Legegintzaldia amaitzera doanean une egokia izaten da datorren zikloan zabaldu behar diren politikak proposatzeko, horrek agian eztabaida politikoa, jatorra, elika dezakeelakoan.
Giza eskubideen politikei dagokienez, ikuspuntu ugaritatik hel dakioke gaiari, baina, hemen, ereduaz, alegia, Jaurlaritzaren eta aldundien arteko ereduaz, nahiko nuke jardun.
Eusko Jaurlaritzan aspaldi (1991n) sortu zen Giza Eskubideen Zuzendaritza. Hasieran bere eginkizuna partekatzen zen beste politika publikoekin batera. Baina 2005etik aurrera, lehenengo aldiz, bazegoen gure erkidegoko jaurlaritza-organigraman halako bulego edota leiho monografikoa, giza eskubideak bultzatzera oso-osorik dedikatua. Eta hori, esan beharra dago, bada Nazioarteko Giza Eskubideen Zuzenbideko estandarretatik edozein gobernuri eskatzen zaiona. Izan ere, halako bulego edota zuzendaritza batek bete behar duen funtzioa zera baita: botere betearazle osoak politika orotan jardun dezala giza eskubideekin bat etorriz.
Justizia Sailetik lehendakaritzara eraman zen giza eskubideen aipatu zuzendaritza, eta biktimen zuzendaritzarekin batu ostean, idazkaritza orokorra osatu zen, gaiaren garrantzia eta lehentasun politikoa, nire iritzi apalean, behar bezala islatuz. Eta aipatu egitura instituzionalak gaur arte dirau.
Gauzak horrela izanik, galdera, ordea, bada: erkidegoko Jaurlaritza zentralak bakar-bakarrik giza eskubideen bulegoa propio behar al du izan? Nazio Batuek eta gaiaren garrantziak berak galdatzen duten ardura hori bakarrik Eusko Jaurlaritzan eta ez lurralde historiko bakoitzeko gobernuetan bete behar al da? Beste hitzetan: inoiz pentsatu al dugu noraino giza eskubideen kudeaketa Euskadin modu zentralizatuan ala deszentralizatuan aurrera eraman behar ote den?
Nik esango nuke ereduaz ez dela aparteko hausnarketarik egin. Eta hori politikako hainbat esparrutan normala izaten da, arazoei heltzen zaie-eta etorri ahala. Egia da, beste alde batetik, giza eskubideen gaiak erretzen zuela, batez ere, ETA indarrean egon zen bitartean, eta horregatik, isilbidez, Lakua-tik bideratzen ziren gauzak.
Une jakin batetik aurrera, ordea, aldundietan gaiaren garrantziaz jabetzen hasi ziren. 2000ko hamarkadan Gipuzkoako Foru Aldundian, lurralde historikoen artean lehenean, giza eskubideen zuzendaritza sortu egin zen, eta harrez geroztik, izen batekin edo bestearekin, mantendu egin da. Mantendu ez ezik, lantzen dituzten politiken ikuspegitik zein konprometitzen duten energia eta bitartekoetatik begiratuta, indartuz doan esparru bat da, zalantzarik gabe. Politika baldin bada lehentasunak ezartzea, garbi dago Gipuzkoarentzat giza eskubideen gaiak kontatzen duela, areago kontuan edukiz gero zuzendaritza hori ahaldun edo diputatu nagusiaren sailean bertan kokatzen dela. Keinu sinbolikoa bezain zentzuzkoa nire aburuz, Eusko Jaurlaritzaren kasuan lehendakaritzan hain justu ere kokatzen den idazkaritza orokorraren ildo beretik.
Araban ere giza eskubideen politika indarra ari da irabazten. Gaiotan lan serioa aspaldikoa izan arren, 2019an Berdintasunaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza sortu berri da, eta, Gipuzkoan bezala, diputatu nagusiaren arloan bertan, gobernuko muinean beraz, kokatu dute. Berdintasuna eta Giza Eskubideak du izena.
Bizkaiko Aldundiari so eginez, aitzitik, giza eskubideen zuzendaritza propiorik ez dago. Egia da, dena dela, besteak beste, bai berdintasuna bai lankidetza zein dibertsitatea sustatzeko zuzendaritza orokorrak badituztela. Bizkaian, hortaz, giza eskubideen politika batzuk, sektorialak, horixe badituztela. Kontua da, ordea, organigrama osoan ez dela giza eskubideak esamoldea azaltzen.
Eta horrek eztabaidarako beta ezin hobea ematen du. Nola landu behar dira giza eskubideak gure herrian? Dena Eusko Jaurlaritzatik? Edo hobeto gobernantza partekatuaren bitartez aldundiekin zuzeneko koordinazio egitura egoki eta esanbidezkoaren laguntzaz? Nik esango nuke elkarkidetza bidea dela. Aldundiek ikaragarrizko pisu instituzionala dute, eta, horren ondorioz, giza eskubideen ikuspegitik ezin dira albo batera geratu. Gure herrian giza eskubideak lantzeko orduan aldundiek badute zeresan handia eta egunerokoan esparru sektorialetan lanean dihardute fundamentu osoz. Eta hori izanaz hala bada, izenaz eta egitura organikoz ere hala beharko, izena eta izana bat etorri behar izatekotan. Horrek gainera aldaketa kualitatiboa lekarke, hainbat politika arrazionalizatzeko. Bai eta kanpora begira ere, nazioarte mailan gure herrian erakunde maila desberdinetan dagoen guztia eragingarritasunez erakutsi eta partekatzerakoan.
Ez nabil hemen izen-eztabaida kosmetikoaz. Giza eskubideen sare instituzional argia badugu, hobeto arituko gara: giza eskubideak, guztiak, hobeto beteko dira.
Baina eredua zein izan behar den baino lehen, ereduaren eztabaida pendienteaz jabetu beharko ginateke. Hauteskundeak ate joka ditugula, horra hor gure herriko alderdi eta eragileetarako hausnarketa bideetako bat. Ingelesek dioten bezala: food for thought! (pentsarazteko janaria). On egin!
Giza eskubideak Jaurlaritzan bai: eta aldundietan?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu