Jon-Mirena Landa Gorostiza.
EHUko Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Unesco Katedraren zuzendaria

Giza eskubideak, indarkeria politikoa eta gobernu berria: bi gako

2024ko uztailaren 21a
05:00
Entzun

Asko hitz egin da azken egunotan oroimenaren gaiaz eta Gogora institutuari buruz, Eusko Jaurlaritza berrian horien kudeatzeko ardura PSEren eskuetara pasatuko dela jakin denean. Baina hori —oroimena, Gogora— Giza Eskubideen politika publikoen zati bat besterik ez da. Giza eskubideak indarkeria politikoaren harira bere osotasunean, ordea, izan dira orain arte gure herrian eztabaidaren erdigunean egondakoak, biktimen politikak jorratzen zirenean bereziki. Giza eskubideen politikek oraina dute: ez bakarrik iragana. Oraindik egia-ariketarik gabe dauden urraketaz hitz egiten digute politika horiek, esaterako: aitortu gabeko torturaz eta poliziek egindako bestelako delitu larriez ari garenean; ETAk egindako delituen ondorioaz (zigor, preso, biktima, adierazpen askatasunaren mugaz...) ari garenean; eta abar luze xamarra. Gaiok egia-justizia-kalte konpontzea (eta ez errepikatzeko bermeak) lelopean gobernatu behar dira: eta hor pendiente dagoen atalbururik garrantzitsuenetakoa estatuak berak egindako giza eskubideen urraketena, krimenena, da, gehien-gehienetan egiarik, justiziarik, eta kalte konponketarik gabe daudelako.

ETAren kasuan, jakina denez, salbuespenik salbuespen, kasuak ikertu eta kondenatu dira, egileak identifikaturik kartzelan egon/egoten direlarik. Horri gero kontakizuna datorkio. Baina tortura, ez-legezko atxiloketa, judizioz kanpoko exekuzio, gobernuen inplikazio, auzi-medikuen edota fiskal eta epaileen beste alde batera begiratze hori... hori guztia, salbuespenik salbuespen, argitu gabe dago; justiziarik gabe dago. Horri dagokionez «orririk» oraindik ez dugu; are gutxiago irakurrita; nolatan ba horren memoriaz hitz egingo? Badirudi, beraz, batzuei bakarrik interesatzen zaiela «Memoria» eta ez horrenbeste aurretik dauden giza eskubideen urraketen argiketa eta erantzukizun-ariketa halabeharrezkoa. Batzuetan ematen du ez dagoela lege bat, 12/2016 Euskal Legea, hain zuzen ere, giza eskubideen urraketa larri horietaz guztietaz arduratzen dena. Eta hori ere oraingo gobernu berrian PSEren eskuetara pasatu egin da, horren menpe egongo baita, aipatu legea betetzeko behar diren bitarteko eta laguntza ematea eragingarria izan dadin.

Eta nola dago egia kontu hori legegintzaldi berriaren atarian? Nola izan da pasa den legegintzaldia horri dagokionez? Askotan jada lege bat dugula esaten da (12/2016 Legea, polizia-indarkeriarena) eta lege hori martxan dagoela, beraz, arazoa konponduta omen legoke. Baina azken lau urteotan lege horrek behar bezalako fruituak emateko ahalegin nahikorik ez da egin. Ez dut honekin kritika pertsonal bat egin nahi inoren aurka. Diagnostiko objektibo bat da: pasa den Eusko Jaurlaritzak, EAJren aldetik, ez du inolaz ere lortu, lege horren lana bermatzea. Horren emaitza da biktima horiekiko lana ikaragarri astiro doala, apenas ez dela gizarteratzen, babes politiko zein material urria izan delarik gaiak duen garrantzi objektiboa zein den kontuan harturik. Horretaz arduratzen den balorazio-batzordea itota dago. Biktimak zain, asko desesperaturik eta arrazoi osoz (horra hor, duela gutxi prentsan argitaratutako Rosa Zarraren sendi eta lagunen kexu publiko arrazoitu bezain lazgarria!). Eta hau guztia ez da nire iritzia: legearen balorazio-batzordea bera urtez urte esaten ari den informazioa besterik ez da.

Horren aurrean Giza Eskubideen politikak, Gogora institutua barne, PSEren eskuetara doaz. Aukera paregabea du orain alderdi horrek politika horiek serio hartzen dituela ekintzez baieztatzeko. Eta hitzen gainetik, gakoa bikoitza izango da, nire aburuz.

Lehenengo gakoa. Estatuak sortu dituen biktimen egia plazara azalarazten ez den bitartean, bizikidetza eta horren zoru etikoak ez du oinarri sendorik izango. Biktimen asimetria, besteak beste, kalkulu estrategikoa izan da, kontakizun jakin batzuen alde. Hori ez da gizalegezkoa ezta sanoa gizartearentzat. Estatuko biktimak gure herrietan bizi dira, ETAko biktimen kasuetan gertatzen den bezala. Eta horien zauriak behar bezala trataturik ez dauden bitartean, sufrimendu pertsonala zein soziala hor izango da. Eta horrek ahultzen du, neurri handi batean ere, estatu demokratikoaren oraina eta etorkizuna. Beraz, biktima horiek behar bezala tratatu behar dira. Lehentasun politikoa merezi dute, gaiak botorik ematen duen gorabehera. Eta horretarako 12/2016ko Legeaz arduratzen den balorazio-batzordea bai bitartekoz bai laguntza politikoz hornitu beharra dago. Lege horrekin lotuta dagoen lana indar eta duintasun osoz aurrera ateratzen den neurrian esan ahal izango da PSEren ardura fundamentuz ari dela betetzen. Horra hor lehenengo erronka.

Bigarren gakoa. Memoria inklusiboa. Memoria, estatu demokratikoetan, ezin da inposatu. Gobernuek bultza dezakete, inkluso bultzatzeko obligazioa eduki dezakete gizarte eragile guztiek eta eragile politiko guztiek beraien memoria plazaratzeko. Ezin da memoria gizarte-ingeniaritza operazio baten modura planteatu. Inklusibitateak esan nahi du gobernuak errespetu handiz tratatu behar dituela batzuen eta besteen kontakizunak eta beraien ikuspegi propioak inposatzeko tentalditik alde egin behar duela. Memoriak baditu mugak: giza eskubideen estandarren errespetua. Eta horretan lehenengo gakora bueltatzen gara: giza eskubideen urraketetan tratamendu asimetriarik ez dagoen unean, horiek Memorian txerta daitezke bermez eta zilegitasunez. Asimetriak areagotuz, manipulatuz gero, aitzitik, oroimenaren politika publikoak pozoituko dira.

Bi gako nagusi horiek, beraz, PSEk aurretik dituenak. Aukera historikoa, erraldoia, arantzaz betea zalantzarik gabe... baina ausardiaz eta behar bezala kudeatuz gero biktimek, gizarteak eta borondate oneko edozeinek eskertuko dutena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.