Jon-Mirena Landa Gorostiza.
EHUko Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Unesco katedraren zuzendaria

Giza eskubideak ‘Trump aroan’

2025eko martxoaren 23a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Ez dago modurik, egunak joan eta egunak etorri, Trump presidenteaz ahazteko. Egunero komunikabideetan. Egunero dena hankaz gora jarriz. Gainera, ez du ematen bere kasuan erabakien gordintasuna apaintzekotan dabilenik. Interes ekonomikoak ageri-agerikoak dira, ezkutatu gabe, hartzen dituen erabakietan. 

Interes ekonomiko horiek gida-lagun ez ezik lehentasunezkoak ere badira bestelako irizpideen gainetik: hala nola giza eskubideen defentsa eta horren muinetako bat den zuzenbide-estatuaren defentsaren gainetik. Pertsonak ez omen dira garrantzitsuak: bigarren mailara pasa daitezke «(bere) amerikarrak» ez badira. Gazatarrak, ukrainarrak, etorkinak… ez omen dira lehen mailako pertsonak, lehentasunezkoak. Pertsona ororen duintasuna balio gorena bezala ez omen dago erdigunean. Zuzenbidea ez dago errespetatu beharrik: rule of law edo legezkotasun printzipioa ez omen da kontuan hartu beharrik. Eta horregatik nazioarteko zuzenbidea, nazioarteko zuzenbide penala edota nazioarteko zuzenbide humanitarioa alboratzen ari da lotsa gabe eta mundu osoaren aurrean. 

Areago, Bigarren Mundu Gerraren ondoren sortu zen nazioarteko antolakuntza bukatu nahi du, indarraren erabilera hutsa harremanetarako irizpide nagusitzat ezarriz. Oihanaren legea, beraz, indartsuak haien burua inposatuz justizia apurrik txikiena ere nazioarteko harremanen dinamikatik at gelditzen delarik.

Horrek halako frustrazio-sentimendua dakar bai eta beldurra ere orain arte gotor-leku ziren printzipioak eta arauak behin betiko galbidean jarriak izango bailiran. Dena galduko al da? Giza eskubideen historiaren amaieran al gaude?

Ez, ez gaude giza eskubideen historiaren bukaeran: ez Europan behintzat. Eta hau behar bezala ulertzeko joan gaitezen historia horren hasierara. 1948. urtean, Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala onartu zenean, giza eskubideak jaio ziren. Egia da horien ideia gizateriaren hastapenetan galtzen dela, baina ideia horrek eskubide forma lehenengo aldiz hartu zuen mundu osorako 1948. urtean. Hasierako egitaraua, ordea, ez zen «aldarrikapen» bat besterik. Izan ere, aldarrikapenak, nazioarteko itunen aldean, ez baitu indar loteslerik. Gomendio bat besterik ez da: gomendio sinboliko handia baina gomendioa. Hasierako asmoa, ordea, sortu berriak ziren Nazio Batuen Erakundearen bihotzean giza eskubideen tresna txertatzea zen, hain zuzen ere hitzarmen indartsu baten bitartez. Hitzarmena, sendoa, bermez josia, aldarrikatzen ziren eskubideak benetakoak izan zitezen. 

Baina aliatuen kontsentsua azkar hasi zen desegiten eta nazien aurkako guda irabazteko beharrezkoa izan zen batasuna apurtu zen geroko guda-hotsaren giroa nagusituz. Horren ondorioetako bat, beraz, hitzarmena ez baizik eta deskafeinatuagoa zen aldarrikapen xumea besterik ez zela onartu. 

Esandakoaren aldean, aitzitik, Europan giza eskubideen aro berriak beste bide bati jarraituko zion. Europa txikiturik zegoen, goitik behera. Europako Estatuen arteko guda bukatu behar zela guztiz zabalduta zegoen eta bultzatzen hasi zen Europako Estatu Batuen ideia. Beraz, Europan 1948ko Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala motz gelditzen zitzaigunez gero, Europako Giza Eskubideen Ituna onartu zen 1950. urtean, bai eta Estrasburgoko Auzitegia martxan jarri ere. Dakigunez, Estrasburgoko Auzitegi horrek, harrezkeroztik eta gaur arte, bere lekurik ohoretsuena irabazita dauka, estatuen gainetik giza eskubideen urraketak begipean edukitzen dituelako. Begipean eduki ez ezik, horiek kondenatzen ditu bere epaien bitartez. Ez dago mundu osoan horren indartsu, sofistikatu eta eraginkor den giza eskubideetako auzitegirik. Hain izan da arrakastatsua, ezen lege-munduarekin zerikusirik ez duten hiritarrek ere hura ezagutzen baitute, bai eta inbokatu ere (Estrasburgora joango gara!) beren herrialdeetan zapalduta eta modu injustuan trataturik sentitzen direnean.

Estrasburgoko Ituna eta Auzitegia, gainera, Europar Batasunaren bihotzeraino sartuta daude, horren barruan ere bere eragina zabaltzen duelarik. Aurrenekoa gutxi balitz bezala, Europako herrialde ia guztietan Estrasburgoko lana eta jurisprudentzia konstituzioetan ere sartzen da eta behartzen ditu herrialdeok beren funtsezko eskubideak Estrasburgoko erara moldatzera. Pixkanaka-pixkanaka, baina irmotasun osoz, 75 urte inguru daramagu ordena publiko europarra sortzen, non giza eskubideek lehenengo eta funtsezko DNA osatzen baitute.

Europan, beraz, mundu mailan egon daitezkeen arazoak gorabehera, gure etxea eraiki dugu eta unea heldu da hura defendatzeko. Gabriel Arestik zioen moduan, nire aitaren etxea defendituko dut! 

Iraganean pentsatzen genuen giza eskubideen kultura esportatu ahal genuela, beste herrialdeak kutsa genitzakeela, zentzurik onenean. Jabetzen naiz europarron historiak ere bere argi-ilunak dituela: oso ilunak diren pasarteak ere bai. Baina giza eskubideen kultura unibertsala izan liteke eta agian batzuek amets egin genuen leku guztietara —betiere leku bakoitzeko kolorez— iritsiko zela. 

Egun, ordea, ematen du giza eskubideen kulturaren kontrako oldarraldi ikaragarria estreinatzen ari dela, Estatu Batuetatik, Trump-en eskutik. Baina ez dezagun iparra galdu: gure Europa defenda dezagun, gure zuzenbide-estatua, alegia, boterearen aurreko mugak legearen bitartez kontrolatzekoa. 75 urtetan zibilizazioaren alde sortutako sareek, sare gordinek, haize-ufada indartsuen aurrean iraun dezaketelakoan nago, gu-geuk —alegia zuek eta guk—, denok batera indarra batzen eta metatzen badugu. Garaia da: defenda dezagun gure aitaren eta gure amaren etxea!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.