«Globaliza dezagun borroka, globaliza dezagun itxaropena»

Arantzazu Santos
2013ko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
Ekainaren 6tik 13ra Via Campesinak bere IV. Biltzarra egin zuen Jakartan, Indonesian.Via Campesina nazioarteko mugimendu sozial bat da, egituratua, legitimoa, eta mundu osoko 200 milioi nekazaritik gora ordezkatzen dituena. Bost kontinenteetako nekazarien borrokak lotzen ditu, eta bere xede nagusia da elikadura subiranotasuna defendatzea, enpresa transnazionalen eta horiek babesten dituzten gobernuen mehatxuei aurre eginez.

Mundu osoan 900 milioi pertsona baino gehiagok jasaten dituzte gosea eta desnutrizioa, eta hori ez da elikagai eskasiaren ondorio, baizik eta agronegozioaren gaiztotasunaren ondorio; hau da, nekazaritzan eredu neoliberala aplikatzearen ondorio. Elikagaiak merkantzia espekulagarritzat hartzen dira, haziak patentatu daitezkeen ondasun bilakatzen dira, eta lurrak mugarik gabe metatzen dira. Nekazaritza negozio bilakatzearen ondorioz, herrialdeek galdu egin dute beren herritarrak elikatzeko ahalmena, eta horrek egoera paradoxikoak eragin ditu, besteak beste: Mexikok, artoaren lurra izanik ere, Estatu Batuetatik inportatu behar du zereal hori; Gipuzkoan, berriz, baserrien kultura galtzen doa, eta nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiategiak desagertzen ari dira, baina, aldi berean, lurra lantzera itzuli nahi duten gazteek ez dute laborantzarako lurrik lortzen.

Nekazaritza eta garapenkeria kapitalisten aurrean, Via Campesina mugimenduak alternatiba teoriko-praktiko bat proposatzen du, «elikadura subiranotasuna» izenaz ezagutzen dena. Elikadura subiranotasunak, kanibalismoa sustatu ez ezik, defendatzen du pertsona eta herri guztiek beren elikagaiak ekoizteko eskubidea dutela, eta nekazaritza, arrantza eta abeltzaintza politiken inguruan erabakitzeko eskubidea. Aldi berean, harreman sozial bidezkoagoak proposatzen ditu, zapalketarik gabeak, non emakumeak eta gizonak berdintasunean biziko diren, eta gutxiengo, klase sozial eta belaunaldi guztien eskubideak errespetatuko diren.

Gipuzkoako Foru Aldundian, Lankidetzarako 2013-2016 Plana onartu berri dugu; plan horretan, lehentasunezko ildoa da nazioarteko bi mugimendu sozial laguntzea: Emakumeen Mundu Martxa eta Via Campesina. Une honetan, Foru Aldundia da Via Campesina mugimendua finantzatzen duen erakunde nagusietako bat, eta seigarren biltzarrera gonbidatua izan da, erakunde aliatu gisa.

Lankidetzako zuzendari gisa, parte hartu ahal izan dut Via Campesinak datozen 4 urteetarako prestatu duen ekintza plana diseinatzeko eztabaidetan eta hausnarketetan. Mugimendua indartu eta elikadura subiranotasunaren bidez eraldaketa soziala lortzeko helburuarekin, hainbat gairi heldu zitzaien, hala nola klima aldaketaren kontrako borroka eta kapitalismo berde gisa ezagutzen dena, lur metaketa, emakumeen kontrako indarkeria, merkataritza libreko tratatuen eragina, MMAren, EBren eta nazioarteko beste instantzien erabakiak, enpresa transnazionalak, hazi transgenikoak eta horien pribatizazioa....

Jakartan hartu diren erabakietatik garrantzitsuenetako bat da hurrengo Biltzarra, zazpigarrena, Euskal Herrian egingo dela, 2017an. Lankidetza Zuzendaritzarentzat oso garrantzitsua da hori, Via Campesina bezalako eraldaketako subjektu estrategiko batekin lan egiteko aukera emango digulako, eta ez nazioartean bakarrik, baita tokiko mailan ere. Eta Gipuzkoatik elikadura subiranotasunaren alde lanean ari diren eragileekin artikulatu dezakegulako.

Baina VII. Biltzarra bereziki garrantzitsua izango da Euskal Herrian elikadura subiranotasunaren alde egiten duen mugimenduarentzat. Batetik, aitortza bat delako, urte luzez nekazaritza ekologikoaren alde eta baserritar kulturaren iraunkortasunaren alde egindako borrokaren aitortza, alegia; eta, bestetik, mugimendua indartzen eta egituratzen lagunduko duelako, eta espero delako horrek eragin positiboa izatea gure baserrien biziraupenean eta, azken buruan, agroekologian. Horri dagokionez, gogorarazi behar da eredu agroindustriala, nekazariak arriskuan jartzen dituena eta Europan Nekazaritza Politika Bateratuak babesten duena, nagusi dela Euskal Herrian ere.

2017an harrera egingo diegu mundu osoko nekazarien ordezkariei. Ordezkari horiek, Gipuzkoakoek bezalaxe, nekazaritza ekologikoa eta ezagutza tradizionalak defendatzen dituzte, zenbait enpresa eta gobernuren harrapakatze egarriari aurre eginez. Agroekologia gai da lurraldean bizi diren pertsonentzako elikagai osasuntsuak, askotarikoak eta nahikoak ekoizteko; baina horrez gain, agroekologiak biodibertsitatea babesten du, planeta hozten du, eta sistema kapitalista gainditzeko bidea irekitzen du, bizitzaren iraunkortasuna bermatzen duten elkarbizitza moduetarantz zuzenduz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.