Gizonezko bat abortuaren inguruan

2014ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Izenburuko gizona erosoago jardungo litzateke abortuaz emakumea balitz, baina bere deserosotasunari, amorru bizia medio, luma hartu eta ekarpena egiteko premia gailendu zaio azken hiru asteetan. Agian, gizon horrek ere bere bikote harremanen batean abortua gai mingarria izan baitu inoiz. Edo, agian, gizon horrek behin baino gehiagotan pentsatu du hobe zatekeela bere amak abortatu izan balu.

Demagun, esaterako, bere gurasoak, dena delako arrazoi pertsonal edo sozioekonomikoak direla medio, une hartan ez zirela haur bat behar bezala zaintzeko gai, eta gorriak ikusi zituztela bera haien bizitzetan agertzean. Hori hala izan ala ez, gizon horrek garbi dauka bere amak abortatzeko eskubidea eduki izana nahi zukeela. Izan ere, gizon horrek bizitzan bidaide dituen emakumeak libre eta haien buruen jabe nahi ditu, hots, ahalik eta altuen hegan egingo duten arranoak, eta ez hegoak galdutako txori kaiolatuak. Gizon horrek larrua eta eskulanak ere maite dituenez, erraz bereizten ditu plazera eta ugalketa. Gainera, urte luzeko eskulan-zaletasunari esker, ondo ikasi du bere isurian ez dagoela kontzientzia edo sentimendurik duen pertsonarik batere. Era berean, garbi dauka komunera bota izan dituen hamaika zapaburu horietako bat obulu batekin elkartuta ere, zigotoan ez legokeela ameba batean baino bizi handiagorik, eta goragalea ematen dio haur eta nagusien gosea, tortura eta hilketak eguneroko ogia dituen mundu basati honetan batzuk hain obsesionatuta egotea ez kontzientziarik, ez mina sentitzeko gaitasunik ez duten fetuen eskubideekin.

Gizon horren aburuz, abortuaren lege proiektu berriaren bultzatzaileak bizitza eskubidearekin eta pertsonon duintasunarekin bene-benetan arduratuta balebiltza, klase herritarroi sufrimendua eragiten diguten euren politika sozial eta ekonomiko neoliberalak ezeztatuko lituzkete. Inkisidore horiek hipokrita hutsak ez balira, esklabo berriak ekoizteko eta zaintzeko tresna gisa ikusten dituzten emakumeak kontrolatzen tematu ordez, jada mundu honetan bizi garenon osasun, hezkuntza, etxebizitza eta lan eskubideen aurkako oldarraldia gelditu eta euren enpresen jarduera esplotatzaileak bertan behera utziko lituzkete.

Abortuaren lege proiektuan, ordea, hezur-haragizko milaka lagunengan oinazea eta atsekabea eragin ditzakeen hamaikagarren eraso neoliberala ikusten du izenburuko gizonak: askatasunaren murrizketa hori indarrean sartuz gero, egungo larrialdi ekonomikoaren ondorioak jada era gordinenean jasaten dituzten emakume gazteen artean izango luke eraginik handiena. Ez litzateke harritzekoa, esaterako, jendartearen sektore horretan depresioa, antsietatea eta halako gaitzak are gehiago hedatzea.

Emakumeen autodeterminazioa ukatuz, kapitalismo patriarkala bere burua betikotzeko zapalduon kateak indartzen eta tenkatzen saiatzen ari da beste behin ere. Oraingoan, ageriko jomuga emakumeak badira ere, gizon horrek argi dauka lege proiektua bere aurkako erasoa ere badela, eta, kontsumokeriak, telebistak eta futbolak jada zeharo anestesiatu eta lerdotu ez bagaituzte, bidegabekeria horrek amorruz beteriko erantzun transbertsal eta intsumiso ozen-ozena aurkitu beharko lukeela bizitza onaren eta jendarte libreago baten alde gauden guztiongan, emakume zein gizon izan. Haren ustez, greba orokorra bera sobera justifikatuta legoke PPren azken aberrazio autoritarioak aurrera egingo balu. Irati Jimenezek lehengoan Euskadi Irratian hartutako konpromiso pertsonalaren ildotik, gerta ala gerta doako abortu librea bermatuko luketen herritarren balizko desobedientzia kanpaina ere zentzuzkoa ikusten du gizon horrek.

Iradokizun horiei burugabeak edo gehiegizkoak iritziko diete batzuek; erasoa hain da bistakoa, bidegabea eta mingarria, ordea, ezen aurkako muturrean baten batek XXI. mendeko inkisidoreen kontrako ekintza zuzen bortitza ere irudika bailezake. Eta inoiz inon halako sabotajerik edo agresiorik gertatuko balitz, botere patriarkalak ez luke histeriaz edo proportziorik ezaz hitz egiteko eskubiderik izango, norbaitek errugabeko pertsonei eraso ankerra egiten dienean, haien erantzuna epaitzeko zilegitasuna galdu egiten baitu. Hala uste du, bederen, izenburuko gizonak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.