Baliteke jakingarria gertatzea zer-nola iritsi garen honelako egoera batera, aurrerantzean garaien joana iraultzeko zenbait estrategia eraginkor begiztatu ahal izateko. Duela 20 urte, La Era de la información izeneko liburu bat argitaratu zuen Manuel Castellsek, eta hark han jada hipotesi gisa aurkeztuak zituen hainbat argudio praktikan baieztatu egin dira gaur egun.
Liburuan adierazi zuenez, globalizazioak denbora eta espazioa eraldatuko zituen, erabat desagerrarazteraino: denborak glaziar izateari utziko zion, eta atenporal bihurtuko zen, infinitesimal, baina orainaren premiazkotasun larriaz; espazioak lokaltasuna, lurraldetasuna, galduko zuen, eta informazio jario globalek hartuko zuten zentraltasuna. Iragan garaietako botere hura, aurpegi, kokaleku eta denbora jakin bati atxikita zegoena, lekutu egingo zen, atenporal bihurtuko, eta, batez ere, aurpegirik gabeko. Boterea, izan ere, konexio askotarikoen sare erraldoi bateko nodoetan egongo zen, eta ez estatu bakar batean, ez eta estatuan bertan bakarrik ere. Areago, estatuak gero eta botere txikiagoa izango zuela ere iragarri zuen.
Halako testuinguru batean, haren iritziz, botereak denbora, leku eta erreferentzialtasuna galdu izanak ziurgabetasuna ekarriko zuen, II. Mundu Gerraren ostean nabarmendu ziren instituzioak arriskuan jartzeraino; besteak beste, alderdi tradizionalak. Ohartarazi zuen, halaber, XIX. mendeko eta XX.aren lehen erdialdeko klaseen gizarte hura gizarte zatikatu baterantz egiten ari zela, baina bestelako giltzarri batzuk oinarritzat hartuta. Alde batetik, espazio bat, informazio sareetan mugitzen eta lekualdatzen trebatua zen pertsonena: hizkuntza gaitasunak zituztenena, mugikortasuna eta hauskortasuna baliatuz gizarteratzen zekitenena, prestakuntza zabala zeukatenena; azken batean, mundu aldakor batera egokitzeko baliabideak eta gaitasunak zerabiltzatenena. Espazio hori ez da homogeneoa, errentari dagokionez; espazio horren barruan, bada elite bat, ongi ordaindua, baina baita baldintza prekarioetan diharduten gero eta gazte gehiago ere, bi erpinak baino ez aipatzearren. Beste alde batetik, ordea, globalizazio horretan galtzaile izango zirenak daude, industria alorrekoak edo sektore tradizional klasikoetakoak, fordismoaren logikan prestatutakoena, lurraldetasunaren mendekoak, denboraren araberako bihurtuak, kili-kolo dabilen mundu batean eta garrantzia galtzen ari den espazio batean (fabrika, auzo, eta komunitateek sorturiko horretan).
Halako jokaleku batean, berebiziko krisi finantzario eta soziala ekarri du logika neoliberalak, hots, kontserbadoreek zein sozialdemokratek berdin babesturiko horrexek. Halako gertakarien eraginez, elite transnazionalen interes luze gabekoetara eta lurraldez kanpokoetara makurtu dira tai gabe legeztatze instituzioak. Ondorioen ezjakitun —besteak beste, deseginak izatea—, elite horiek ezin babestu izan dituzte ez langile tradizionalak —zapuztuak ikusi zituzten beren itxaropenak— eta ez langile modernoak —sasiesklabotasun eta/edo emigrazio behartu bilakatua zitzaien mugikortasuna—. Hasiera batean, erantzuna izan da ordena inpugnatzea maila globalean —mugimendu altermundialista, 2002ra arte— eta estatu mailan—Afrika iparraldetik Wall Streeterainoko protesta, 2011tik—; ikuspegia zen, betiere, berregituratzea urteetako politika neoliberalek desegituraturiko komunitateak. Hala ere, hau izan da erakunde tradizionalen erantzuna: bizkarra ematea kolektibo horiei, eta are makurrago belaunikaraztea austerizidio politiketara. Horren emaitza gisa, frustrazioa eragin dute, eta, aldi berean, ezin izan dute ziurgabetasuna arindu.
Horrek guztiak ekarri du populazio esfera horretakoen erantzuna, ikusten baitute globalizazioak ziurgabetasuna dakarkiela haren kodeak erabiltzen ez dakitelako. Duela zenbait urtetatik izan gara taupada leun batzuen lekuko, orain gerrako danbor hits diruditenak. Krisiaren osteko gertakariek, besterik gabe, are lasterrago atzera eginarazi die legeztatze instituzioei, eta berritu egin dituzte iraganeko zenbait nostalgia —emakumeen aurrerapenarekiko erreakzioa da horren adierazpide gorena— eta lurraldearekiko ziurgabetasun —gu-aren hesia da horren adierazpide gorena, zeinak ikusgarriago egiten baitu besteei tokia itxita—.
Giltzarria litzateke, bada, logika hori iraultzen ahalegintzea, statu quo-ari kontra egiten dioten identitateak sendotzeko asmoz, baina gure garaietara irekitzeko logika baliatuz: eraiki ditzatela zubiak, aldez alde, eta ez lubakiak. Espazio globala mukuru betea baitute finantza sareek, eta estatuarena, berriz, zahartasunaren eta berritasunaren (bandera beltza hartuta altxatu den horren) arteko borrokak, orduan espazio lokalean, hirian, eskualdean dago kolore anitzeko sareak berrantolatzeko giltzarria. Globalizazioan osatutako sektore zabal malguek behar dute izan abangoardia; sektore horiek, baina, konbentzitu egin behar dute oraindik ere konbentzitua ez dagoen jendea, eta maila lokalean egituratu, mundu berriak ikaratuak dituen beste sektore frustratu eta izutu batzuekin batean —fordismoko langileen usadio zaharrean—. Horri proiektu komunitario itxura ematen has daitezke biak ala biak, eta boteretsuek zehazteke dutena zehazten: gu nola babestu, nola lagundu, nola zaindu, nola nahasi. Horixe egin zuen, hain zuzen, auzo mugimenduak: botere lokalak egituratu, estatu botereari aurre egin ziezaioten hirietan. Orain, bada, globaltasuna arrakastatsu dabilen honetan eta estatuan —oraingoz— elite tradizionalak gailen diren honetan, kode komunitario eta transbertsalean berrantolatu behar dugu lokaltasuna. Eta, batez ere, oro politizatzea lortu, begien bistan gera dadin, ustezko alde horiek gorabehera, guzti-guztiok garela kaltetuak honelako sistema batean, zeina prest baitago ongizatea eta demokrazia bera ere desegiteko, abiaburu darabilen logika bidegabeari bere hartan eustearren.
(Erredakzioan itzulia)
Globaltasuna eta lokaltasuna
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu