Juduen herria 2.000 urtetan zehar lurralderik gabeko herrietako bat izan da. Ijitoen herria bezala, beste nazio eta herrien lurraldeetan kokatzen zen herria zen juduena, orain dela 2.000 urte baino gehiago Erromatarrek barreiatua izan zenez geroztik.
Hiru monoteismoetatik lehenengoa mantendu duen herri honek madarikazio eta jazarpen ugari jasan ditu 2.000 urte horietan zehar; batez ere kristautasunaren aldetik eta Bibliako Testamentu Berrian juduez esaten denaren ondorioz. Hitler eta Alemaniako nazional-sozialismoarena ez zen juduen lehen jazarpena izan. Aurrekari anker bezala Errege Katolikoen jazarpena dago; han eta orduan ez bakarrik atzerriratuak, baizik eta zapalduak eta erailak ere izan baitziren haietako asko eta asko. Esate baterako, beste askoren artean Baruch Spinozaren Espinosa abizeneko arbaso eta senideak. Ijitoek ere jazarpen krudel eta ankerrak jasan zituzten, besteak beste adibide samina delarik XVIII. mendeko hasieran Fernando VI.a Borboi eta Ensenadako markesaren harrapaketaren eta hilketen historia ikaragarria.
Antisemitismoa juduen kontrako gorrotoa edo mespretxua den heinean asko zabaldutako sentimendu sakona izan da mende eta mendeetan. Gorroto eta mespretxu horien lehen eragilea izaera erlijiosokoa zen, baina bazegoen mende eta mendeetan hedatu eta zabaldutako beste arrazoi bat ere; hain zuzen ere, juduak bihurtu zirela Goi Erdi Aroko mendeetatik hasita mailegu emaile nagusiak; hau da, prestamistak, edo gaur egungo bankuen zeregina betetzen zutenak. Juduek ghettoen barruan bizi behar zuten, ezin zuten beren jabetzako landa lurrik izan, baina, aldiz, soilik haien eskuetan zegoen dirua mailegutan uzteko, eta horrela ahalmen irabazi ikaragarriak izateko aukera.
Eta zergatik hori? Bada kristauek interesak kobratzea bekatutzat zutelako eta zeregin hori juduek hartu eta egikaritu zutelako mende eta mendeetan. Ekonomiaren aurrekaria izandako Martin Azpilikuetakoak De Usurix tratatuan kapitala ekoizpenaren osagaietako bat dela eta ordaindua izan behar duelako ideia iraultzailea aldarrikatu zuen arte, XVI. mendearen bukaeran.
Antisemitismoaren kontra funtsezko argudio bat bakarra dago, eta giza eskubideen aitortza eta aldarrikapena da. Hitlerren nazional-sozialismoak edo Errege Katolikoen jazarpenak edo mundu zabalean zehar batez ere kristautasunaren inguruan izan diren eta diren juduen kontrako jarrera guztien aurka funtsezko argudio bat bakarra horixe da, giza eskubideak.
Ezin da aipatu gabe utzi juduak jazarriak, mespretxatuak, baztertuak eta erailak ziren bitartean, babesik eta laguntzarik gehiena eman izan zieten herriak eta kulturak islamiarrak edo/eta arabiarrak eta musulmanak izan zirela. Horren adibideak mundu zabal guztian daude, eta Euskal Herrian bertan juduen kultura XII. mendean Ben-Yehudarekin loratu zen. Horrela gertatu zen, Banu-Qasitarren garaian babesarengatik izan zen, gaur egungo sentimendu eta joeren aurrean gezurra ematen badu ere.
Theodor Herzl-ek sionismoa 1896ko Estatu Judua izeneko liburuarekin sortu zuenean, helburua juduentzat giza eskubideak aldarrikatzea izan zen.
Baina geroztik aurrera eramandako praxiak, ordea, sionismoaren helburuak giza eskubideen gainetik jartzea izan du helburutzat, eta hori da hain zuzen ere gaur egungo hainbeste eta hainbeste adierazpen eta jokabidetan gertatzen dena. Israelgo agintariek, esate baterako Netanyahuk berak, antisemitismoa aipatuz giza eskubideen betebeharrak ezabatu eta desegin egiten dituzte.
Teorian Theodor Herzl-ek asmatu edo irudikatutako egitasmoak berak funtsezko hutsegite edo gabezia zeukan giza eskubideei dagokienez, baina praxian gabezia hori guztiz areagotuta dago. Israelek Palestinako gizartean egiten duen bereizketa —juduen eta juduak ez direnen arteko bereizketa, alegia—, apartheid izaerakoa da. Hegoafrikak bultzatu duen giza eskubideen ekimena Mendebalde osoak eskertu beharrekoa da. Europako agintarien koldarkeria, berriz, ez bakarrik lotsagarria baizik kriminala ere bilakatu da.
Gazako ghettoan erail eta desagerrarazi dituzten 100.000 pertsona baino gehiagok justizia eskatzen dute, eta Europa ez da hori aldarrikatzeko gai izan; soilik Hegoafrikari zor diogu gizateriaren aldeko ausardia. Baina gerra hori hasteko aitzakia izandako Hamasen ekintza terrorista, 1.500 judu erail edo/eta bahitzea, ez da krudelkeriaren hasiera; bestela nola azaldu Israelek Libanon, Sirian eta batez ere Zisjordanian egin dituenak. Gaza inguratzen duten hormak eta Zisjordania zatikatzen dutenak eta palestinarrak libre ibiltzeko duten debekuak dira indarkeriaren benetako jatorriak. Orain Israel Zisjordanian egiten ari den sarraskiek eta harrapaketek eta Gazako etxebizitza gehienak suntsitu izanak azaltzen dute talka honen izaera.
Donald Trump-en proposamenak ez bakarrik ankerrak eta giza eskubideen kontrakoak dira, baizik eta neurri handi batean zentzugabeak eta eroak; hori dute agian alderik onena. Baina Trump (600 kilogramoko bonbak emanez) ez da Ameriketako errudun bakarra, baizik eta demokratek agintean zeudenean (300 kilogramoko bonba hilgarriak emanez) dituzte beren erru ikaragarriak, eta segur aski horrexegatik galdu dituzte hauteskundeak Trumpek irabazi baino gehiago.
Palestinarrek Palestina osoan libre ibiltzeko eskubiderik ez duten bitartean (Israel bezala ezagutzen den zatia eta ezagutzen ez den zatian, Zisjordanian eta Gazan) ez da egoera zuzendurik egonen. Netanyahu eta bera bezalakoak dira juduen etorkizunerako arriskurik handiena, etorkizunean eta kaltetu guztientzat beranduegi gertatzen bada ere, giza eskubideen agintea etortzen denean.
1948an Israel posible izan zen Holokaustoarengatik, baina geroztik sufrimendua eta jazarpena nozitzen ari direnak palestinarrak dira. Ez da zuzena eta ez da zilegi antisemitismoa giza eskubideen gainetik jartzea.
Trump pasatuko da eta Netanyahu pasatuko da eta historiako liburuetan agertzen diren hainbeste eta hainbeste satrapa, desorekatu eta agintari harroren zerrendetan bat gehiago izango dira.