Eta beste urte batez, sindikatuek prefabrikatutako grebak antolatu dizkigute. Eta guk, indibidualki, erabakia hartuko dugu grebarekin bat egin ala ez, ikastetxean inongo asanbladaren beharrik gabe.
Niri irakatsi zidaten greba eredua jada ez dago modan, antza. Nire iruditerian, greba erabaki amankomuna da eta ezin du bestela izan (greba indibiduala oximoron bat litzateke). Eta, grebaren historian nahiko aditutzat hartzen dudan lankide min batek dioen moduan, greba prozesu luze baten ondorioa da. Prozesu horretan langileek batera definitzen dituzte beraien beharrak eta aldarrikapenak, bai eta erabakiak batera hartu ere. Berez, esango nuke irakasleria batzeko eta erabaki kolektiboak autonomoki hartzeko prozesua, bere horretan, aldarria izan daitekeela, greban gauzatu ala ez.
Are gehiago esango nuke, erabaki-prozesu hori guztia ikasleekin eta gurasoekin batera egin beharko litzateke, eta ikasleak gure aldarrikapenetan barneratu: batera goaz eta ikasleak ez dira ondo egongo gu ondo ez bagaude, eta, era berean, ikasleak ondo ez badaude, geu ere ez. Baina harridura handiz ikusten dut grebako aldarrikapenetan ikasleak ez direla inondik ageri… Torlojuekin ari gara lanean?
Baina dirudienez grebak aldatu dira eta elkarrekin erabakitzeko prozesurik ez du zertan egon, ez ba, prozesu hori guztia aurreztu egingo digute sindikatuek. Horrela, haiek pentsatutako eta erabakitako grebaren aldarrikapenez informatzera etorriko dira ikastetxera; aurrez prestatutako janariaren antzera, prestaketa lan guztia eginda dakarte, eta norberak —indibidualki eta nahi badu— erosi eta kontsumitu besterik ez du egin behar, eguneko 100 euroren truke (Eusko Jaurlaritzak aurreztuko dituenak). Hori bai, erosketarekin bat, beste lankide min batek dioen moduan, manifestazioa baino prozesioa dirudien espektakuluan parte hartzeko aukera izango dugu, ondorengoko poteotxoa barne! Azkar, merke eta eroso. Ready to eat, fast food.
Hori bai, argi eduki sindikatuak ondo subentzionatuta daudela azaleko aldarrikapenak egiteko eta, tentu handiz, ukitu behar ez diren aspektuak ez kuestionatzeko eta muinean dauden benetako arazoei ez heltzeko… Finean, protesta egiten ari garela eman dezan, baina protestarik egin gabe eta, noski, inor molestatu gabe (geure burua barne).
Aldarrikapenei begira zur eta lur gelditzen naiz. Benetan al dira irakasleok ditugun arazo larrienak erosahalmenaren gutxitzea eta lanaldi murrizketak edo baimenekin erlazionatuta daudenak? Ez dut esaten alde ekonomikoa garrantzitsua ez denik, baina badira hezkuntzak egun pairatzen dituen arazo askoz larriagoak, hezkuntzaren kualitatearekin eta kalitatearekin zerikusia dutenak.
Eusko Jaurlaritzak —beti bezala diruaren zerbitzura— ikastetxeen fusioak jarri ditu martxan, alegia makrozentroetan pilatu nahi ditu ikasleak merkeago delako, horrek dakarren masifikazio eta hezkuntza kalitatearen kaltetzearekin. Horren aurrean, irakasleon lanpostuak bermatzea beste aldarrikapenik eta kezkarik ez daukagu, benetan? Ratioen jaitsiera aldarrikapenen azalpenen artean hor nonbait ikusi badut ere, erdigunean beharko lukeen aldarrikapen puntuetako batek (Eusko Jaurlaritzak sekula onartu nahi izan ez duena eta hezkuntzaren arazo askoren muinean dagoena) oharkabean pasatzea lortzen du.
Bestalde, irakasleen osasuna —batez ere mentala eta emozionala— zaindu beharreko puntua dela ados, baina hori zaintzeko eskatzen duguna urteroko azterketa medikoak izatea, kasik sarkasmoa iruditzen zait. Ondorioak baino, ez lirateke gaixotzeko eragile diren baldintzak aztertu beharko? Eta non daude ikasleen osasunaren inguruko kezkak? Horiek ere ez al genituzke plazaratu behar, gure osasunarekin hertsiki lotuta?
Izan ere, errealitate bat da irakasleon zein ikasleon osasunak okerrera egin duela, beste arrazoien artean hezkuntzak humanitatea galdu duelako. Formakuntzaz eta burokraziaz gainezka gaude irakasleok: galdetegiak, protokoloak, formakuntza-kurtsoak, aktak, programazio egokitzapenak… Azkenean, horien guztien artean lurperatuta gelditu da gure lanaren funtsa zena eta niri behintzat bizipoza ematen didana: irakastea eta klaseko momentua. Baina orain klaseak ezin prestatu gabiltza eta ikasleei begietara begiratzeko astirik gabe, besteak beste beraien begiak ere pantaila batera zuzenduta daudelako.
Makro-enpresen onura besterik ez dakarren digitalizazio santuak hezkuntza jan egin du (gizartea osorik ere bai agian) eta haren kaltea egunero ikusten dugu: pantaila bat aurrean edukita ikasleek geroz eta arretarako gaitasun gutxiago dituzte, geroz eta gutxiago irakurtzen dute eta geroz eta okerrago idatzi. Gainera, konpetentzien pedagogiei esker, edukiak ere gero eta gutxiago barneratzen dituzte. Baina, aldi berean, eta paradoxikoki, ikasleak suspenditzeak ofentsiboa dirudi eta laster bekatua izatera helduko dela ematen du.
Berriro diot: hezkuntzan arazoak baditugu eta grebarako arrazoiak ere bai, batez ere, Eusko Jaurlaritzak hartzen dituen erabaki gehienen atzean pedagogikoak baino interes komertzial asko daudelako (digitalizazioa, metodologia berriak eta etengabeko eraldaketa, formakuntza antzuak…) eta poltsiko gutxi batzuk betetzeko ezartzen diren metodologia ardatzak besterik ez direlako, eta ez hezkuntzaren mesederako.
Nik ez dakit sindikatuetako liberatuek… baina irakasleok hori guztia egunero ikusten dugu, eta eskatzen dugun bakarra diru eta erosotasun material gehiago baldin bada, niri burura datorkidan galdera saihetsezina zera da: zer da, beste alde batera begiratzeko eskatzen ari garen ordainsaria?
Finean, glutamatozko greben plazebo izaera hau ikusita, ez nuke jakingo esaten disidentzia kontrolatuaz ari garen ala Mendebaldeko gizarte aberats, indibidualista eta koldartutakoen gaitzen sintomatologiaz, baina ni, egia esateko, lotsatu egiten naiz horrelako zerbaiti greba sikiera deitzeaz, fartsa hutsa eta kontzientzia baretzailea besterik ez baita. Dei nazazue eskirola, purista ala greben negazionista, honezkero niri bost.