Liburu-iruzkingilea

Gizakiok izaki zinez misteriotsuak gara

2024ko martxoaren 19a
05:00
Entzun

Yuval Noah Hararik giza historia aztertu du Sapiens / Gizadiaren historia labur bat liburu mardulean, baita hainbat galdera pausatu ere: hala nola, zer harreman dute historiak eta biologiak? Zein alde dago Homo sapiens eta beste animalien artean? Historiak badu noranzkorik? Ba al dago justiziarik historian? Jendea zoriontsuagoa da historia igaro ahala? Hona, bere premisa bat: kontentatzeko ezintasuna sano errotuta dago gizaterian eta gure eboluzioari lotuta dago.

Gizakion iraultza kognitiboa duela 70.000 urte inguru hasi zen. 12.000 urte dira laborantzaren iraultza abiatu zela. Iraultza zientifikoa, berriz, duela 500 urte baino ez zen hasi. Alta, bost mendetan gizakiok esperimentatu dugun eboluzioak aurreikuspen guztiak gainditu ditu. XXI. mendeko bizitza kontrolaezina da. Homo sapiens —giza predatzaile hur— desagertu zen. Gu ere desagertuko al gara? Bide horretan goaz, antza. Bigarren premisa: Sapiens delakoak, batez ere, bere hizkuntza bereziari esker konkistatu zuen mundua.

Esamesen teoria.Sapiens-aren hizkuntza-kodeari «esamesaka» aritzea deritzogu. Egungo giza komunikazio gehienak: telefono-deiak, emailak, whatsappak, txioak, egunkarietako zutabeak... esamesak dira. Baita artikulu hau ere. Sapiens-aren hizkuntzaren ezaugarri bereziena bere jite fikziozkoa izan zen, baita gurea ere. Izan ere, fikzioak distraitzen gaitu, eta engainatu ere bai. Haatik, fikzioak ahalbidetu digu gauzak imajinatzea, baita hori modu kolektiboan egitea ere.

Fikzioaren ondorioa gara. Giza espeziea jendartean antolatu izanaren «gakoa» edo «esplikazioa» fikzioa da. Edo baliabide nagusietakoa hain ziur. Hots, mitoek berebiziko eragina izan dute giza komunitateetan. Mitoa eta fikzioa hitz «kidekoak» dira nolabait. Antzina horrela zen eta egungo erakunde modernoek oinarri bera dute. Egungo legelariek erkidego primitiboetako ipuinlariek baino askoz «ipuin bitxiagoak» kontatzen dizkigute. Eta politikariek, zer esanik ez. Gure imajinario kolektiboa da egungo jendarte zabalen oinarri sendoena. Beraz, «gakoa» gure sinesmenean datza.

1789ko Frantziako Iraultza dugu mendebaldeko mito moderno nagusia. Haren aurretik, eskubideen mitoak erregeen jainkoengandik  jasotzen genituen, ondoren, populuaren subiranotasunaren mitoan sinestera igaro ginen. Historiako aldaketa handi horiei iraultza kognitiboak deritzegu. Aldaketa edota arrakasta sinonimoak dira kasuon. Arrakasta tribuko espirituei buruzko istorioak kontatzean zetzan. Egun, berriz, arrakasta fikziozko merkataritza-sare globalaren entitateetan dugun konfiantzan oinarritzen da. Erlijioaren fedea laikoon konfiantza da egun. Konfiantza hitzaren erroan fedea dago. Fedea eta konfiantza giza eboluzioaren hari-lotzaile gisa ulertu behar dugu.

Gizadiaren historiaren irakurketa anitz dago. Eboluzioari buruzko ikuspegi batek iraultzaren alde arrakastatsua seinalatzen digu fermuki, giza ugaltzea eta bere irautea hobesten ditu. Jaidura horren aldekoek eboluzio-molde hori «onuragarritzat» jotzen dute. Ordea, ez dituzte norbanakoen sufrimendua edota zoriona era berean baloratzen. Honatx Harari-ren burutapena: gizaki guztiak berdinak direneko ideia mito bat da. Eboluzioa desberdintasunean oinarritzen da, ez berdintasunean.

Hierarkia soziopolitiko gehienek ez dute oinarri logikorik. Euren azpian mitoak daude. Mitoen ezaugarri bat euren iraunkortasuna da. Mitoak gure artean bizi dira, gure baitan. Irudimenaren fantasiak egitura sozial doilorrak sorrarazi ditu, baita botere harremanetan berealdiko eragina ukan ere. XXI. mendeko ia pertsona guztiok inperioen produktu gara. Halakoxea ere gure gogamena. 

Burokrazia nagusitu da pertsonon arteko harreman librearen kaltetan, baita erabateko pentsamenduaren kaltetan ere. Konstatazio sendo bat: idazketa da gizakion pentsamoldea eta mundu-ikuskera aldarazi zituena. Idazketan zenbakien hizkuntza gailendu da, ordea. Horra paradoxa: idazketa giza kontzientziaren zerbitzurako jaio zen eta gure kontzientziaren kontrolatzaile nagusia bihurtu da.

Lege eta arau batzuek pertsona batzuk esklabo bihurtu zituzten iraganean, beste batzuk jaun eta jabe. Jendartea eratzeko jokabide horiek gainditu direla uste dugun arren, ez da arras horrela. Gaur ere, familia pobre batean jaiotako pertsona bat —areago kontinente txiroetan— nekez iritsiko da pobreziatik ateratzera. Oso bakan izaten da hori. Uste ustel horiek guztiak gure ohitura sozialetan sano txertatuta daude.

«Zure onerako ari gara». Horra inperioen lema. Ederto txertatua gure gogamenean. Konkisten izaera erromantikoa sutsu itsatsirik daramagu. Konkistatzailea ez zen gaizki ikusia izan beste orduz, konkistatuaren dohainak iradoki izan dizkio maiteminduari. Konkistatzea hitz seduzitzaileari maitasun-kutsua dario. Gure kulturaren eta izaeraren «estigma» da. Egungo mundializazioa ez da kontu berria, antigoaleko konkista-moldearen eboluzioaren ondorioa da. Askorentzat «ondarea».

Fedeak mendiak mugitzen dituela ikasarazi ziguten. Erlijioek konkistatu zuten pertsona, baita arautu ere. Areago, haren balore eta balioen ordena zerrendatu zuten. Jakina, erlijioek ez dute egun gizakia ordenatzeko behiala zuten eraginik, baina erlijio-olde berriak sortu dira: zientzia erlijio moduko bat bihurtu dugu. Gure desirei aitzi egin ahal dien bakarra gogamena dateke. Non geratu da «jainkoak ez ditzake gure pentsamendua eta adimena bere menpe hartu» delakoa? Ba ote?   

Inperioa eta merkataritza, zientzia eta erlijioa. Zeinek bere taxu, denak unibertsalak. Egungo merkataritza-globala aspalditik heldu da. Egun Internetek bihurtu gaitu unibertsal. Historiaren bidegurutze batean gaude, beste bat. Merkatua kaos bat da, politika ere bai, erlijioak kaotikoak dira... Gure ezaguera mugatuak ulertzen ez dituen kausek determinatuta gaude. Historia determinatuta heldu da, historiak determinatuta gaude. Milurteko berrian zabaldu den inperioa —globalizazioa— aurreko inperioen ildoan heldu zaigu. Gure bilakaerak ez du gelditzerik. Historiaren noria itzulikatzea eragiten duten arrazoiak misteriotsuak dira. Gizakiok izaki zinez misteriotsuak gara.  

Artikuluaren bertsio luzea ondoko helbide honetan dago: https://blogak.eus/begizolia/sapiens-gizadiaren-historia-labur-bat

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.