Gizarte Ekintza eta Onkologikoa

2013ko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Banaezinak dira biak. Eta horrela jarraituko dute aurrerantzean ere. Kutxaren Gizarte Ekintzak Onkologia Institutua, gaur egun Onkologikoa, izan du bere erreferenterik onena. Lehen Aldakonean eta orain Donostiako ospitale-gunean, Onkologikoa, Donostiako hiriaren Urrezko domina, historian ongien baloratutako gizarte-ekintza da.

Tribuna honetan agertzen naiz hain preziatua den Zentro honen benetako egoera zein den ulertzeko lagungarri izan daitezkeen hausnarketa batzuk egiteko, ulergaitza bada ere, nahigabeko eztabaida baten erdian aurkitu baita egun hauetan. Eta agertzen naiz Kutxaren Gizarte Ekintzaren batzordeak bere azken bilera, hain zuzen ere, Onkologikoan egin eta bertan zehazki eta argi eta garbi azaldu ondoren bai egungo egoera eta bai gerorako aukerak.

Azken hilabete hauetan, Onkologikoarentzat orientabide estrategiko berria zehaztu eta abian jartzeko, hainbat proposamen baloratu dugu eta erabakiak hartu ditugu. Horrela, zentroak minbiziaren prebentzio eta tratamenduan bere ezaugarri duen bikaintasuna indartu nahi izan dugu, eta hori pixkanaka zertuko den ikerketa-programa batez osatuko da. Orientabide hori duela bi urte egindako Onkologikoaren Plan Estrategikoan ere agertzen zen.

Kutxak, Kutxaren Gizarte Ekintzak, Onkologikoa Fundazioaren Patronatuan dituen ordezkarien bidez, behin eta berriro adierazi eta berretsi du Onkologikoa dela eta izango dela bere lehentasunik garrantzitsuena Gizarte Ekintzaren diru kopuruari dagokionez, eta hori urteko aurrekontuen aldaketak gorabehera. Eta Gizarte Ekintzaren arduradun bakar batek ere ez du inoiz zalantzan jarri Zentroaren defizitaren estaldura.

Aipaturiko Plan Estrategikoan dauden gainerako helburuak betetzeko, ikerketa programaz gain, beharrezkoa da aldaketa batzuk egitea Zentroak irmo aurrera egin dezan, eta eraginkortasun handiagoz eta hobeto ustia ditzan giza baliabideak eta baliabide teknikoak. Horretarako, jarduera-plan bat ari gara prestatzen, Onkologikoaren baliabideak hobetu eta optimizatzeko.

Halaber, Osakidetzarekiko nahitaezkoa den koordinazioa berretsi dugu Patronatuan, eta duela aste batzuk Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuari, Darpon jaunari, azaldu genion premia hori. Osakidetzan ongi ezagutzen gaituzte eta badute gure eraginkortasunaren berri, nahiz eta honelako harremanetan beti egoten diren hobetu daitezkeen alderdiak. Lanean jarraituko dugu horretarako. Komenigarria izan daiteke gogoraraztea Osasun sailburua gure Patronatuko kide dela, eta Patronatu horretan parte hartzen duela Medikuen Elkargoko ordezkariak, baita Zentroko langileen ordezkariak ere. Horiek guztiek ezagutzen eta partekatzen dituzte lortu nahi ditugun helburuak.

Bada azaldu nahi dudan beste alderdi bat: Zentroaren pribatizazio hipotetikoari dagokiona; kontzeptu hau erabiltzen ari diren bezala, lekuz kanpo dago zeharo, eta nire ustez, arrazoirik gabe kezka edo egonezina sorrarazteko helburuarekin ari dira erabiltzen. Egia da Onkologikoa ospitale pribatua izan dela eta dela, Kutxaren Gizarte Ekintzarena, irabazi asmorik gabeko Fundazio batek kudeatua, eta horregatik, hain zuzen, interes publikoko jarduerak bakarrik egin ditzakeela. Ospitale pribatu honek beti izan du eta izango du euskal osasun-sistemarekin hitzarmena, horrek iraunkortasuna ematen baitio; eta guk horren alde egiten dugu argi eta garbi.

Hitzarmen edo itunen adibide bat, gure Autonomia Erkidegoan garrantzi handikoa, irakaskuntzako hitzarmena da, Ikastolen bidez egina. Eusko Jaurlaritza pribatua den irakaskuntza-sistema egiaztatu eta eraginkor batez baliatzen da zerbitzu publiko bat emateko, zerbitzu hori hitzartu eta finantzatuz.

Osasun publikoko hitzarmena —eta hori gabe zaila da Onkologikoak etorkizunik izatea— zentro pribatuekin bakarrik egiten da; hori garbi dago. Baina Onkologikoa itunpeko zentro huts baino zerbait gehiago ere izan daiteke, eta horren alde egin behar du. Balioa erantsi behar du osasun publikoari interesa dakiokeen zerbait ezberdina eskainiz, eta horrela hitzarmen iraunkorra izan behar du bi aldeentzat. Ezberdintasun hori orain arte teknologia-berrikuntzaren gaitasunean oinarritu izan da —Kutxaren etekinei esker?—, baita Zentroko langile guztiek ematen duten kalitate handiko arretan ere.

Etorkizunera begira, Onkologikoak erreferente izan nahi du bikaintasun onkologikoan ere, ez bakarrik Gipuzkoako gaixo eta herrikideentzat, EAEko guztientzat baizik. Horretarako, ikerkuntza bultzatuko du gure Lurraldeko beste ikerketa-zentro batzuekin (Inbiomed, BioDonostia eta abarrekin) elkarlanean, zentro horiek ere Gizarte Ekintzak lagunduta daudelarik. Eta, gainera, nazioartean erreferente diren onkologo eta ikertzaileen laguntza izango dugu, gure profesionalekin lan egingo baitute aipaturiko helburu hori lortzeko. Zientzia-komunitatearentzat erreferente izan nahi dugu.

Gure Gizarte Ekintzaren proiektuak iraunkor bihurtuko dituzten eduki eta ezaugarri bereizgarriak garatzea, horixe da egin nahi dugun ekarpen nagusia, gaur egun ulertzen dugun bezala. Eta Onkologikoan egin dezakegu, eta egin egingo dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.