Gipuzkoako Aldundiak legealdi honetan parke naturalak balioan jarri nahi dituela dirudi. Maiatzaren 26rako Aiako Harria natura-parkearen eguna antolatu dute, ekainaren 2an Aizkorri-Aratzekoa, ekainaren 8an Pagoetakoa, eta ekainaren 16an Aralarkoa. Denak gaur, maiatzaren 21ean, ospatzen den Natura 2000 Sareko Europaren egunaren bueltako datak.
Hasiera batean berri ona dirudi honek. Izan ere, parke naturalak izendatu zirenetik arduragabekeria galanta erakutsi dute babestutako eremu hauen ardura duten administrazioek: Jaurlaritzak batetik, ez duelako jakin izan babestutako eremuentzako lege-markoa gure lurralderako garatzen; eta bestetik, aldundiak, ez dutelako elkarlanerako inolako borondaterik erakutsi legedi horien baitako kudeaketa-planak kudeatzeko. Oraindik gaur, parkeak Europako Natura 2000 Sarean sartu zirenetik ia 15 urte pasa direnean, EAEko natur kontserbaziorako legediaren baitan sortutako planak Europako legediaren eskakizunetara egokitzen ari dira. Alegia, parke naturalek ez dute kudeaketa-tresna bateraturik.
Legediaren arloan erakutsitako utzikeria parke hauen kudeaketaren gainerako esparru guztietara zabaldu du aldundiak. Esaterako, parke bakoitzak bere patronatuak ditu, legez aitortutako kudeaketa organoak, parkeak izendatu zirenetik urtean behin ere bildu ez direnak.
Bada, argi dago aldundiak ez dituela bere egitekoak bete parkearen parte-hartze eta kudeaketa organoen gobernantzan. Baina, gobernantzan ez ezik, natur parkeen izate arrazoia den ondare naturalaren zaintzan eta kontserbazioan ere ez: urtez urte, parkeetara bideratutako baliabideak murrizteaz gain, diru-laguntzak erabilera publikora eta lehen sektoreko jardueretara bideratu baititu, ez ondare naturala zaindu edo berreskuratzera.
Berriki Donostiako foru jauregian aldundiko Lurralde Oreka Berdea saileko diputatuak eta Mendietako eta Natura Inguruneko zuzendariak Gipuzkoako parke naturalen sarea osatzen duten udalerrietako alkateekin egindako agerraldian esandakoa da «harmonian eta lurralde-oreka berdea bermatuz gure ingurunea ezagutu, maitatu eta zaintzea» dela parkeen egunaren helburua (Natura 2000 sarea osatzen duten beste eremuak aipatu ere egin gabe).
Gure ingurunea, baina, berdea izanagatik, ez da naturala eta ez dago harmonian biodibertsitatearekin, ezta parke naturaletan ere! Eta ez otsoari lekua egin nahi ez zaiolako, edota basurdeak etxe atarietara iritsi direlako; baizik eta babestutako eremuetan ere, aldundiak egurgintza, abeltzaintza edota erabilera publikoa lehenesten dituelako. Biodibertsitatearen azterketarako, zaintzarako edo berreskurapenerako ez dago ez estrategiarik eta ezta aurrekonturik ere.
Tristura honen erdian, baina, argi pittin bat ikusten hasi gara legealdi honetan. Aldundiak agindu du hemendik aurrera patronatu guztiak gutxienez urtean bi aldiz biltzeko deialdia egingo duela: udaberrian urteko egitasmoak azaltzeko, eta udazkenean balorazioak egiteko. Udaberrikoekin bete du hitza eta bildu dira parkeetako patronatuak.
Baina bilera horietara eramandako egitasmoetan ez dago inolako berrikuntzarik: larreetara iristeko pistak, txabolen mantenua, larre-azalerak emendatzeko landare mozketak edota sastraka garbiketak, suteak eta ongarriketak, abereentzat ur azpiegiturak eta zuhaitz-landaketen kudeaketarako matarrasak bezalako jarduerak dira lau parke naturaletan aldundiak ordainduko dituen gastuak.
Natura eta biodibertsitatea helburu ditugunok ere maite ditugu abereak, larreak nahi ditugu mendietan. Baina hori Nekazaritza sailaren alorra da, eta Aralar edota Aizkorri-Aratz parke naturaletan, Enirio-Aralar zein Arabako eta Gipuzkoako partzuergoena hurrenez hurren.
Bada, zer da Mendietako eta Natura Inguruneko zuzendaritzak ospatu nahi duena Gipuzkoako natur parkeen egunetan? Naturkonen parte garenok ere ospatu nahi ditugu egun horiek, baina ez dugu arrazoirik ikusten.