Urriaren 21ean, astelehenarekin, indargabetu zuten Parot doktrina izen okerrekoa Estrasburgon, Giza Eskubideen Europako Auzitegian.
Ezbairik gabe, kartzela onurak aplikatzearen inguruko interpretazio lizun eta maltzur bat baino ez da izan Parot doktrina, kartzelatik irtetea atzerarazteko pertsona bati, eta, gero, hedaduraz, beste hainbati. Lehenik eta behin, azaldu beharra dago doktrina hori preso jakin batzuei bakarrik aplikatzen zaiela, 1973ko Zigor Kodearen arabera epaitu zituztelarik gaur egun kartzela zigor bat betetzen ari direnei; beraz, terrorismoaz bestelako delituengatik kondenatutako presoei ere aplikatzen zaie. Bitxia izan da ikustea nola ETArekin zerikusirik ez zuten delituengatik kondenatutako pertsona horiek ez dituzten aipatu orain arte inongo hedabidetan, eta nola orain, gizartean alarma sortzeko irrikaz, behin eta berriro aipatzen ari diren.
1973ko Zigor Kode hartan jasota zegoenez, zilegi zen lan jakin batzuk eginez zigorrak berrerostea: hala nola kartzelan egindako bi laneguneko, presoari zigor egun bat gutxiago zegokion. Kartzelaldia murrizteko ahalbide hori aplikatzen zitzaion gehieneko kartzela zigorrari, zeina 30 urte baitzen orduko Zigor Kode hartan. Hala, 2006ra arte, 1973ko Zigor Kodearen arabera kondenatutako pertsona guztiek lan eginez berrerosten zuten beren zigorra 30 urtetik behera, eta horrek ez zuen eragin inoiz inolako alarmarik gizartean, ez arriskuan jarri zuen zuzenbide estatua bera, ez ekarri zion inolako erasorik biktimei. Gero, ordea, 197/2006 sententzia eman zuen Auzitegi Gorenak, hizpide dugun doktrinaren sorburu izan zena, eta harrezkero sortu zen polemika, legea nork bere interesen arabera moldatzen ahalegintzen hasi baitziren, legea bere hartan baliotsu bihurtzen duen horretaz ahaztuta, alegia, haren arabera gizaki guztiok berdinak garela. Sententzia haren bidez, aldatu egin zen kartzelaldian eman beharreko egunak gutxitzeko modua; ondorioz, eta ia-ia modu automatikoan, preso zeuden pertsonak beti irtengo ziren azkenean kartzelatik, eta, gehienera jota, 30 urteren buruan, hau da, gehieneko kartzela zigorra bete eta gero.
Honezkero, ziurrenik, ez da izango inor orain arte azaldutako hori ez dakienik. Hala ere, gezurra badirudi ere!, auzi honen inguruan azkenaldian entzunak entzun eta gero— eta, zehazki, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak emandako epaiaren ondoren—, azaldu beharra dago eskubideak zer diren, zer dakarten berekin eta, ondorioz, zer ez dakarten berekin.
Giza eskubideak baldintza multzo bat dira, eta horien bidez garatu ahal da pertsona bat bere bizitzako hainbat alor pertsonaletan zein sozialetan. Horrek berekin dakar eratzea hainbat eskubide, erakunde, gaitasun, eta abar, pertsonak guztiei berez dagozkienak pertsona eta gizaki izateagatik. Besteak beste, hainbat eskubide zibil eta politiko dira, zeintzuetan berariaz jasota baitaude preso eta atxilo dauden pertsonei dagozkienak: zigor proportzionalak izateko eskubidea; zigorrak gizarteratzeko eskubidea; zigor legeak atzerako eraginez ez aplikatzeko eskubidea; legezkotasun eskubidea; eta abar eta abar. Izan ere, batzuetan zenbait jendek ahaztuagatik, eskubide horiek guztiak giza duintasun kontzeptuaren inguruan eratutakoak dira.
Horregatik guztiagatik, giza eskubideek ez dakarte berekin bizi guztiko zigor ezkutukorik, bizirik dagoen pertsona bat heriotzara zigortzea izango litzatekeelako; ez dakarte berekin politika kriminal salbuespenezkorik; ez dakarte berekin pertsona bat haren ziegan bere kasa hiltzera abandonatzea; ez dakarte berekin zigorrak gizarteratzeko printzipioari uko egitea; ez dakarte berekin arerioaren zigor zuzenbidean oinarritutako politika kriminalik; ez dakarte berekin «ez-pertsona» gisa tratatzea delitu bat egin duten pertsonak, gizaki batzuk direla ere ahaztuta.
Eta horrek guztiak hala beharko du izan, baldin eta benetan sinesten badugu giza eskubideetan—historian kosta ahala kosta onartu ahal izan baitzaizkio pertsona orori—, eta dena delakoa izanda ere pertsona horrek egindako delitua. Jakitun izan behar dugu eskubide horiek pertsona bakar bati ukatuz gero orduan ez dugula jokatuko giza eskubideekiko begirunez. Eta, hain zuzen ere, horixe esan du bi bider Giza Eskubideen Europako Auzitegiak: Espainiako Estatuak ez duela jokatu giza eskubideekiko begirunez. Espainiak, ebazpen hori onartu ordez, berean tinko dirau, eta dio zuzena zela 197/2006 doktrina, hizpide ditugun presoak oso arriskutsuak zirelako: terroristak, bortxatzaileak, eraileak… Baina men egingo diotela, beren borondatearen kontra bada ere.
Larriena zera da: preso dauden pertsonen eskubideak urratzeko joera hori betikotu eta hedatu egingo dela, besteak beste, bizi guztiko kartzela zigorra berrikusteko ahalbidea sartuta, delituak egiten dituzten pertsona beldurgarriak —«besteak», sekula ez «gu»— behin ere ez daitezen itzul gizartera, edo denbora asko eta askoren ondoren itzul daitezen. Eta, hala, ergeldu egiten dute gizartea, eta jendeak eginahalak eta bi egiten ditu kontatu diotena sinesteko, eta, kontatutakoak sinistu nahiaren sinistu nahiaz, sinetsi ere egiten dute kartzelak bakarrik libratuko dituela «besteengandik», ateko alarmak bakarrik eragotziko diela ohebururaino iritsitako norbaitek hil ditzan, zapalkuntza beldurgarriak bakarrik konpontzen dituela arazo politikoak, haiek bakarrik dakitela zer den onena guretzat eta, azkenik, haiek erabakiko dutela nortzuk diren «ez-pertsonak» eta, beraz, oroz gabetuak, baita gizaki gisa dagozkien eskubideekiko zor dieten begiruneaz ere: eta delituak egiten dituzten pertsonak, nonbait, «ez-pertsonak» dira. Eta guzti-guztiok, gure isiltasunarekin, inolako salbuespenik gabe, giza eskubideak urratzen arituko gara.
Artikulu hau ondorengo hauek sinatu dute: Paz Francés, Manuel Ledesma, Libertad Francés, June San Millán, Iñaki Basterra, Blanca García de Eulate, Urtzi Arrieta, Maite San Pedro, Jon Igartua, Amelia González, Iranzu Baltasar, Ainhoa Marín, Maite Virto, Ruth Martínez, Salhaketa elkartearen izenean.
(Erredakzioan itzulia)
Giza eskubideak ez-pertsonentzat?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu