Aurten, abenduaren 10ean, Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren 75. urteurrena ospatzen dugu. Zuzenbide-arlo batentzat, ordea, bere haurtzaroa pasatu berria dela baino askoz gehiago ezin da esan. Gure sistema juridiko osoa, gure kultura-esparruan aro modernoan egonkortu zena, XVIII. eta XIX. mendeen bueltan-edo hasi zen mamitzen eta, beraz, 200 urteko historia luzea du atzean. Giza eskubideen arloa, aitzitik, zuzenbide arlo berri baten moduan sortu zen, askoz beranduago, estatuen gehiegikeriak, abusuak kontrolatzeko. Eta horretarako, lehenik eta behin, mundu osoak jasan behar izan zuen estatu naziak, Italiako estatu faxistak edota inperio militarista japoniarrak, besteak beste, aurrera eraman zuten sarraskia II. Mundu Gerraren aro ilunean. Estatu batek bere makinaria boteretsu osoa jendartea modu sistematikoan hiltzeko erabiltzen duenean, krimenik handienak gauzatzen dira: hala nola genozidioa, gizateriaren aurkako krimenak, guda-krimenak edo eraso-krimena gudaren bitartez.
Giza eskubideen sarea, beraz, 1948. urtean josten hasi ginen, Aldarrikapen Unibertsalak eta geroago onartuko ziren 1966ko Nazioarteko Itun biek (bai eskubide zibil eta politikoenak batetik, bai eskubide ekonomiko, sozial eta kulturalenak bestetik) «munduko konstituzio» baten itunaren hazia osatzen baitute. Estatuez harago sistema bat sortzen da, lehenengo aldiz, hiritar guztiak babesteko asmoz, estatuek beraiek duten botereari mugak jartzeko.
Horregatik ezin dugu iparra galdu. Giza eskubideen kultura eta horren sendotasuna ez da sortuko estatuek bultzatzen dutelako: sortzekotan, jendearen presioz sortuko da, funtsean horren emaitza besterik ez delarik. Eta zentzu horretan orain arte lortu dena pentsaezina zen duela hamarkada batzuk. Nork esango zuen, ba, Putin batek, esaterako, bitan pentsatu behar duela bere herritik atera baino lehen nondik hegan egin beharko duen, atxilotua izan daitekeelako? Nork esango zuen gudan muga argi batzuk egon behar direla eta ez dagoela dena baimenduta, alegia, ezin dela populazio zibila bonbardatu, ezta gatibu hartu trukerako, ezta ospitaleak suntsitu….?
Giza eskubideek justizia-estandar bat osatzen dute, politikaz harago, batzuen eta besteen jarduera epaitzen laguntzen dutenak. Legitimitate bat osatzen dute. Polarizazio-egoeretan, ez batzuen ez besteen alde egin beharrean, justiziaren eta biktimen alde egin ahal izateko. Ahalbidetzen dute estatuen lotsa agerian uztea, giza eskubideen urraketa egiten dutenean. Eta lotsa, bai, hura da beraien tresna nagusia: estatuen aurrean ispilu bat jartzearen bitartez, denek ikus dezaten, ikus dezagun, zer ari den egiten.
Giza eskubideek, noski, mugak dituzte. Giza eskubideak aldarrikatzea eta betearaztea ez da gauza bera. Nazioarte mailan ez dago, barruko estatuen jurisdikzioen aldean, estatu-zuzenbide bat, botere-banaketa unibertsalean oinarritzen dena: ez dago legebiltzar bat, indar nahikoa duena onartzen duena betearazteko, ez baitago polizia edota indar unibertsala atzean, ezta halako botere judiziala, demokratikoki sortua eta denontzakoa. Sistema hori inperfektua da, osatugabea, etengabe egiten diharduena. Baina horren baitan giza eskubideen mekanismoek bere lekua topatu dute, eta, lotsa tresna nagusi bilakaturik, justizia defendatzen ahalegintzen da. Estatuen lotsa guztion begi aurrean jartzea da bere estrategia, jaiotzez: tortura, diskriminazioa, pobrezia… argitara ateratzen.
Estatuek historikoki ez dute lotsa jasaten. Ezin dute onartu herri-plazan, mundu-plazan, torturatzen dutenik, pobrezia mantendu eta elikatzen dutenik, emakume-diskriminazio egiturazkoa sustatzen dutenik, aniztasun funtzionala dutenak edota zaurgarri diren gutxiengoak baztertzen dituztenik.
Gehiago nahiko genuke. Lotsarazteaz harago, justizia hitz handiekin nahiko genuke: alegia, erantzuleak identifikatzea, egitateen egia aldarrikatzea, zigorrak ezartzea, kalte-ordainak emanaraztea, ez errepikatzeko neurri eragingarriak sortzea… Gehiago nahi eta behar dugu. Eta batzuetan lortzen da: 1998. urtez geroztik Erromako Estatutuaren bitartez, Nazioarteko Zigor Auzitegia eratu zenean, zenbait kasutan erantzukizun penala ezar liteke mundu mailan. Esaterako, Gazan egiten ari diren guda-krimenak, gizateriaren aurkako krimenak eta inkluso jardun genozidak, ikertzen ari da aipatu Zigor Auzitegia. Ikertzea bukatuko al da kondena eragingarri batean? Ez dakigu. Baina bidea hasita dago, zigor auzitegia hor dugu, delituen izenak eta izanak definituta, bide prozesala —bermez— prest.
Estatuak kontrolatzea ez da erraza. Estaturik boteretsuenak, are zailagoa. Baina presioz Aldarrikapen Unibertsala 1948. urtean onartu zen bezala, harrezkeroztik hainbat eta hainbat Nazioarteko Hitzarmen eta kontrolatzeko mekanismo sortu diren bezala, gaur egun ere jarraitu behar dugu borroka zibilizatu horretan. Ez dezagun espero bakarrik autoritateek edota Nazio Batuek urratsik edo konponbiderik ekartzea. Guk geuk, bakoitzak bere esparruan, giza eskubideen kultura erabili eta bultzatuz gero, aurrera egingo dugu. Bestela zein da alternatiba?