Gipuzkoan azpiegitura-lan handiak geratzearen alde

Mikel Elorza Kepa Olaiz
2012ko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Hainbat proiektu eta azpiegitura-lan erasokorren oposizioan lanean urteak daramaten herri mugimenduek eta taldeek, Gipuzkoan elkarrekin herri-mobilizazio dinamika berri bat abian jarri, eta azpiegitura-lan handiak gelditzeko eta garapen-ereduaren aldaketa sakon baten beharra aldarrikatzeko manifestazio bateratu batera deitu dugu otsailaren 4rako, Donostian. Herri mugimenduen ekimen honek jendartearen mobilizazioari dei egiten dio, beraz; hain zuzen ere, gure lurralde aski hondatuan eragiten duten makro-proiektuak geldiarazteko eta egungo garapen-eredua aldatzeko atzeraezina den hausnarketa-aldi bat ireki dadin ezinbestekoa den indarra egiteko.

Egun, herrialde guztietan azpiegituren inguruko eztabaida berriro piztu da krisialdi ekonomikoaren ondorioz; eta, horretaz gain, Gipuzkoan eman den aldaketa instituzionalarekin batera, orain arte azpiegitura-lan handien inguruan nagusi zen ahobatezko adostasun instituzionala pitzatu egin da.

Horrenbestez, garapen-eredua aldatze aldera, orain arte inoiz egin ez den eztabaida sozialari ateak irekitzeko aukera dago. Gure ustez, argi baitago ingurumenean, ekonomian eta gizarte arloan kalte larriak eragiten dituzten azpiegitura polemiko horiek ez direla herritar bati edo besteari modu isolatuan kalte egiten dioten gertakariak, bere osotasunean hartuta zalantzan jarri behar den garapen-eredu baten parte baizik.

Alabaina, azpiegitura handiak etengabe eraikitzen tematutako eta ohiko politika desarrollistara moldaturiko klase politikoaren erreakzioa berehalakoa izan da. Horri dagokionez, azken hilotan Gipuzkoan era guztietako azpiegitura-lan handien alde presio egiteko egin duten kanpaina politiko eta mediatikoa salatzen dugu. Tartean daude AHTa, errauskailu, superportua, Oiartzun-Lezo-Gaintxurizketako plataforma logistikoa, Donostia aldeko metroa, makro-espetxea, Hondarribiko aireportuaren hedapena, ingurabideak eta abar. Bistakoa da zenbait ordezkari politikok,azpiegituren aferan dauden interes ekonomiko eta pribatu itzelen sostengatzaile diren heinean, ez dutela inolako aldaketarik nahi. Gipuzkoako lurraldearen gainean proiektu txikitzaileen presioa mantendu nahi dute, beste behin ere egite kontsumatuen politikari eutsi eta makro-proiektuak ezartzen jarraitzeko asmoz.

Egoera horren aurrean, herri mugimendu gisa independentziarekin eta erabakitasunarekin ekitea dagokigu, egitasmo horiek geldiarazteko herritarren ekimena eta mobilizazioa bultzatuta. Edonola ere, erantzun guztiak instituzioetan daudela sinestea okerra litzatekeela badakigu, gure ustez, lorpenak inoiz erdiestekotan, lehenik eta behin jendartearen kontzientziaren eta ekimenaren emaitza izango baitira.

Gauzak horrela, uneotan herritarrek presioa egiteak duen garrantzia azpimarratu, eta jendarte osoari mobilizatzeko deialdia egin nahi diogu, Gipuzkoa desberdin baten alde, jendarte eredua aldatu: azpiegitura-lan handiak gelditu! lelo eta aldarrikapen komunarekin otsailaren 4an Donostian egingo dugun manifestaziora ahalik eta jende gehien biltzeko. Hori baita, azken batean, eguneroko lan iraunkorrarekin batera, gure helburuak lortzeko bide bakarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.