Erretiratua

Gizakia eta Matrioxka

2024ko maiatzaren 8a
05:00
Entzun

Matrioxka, Errusiako egurrezko panpina bat da. Borobila, behetik zabalagoa eta bururantz estuagoa. Kanpotik begiratuta, gehienetan margotutakoak, emakume baserritar baten itxura dauka. Baina panpina hau berezia da, eskuetan hartu eta gorputzaren erdialdetik ireki daiteke bi piezetan eta bere barnean beste panpina bat agertuko zaigu berdin-berdin margotutakoa. Eta bigarren hau ere ireki daiteke lehena bezala eta bere barnean beste panpina bat agertuko zaigu, itxura berdinekoa. Horrela sei, zazpi edo hamabi panpinatxo bata bestearen barnean gordeta aurki ditzakegu.

Matrioxka bat hartu eta banaka-banaka irekitzen joango gara azkeneko panpinatxoraino iritsi arte. Barru-barruko azken hau osokoa da eta hemen amaitzen da jolasa. Jolasa hemen amaitzen da, baina adierazi behar duguna Matrioxka erabiliaz, hemen hasten da. Txikienetik hasiko gara, banaka, bata bestearen barruan kokatuaz berriro ere denak ezkutatu arte.

Txikienari, barru-barrukoari, Arkaikoa deituko diogu —ez dut nik asmatu, horrela deitzen diote adituek gizakiaren lehen aldi honi—. Gizakiek, batez ere aurre-gizakiek, milioika urte egin zituzten beste bizidunekin batera, naturarekin bat eginda eta berarekin borrokan. Ez zen bere buruaren jakitun eta beste bizidunekin eta naturarekin bat eginda bizi zen. Bere senak, instintuak, agintzen zuen bizirauteko, elikatzeko, sexu estalaldietarako, espeziea mantentzeko eta abar, beste bizidun guztiek zituzten senaren antzekoa. Duela 200.000 urte-arteko gizakiaren kontzientziaren maila barru-barruko panpinatxo honetan jarriko dugu.

Bigarrenari Magikoa deituko diogu. Arkaikoa sartuko dugu barruan, tapatu ongi eta beste panpinatxo bat eskuetan. 200.000 urtetatik 10.000 urtetarainoko gizakien kontzientzia agertzen digu bigarren panpina honek. Magikoa deitzen zaio alde batetik, ikusten zituzten gertakariak, tximistak, sua, trumoiak, sumendiak, euriteak eta abar eurentzako magia hutsa zirelako. Eta bestetik, errituak, konjuruak, dantzak, oihuak; magia erabiltzen zutelako ehiza ona izan zedin, adibidez. Paleolitoko garai honetan azaltzen dira xamanak.

Hirugarrenari Mitikoa deituko diogu. Magikoa deitu diogun panpina, barruan arkaikoa duelarik, beste berri batean sartuko dugu, ondo itxi eta badugu panpina berri bat eskuetan. K.a. 10.000 urteetatik hasi eta k.a. 1.500 urte arteko gizakiaren kontzientzia. Gizakia, ehiza, fruitu bilketak eta nomada izateari utzi eta laborantzara egokituko da. Gizarte organizatuak eta hiri handiak sortuko dira. Gizakiak, bere buruaz jabe ez ezik, sinbolismoa garatzeko eta abstrakzioa lortzeko gaitasunak bereganatuko ditu. Ondo datozkion jainkoak asmatuko ditu, betiere bere alde egon daitezen. Erlijio desberdinetako Jainkoak ere garai hauetan asmatutakoak dira.

Laugarrenari Arrazionala deituko diogu. Arrazionalak bere barnean Arkaikoa, Magikoa eta Mitikoa daramatza ondo gorderik eta bera bakarra izango balitz bezala ageri zaigu. K. a. 1.500 urtetatik hasi eta gaurdaino. Homeroren Iliada jartzen dute arrazoinamenduaren muga bezala. XVII. eta XVIII. mendeetan Descartesek eta garaiko filosofoek bultzada handia eman zioten arrazoinamenduari.

Bosgarrena Transpersonala bezala aurkeztuko dugu. Hitzak dioen bezala pertsona baino harago doan kontzientzia. Ni ez naiz nire pentsamendua, nire gogoeta behatu dezaket. Ni benetan naizena eta nia bereizteko garapena. Egoarekiko loturak askatu. Dualismoa gainditu. Dena bat garenaren esperientziak lortu.

Matrioxkak kapa gehiago ere baditu, baina oraingoz hemen utziko dugu. Matrioxkaren barruan sartu dugun guztia darama gizakiak bere barnean hasiera-hasieratik: Filogenesia. Gizakiari milioika urtetan gertatu zaiona jaiotzen den haur bakoitzari gertatuko zaio, amaren sabeletik hasi eta lehen 20/25 urteetan: Ontogenesia. Aipaturiko estadio horietatik pasatuko da oso denbora gutxian —Piaget psikologo suitzarrak, beste batzuen artean, ongi ikertu zituen umearen etapa desberdinak—. Haurraren ondoan dauden pertsona helduek ardura handia izango dute etapa horiek denak ongi igaro ditzan, handitan arazorik izan ez dezan. Beharrezkoa da etapa bakoitza ongi ixtea hurrengora pasatu baino lehen. Etapa batetik bestera pausorik ez bada ematen kontzientzia horretan geratzen gara betirako. Etapa bateko alor bat zanpatzen eta itotzen bada, gerora arazoak azalduko dira. Adibidez, lehen estadiokoa den sexu kontua, naturala, erreprimitzen bada, erlijio askok egin izan duten bezala, pertsona askori sortu zaizkie arazoak horren ondorioz.

Nahiz eta egun argiz Arrazoinamenduan edo etapa Transpersonalean gaudela iruditu, gehienak ez dira Mitiko garaietatik igaro eta Magiko estadiotik ere ez. Erlijio guztiak estadio mitikoan oinarrituta daude. Zer da Amabirjinari kandela bat piztea, semeak edo alabak azterketa garrantzitsu bat gainditu dezan? Estadio Magikoa eta Mitikoa elkarrekin lotuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.