Gizarte hezitzailea

Gizarte langileak, etxebizitza negozioaren aurka

Jon Zumalabe Irastorza
2025eko apirilaren 3a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Adierazpen hau sinatzen dugu etxebizitza bat lortzeko ezintasunaren ondorioak gehien pairatzen dituztenekin lan egiten dugun esku-hartze sozialeko langileok: gizarte- eta kale-hezitzaileak, gizarte integratzaileak, gizarte langileak, eta abar. Egunero, etxebizitzaren negozioak langile-klaseko kolektibo zaurgarrienetan dituen ondorioen lekuko gara. Egungo krisi-testuinguruan modu dramatikoan handitzen ari da Gizarte Zerbitzuen zein, oro har, hirugarren sektore sozialeko baliabideetara jo behar duten pertsonen kopurua. Etxebizitzaren prezioaren igoerak, gero eta gehiago pobretzen du langile-klasea, errentista eta enpresarien etekinak handitzen dituen bitartean. 

Esku-hartze sozialeko langileok pobretze horri aurre egiteko instituzio publikoek duten egiturazko baliabide faltaren lekuko gara: larrialdietarako etxebizitzen eskasia, adingabeen zentroen itxiera, gizarte-bazterketaren aurkako laguntzen murrizketa, DSBE diru sarrerak bermatzeko errenta bezalako gizarte-prestazioen murrizketak... Bazterketa egoeran dauden pertsonen kopuruak gora egiten duen bitartean, egoera horiei erantzuteko baliabide publikoak murriztu egin dira. 

Baliabide falta horrek gure lanari ere eragiten dio: alde batetik, gure lan-baldintzak okertzen ditu, gehiegizko lan-karga sortuz eta eskaintzen dugun zerbitzua okertuz. Baina bestalde, gure lanaren izaera ere eraldatzen ari da, egiturazko baliabide faltari laguntza sozialak jasotzen dituztenen kriminalizazio kultural eta instituzionalarekin erantzun baitzaio. Gizartean zentzu komun bat ezartzen ari da, zeinaren arabera Estatuaren laguntza merezi dutenak eta merezi ez dutenak bereiztea litzatekeen Gizarte Zerbitzuen eginkizuna. Horrela, gure lanari bere akonpainamendu izaera murriztu, eta gero eta konpetentzia kontrolatzaile eta diziplinatzaile gehiago esleitzen zaizkio. 

Esku-hartze sozialeko langile garen aldetik, ez dugu kriminalizazio estrategia horretan parte hartu nahi. Estrategia horren eginkizun bakarra pobretzearen benetako arrazoiak eta baliabide falta etengabea ezkutatzea baita. Ulermen marko horrek jarrera erreakzionarioak elikatu baino ez du egiten, gizartean arrazismoa eta klasismoa hedatuz. 

Milaka pertsonak pairatzen dituzten arazo asko (etxegabetzeak, emantzipatzeko ezintasuna, tratu txar egoeretatik atera ezin izatea etxebizitzarik ez dutelako...) higiezinen negozioaren ondorio zuzena dira, eta inola ere ez kaltetutako pertsonen erantzukizun pertsonala. Pobrezia eta gizarte-bazterketa gero eta kopuru handiagoetan sortzen dituen etxebizitzaren negozioa amaitzea ezinbestekoa da, arazo horiei benetan aurre egiteko. Gainera, murrizketen eta kriminalizazioaren aurrean, kalitatezko bizi-baldintzetarako sarbide unibertsala ahalbidetuko duen gizarte eredu berri baten alde egiten dugu. 

Horregatik guztiagatik, apirilaren 5ean Donostian etxebizitzaren negozioaren aurka eta etxebizitza izateko eskubide unibertsalaren alde antolatu den manifestaziora joateko deia egiten dugu. Gizarte arloko langile guztiak 12:00etan Bulebarretik aterako den manifestazio honetan parte hartzera gonbidatzen ditugu.

Oharra: Artikulu hau esku-hartze sozialeko 200 langilek izenpetu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.