Doktoretza aurreko ikertzailea EHUn

Gizarte Zientzietako ikertzaileak: nahitaezkoak han edo hemen

Patricia Barron San Blas
2024ko uztailaren 18a
05:00
Entzun

Aurrerapen teknologikoak eta aurkikuntza zientifikoak nagusi diren mundu honetan, sarritan, gutxietsi egiten da gizarte-zientzietako ikertzaileen garrantzizko zeregina. Natur zientzietako eta matematikako lankideekin konparatzen dituzte maiz, eta bide batez, mespretxatu egiten dute gizartean eragiteko duten gaitasuna. Hala ere, giza ikertzaile hauen lana funtsezkoa dela erreibindikatzen da lerro hauen bidez; laborategiko formula eta esperimentuen bidez ezin baitira konpondu unibertsoan diren arazo guztiak.

Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) kazetaritza sailean ezarritako Bitartez ikerketa-taldeko kide naizen aldetik, lehen eskutik ikusi dut gizarte-zientziek duten eragina mundua ulertzeko eta politika publiko eraginkorrak sortzeko orduan. Gizarte-zientziek ikuspegi askotatik aztertzen baitituzte giza portaerak eta egiturak, errealitatearen ikuspegi osoagoa eta zehatzagoa ahalbidetuz. Izan ere, horretan datza zientzia honen balio nagusia: ikuspegi pluridiziplinarioan.

Gizarte Zientzien Balioa

Gizarte-zientzietan, besteak beste, soziologia, antropologia, ekonomia, politika-zientziak, kazetaritza, hizkuntzalaritza, publizitatea eta psikologia sartzen dira. Diziplina horietako bakoitzak tresna eta ikuspegi paregabeak eskaintzen ditu gaur egungo fenomeno sozialak aztertzeko eta ulertzeko. Adibidez, soziologiak ulertzen laguntzen digu gizarte-egiturek eta erakundeek giza portaeran nola eragiten duten; eta, antropologiak, bere aldetik, aniztasun kulturalak eta horiek elkarrekintza sozialean duten eragina ikertzeko aukera ematen digu. Boterea eta gobernantza analizatzen dituzte politika-zientziek, eta prozesu mentalei eta emozionalei buruzko ikuspegiak eskaintzen dizkigu psikologiak.

Diziplina horiek guztiek ezagutza teorikoa sortzeaz gain, behar-beharrezko aplikazio praktikoak dituzte ere. Hala nola politika publiko eraginkorrak, neurri handi batean, ikerketa sozialaren mende daude. Hots, bizi-kalitateari zuzenean eragiten dioten erabakietarako informazioa ematen dute gizarte-zientziek: justizia sozialetik hasiz eta hezkuntzaraino, esaterako. Horretan datza giza zientzia hauen eginkizuna, sail desberdinetako miaketa arloak konbinatzean gizartearen aurrerapenerako.

Diziplinartekotasuna Balio Erantsi gisa

Hala, gizarte-zientzien indargune handienetako bat diziplina anitzen artean lan egiteko gaitasuna da. Bitartez ikerketa taldean, adibidez, hainbat sailetako adituekin lankidetzan aritzen gara, ikerketei hainbat angelutatik heltzeko. Elkarlan horrek ikerketa-proiektuak aberasteaz gain, emaitza integralagoak eta eraginkorragoak ere lortzen laguntzen digu. Baina, arlo horietako ikerketak ez dira akademiara mugatzen, benetako eragina dute eguneroko bizitzan; horren eredu dira komunikabideei buruzko ikerketak. Izan ere, horiek iritzi publikoan eta demokrazian duten eragina neurgaitza da eskuarki.

Pertzepzioaren erronka

Lorpen horiek gorabehera, gizarte-zientzietako ikertzaileek askotan aurre egin behar izaten diogu gure lankideek natur zientzietan eta matematikan baino «zientzialari» gutxiagotzat hartzeko erronkari. Pertzepzio hori zientzia osatzen duenari buruzko funtsezko gaizki-ulertuan oinarritzen da. Zientzia, oinarrian, mundua esploratzeko eta ulertzeko metodologia bat da, eta fenomeno hori bera aztertzeko orduan, metodologia sozialak beste guztiak bezain baliagarriak dira.

Gauzak horrela, ezbairik gabe, gizarte-zientzietako ikertzaileek berebiziko garrantzia dugu mundu bidezkoago bat sortzeko. Alegia, ezagutza zabaltzeaz gain, gure ekarpenak balio handikoak dira gizadiaren aurrerabiderako. Horregatik, Bitartez ikerketa-taldeko kide naizen aldetik, harro esan dezaket EHUko kazetaritza sailean egiten dugun lana gizarte-zientzien boterearen eta garrantziaren lekukotza dela. Alta, ikertzaileen lana behar bezala aintzatesteko garaia dela uste dut; behar-beharrezkoak baikara, bai akademian bai gizartean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.