da gero audientzia izatea programa bat edo bestearen aldeko, hizkuntza bat edo bestearenaldeko apustua egiteko neurria eta giltza.

Engantxatuta egon nahi dugu Go!azenera, Ur-handitara, garai bateko Goenkale moduko telesailetara, euskaraz ekoizten diren film eta primizietara, euskaraz sortutako eta maisuki egokitu/interpretatutako marrazki bizidunetara, aulki-jokora,boladan dauden euskal taldeenkontzertuetara, youtuberretara, beste inon topatuko ezditugunetara.

Ez ditu ETBk sareak?Nahieran? Amarauna? Bil dezala hor duen guztia, eta programa dezala txukun, engantxatzeko moduan euskaldunen tele-astea. Eman diezaiola bide euskarazko sorkuntzari eta eros ditzala bestela egin ezin diren kalitatezko produktu puntakoak euskaldunoi euskaraz eskaintzeko. Hurrenkera horretan, jakina!

Ez du balio esateak gazteek ez dutela euskara erabiltzen eta ez dituztela euskal produktuak kontsumitzen; ez du balio esateak euskal populazioa txikia dela eta ez dela errenta, ez du balio...

Horrexegatik da, hain zuzen, publikoa euskal telebista, ez delako errenta, gutxi garelako, txikiak garelako, hizkuntza gutxituaren jabe garelako. Eta horrexegatik, munduan beste inon euskal telebistarik existitzen ez delako, behar dugu euskal telebista.

Bitartean, goza dezagun Go!azenekin, amorra gaitezen gure seme-alaben engantxearekin, nazka gaitezen haien abesti eta imitazioekin. Bago!az.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.