Globalizazioa eta XXI. mendeko hiriak

2020ko abenduaren 11
00:00
Entzun
Globalizazio prozesuaren ondorioz, XXI. mendeko gizartea aldaketa ugari bizitzen ari da egunerokotasunen ohituretan. Prozesu honek ekarritako Aro Digital berriak gure ikusteko, pentsatzeko, sentitzeko eta jarduteko moduak eraldatu dituela onartu dugu, nortasun digitala sortuz, duela hamarkada batzuk arte gehienentzat ezezaguna zen ozeano batean nabigatzen duena. Azken urteetan, ozeano digital hori errealitatera iristeko (eta errealitatea sortzeko) paradigma berriak sortu dira eta gure egunerokotasuna eraldatu dute. Gogoan izan behar dugu sare digitalera sartu ahal izateko baldintza material batzuk finkatuta izan behar direla, gizaki guztiek bete ezin dituztenak. Izan ere, COVID-19aren kudeaketaren ondorioz, eten digitalaren terminoa are gehiago nabari dugu, eta, berriz ere, ahaztu ezin dugu zerbitzuetarako sarbidea erabat baldintzatuta dagoela erosahalemenagatik, baita globaltzat jotzen ditugun zerbitzuetara iristeko ere.

Hala ere, soziologoek urteak daramatzate Kevin Ashtonek esandako Internet of Things (Gauzen Interneta) aztertzen, non objektuek eta gizakiek modernitatean izan zuten esanahi eta erlazioa eraldatzen ari den, globalizazio digitalaren irispena errealitatea konposatzen zuten paradigma guztiak aldatzen ari delako, gure eguneroko ekintzak moldatzen dituen eragile sozial berri eta berritzaileak sortuz. Alde batetik, interneteko sarbideak ez dira jada objektu soilak: gizarte-eragile berriak dira, gure sareko nabigazioaren norabidean lagunduko dutenak eta beste objektu batzuetara eramaten gaituztenak (ezin dugu ahaztu sarbide hauek kontsumismo estrategiak dituztela kapitalismoaren baloreak bermatzeko). Horregatik, ozeano digitalera sartzeko tresnak ez dira soilik konputagailu tradizional batetik bideratzen; egungo merkatuetan hainbat sarbide aurki ditzakegu, etxeetako apainketetan pixkanaka agertzen direnak eta eguneroko lanetan lagundu dezaketenak. Ondorioz, garapen digitalari esker, ahotsaren, hau da, gizakiaren komunikazio tresna antzinako eta ohiturazkoenaren bidez komunika gaitezke interneteko sarearekin; hori bai, hizkuntza globalizatuen erabilera bermatzen eta bestelakoak, euskara barne, guztiz baztertzen. Eta, komunikazioaz ari garela, zer gertatzen ari da sozializazio espazioekin? Zer aldaketa jasaten ari dira hiriak gizartearen digitalizazioaren ondorioz?

Bilboko fondo gorridun B ospetsua edo Donostiako itsasontzia bezalako hirien markak edo logotipoak sortu zirenetik, hiri espazioak trantsizio-eredu baten menpe egon dira, non populatutako lurraldeakinbertsio korporatiboko gune bihurtzea planteatzen den —duela urte batzuetatik hona, Disneyfikazioaz hitz egiten da, nahiz eta Silicon Valley izan daitekeen hirigintza-fenomeno horren adierazgarririk handiena—, eta bertan kidetasun-sentimendu berri gisa agertzen diren itxurak lehenesten dira. Hirietako auzoak aisialdirako eta dibertsiorako paradisu bihurtu nahi dituzten gentrifikazio eta turistifikazio planak egiten dira, hiriak objektu bihurtuz eta, beharrezkoa izanez gero, bertan bizi diren familiak kanporatuz, aporofobiaren sindromea errepikatuz non pobreak oztopotzat hartzen diren. Gainera, gentrifikazioaren eta hiriak objektu bihurtzearen ondorioz hiriarekin komunikatzea errazagoa dugu, nabigatzaile batetik interesguneetara sartuz, funts putreak erositako etxebizitzekin interakzioan arituz (kontsumismoa beti funtsezko balore bezala izaten) eta edozein momentuan nahi dugun objekturi buruzko informazioa eskatzeko aukera izanez.

Gaur egun, hiriak interaktiboak dira, baina kontuan hartuz interakzio digital hauek bertako kulturen merkantilizaziorako tresnak ere izan daitezkeela, hizkuntza lokala desagerraraziz eta hiriak parke tematiko bihurtuz, gizakiaren eta espazioaren arteko erlazio berri bat ezarriz, globalizazio prozesuaren ondorioz espazioaren paradigma objektua bihurtuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.