Gipuzkoako Foru Aldundiak hondakinen tratamendurako zentro pribatuaren alde egin du, askoz garestiagoa eta ilunagoa den gestio eredu baten alde. Aldundiak eta GHK-k Zubietan eraiki nahi duten hondakinen tratamendurako zentroaren inguruan eginiko adierazpenen harira hau azpimarratzeko modukoa dela iruditzen zaigu:
Lehenik eta behin, informazio falta salatu nahi dugu. Azken hilabeteetan erraustegi berriari dagokion informazioaren berri prentsa agerraldi bidez jasotzen ari gara, baina ez dago inolako dokumentu ofizialik honen inguruan. Ez abenduan erraustegiaren dimentsioen inguruan eginiko adierazpenetatik informazio zehatza ateratzeko,ez eta orain hondakinen tratamendu zentroaren gestio eredua azaltzeko egin dituzten adierazpenak informazio objektiboz osatzeko ere.
Agerraldi horietan informazioa eman baino gehiago balorazioak egiten dituzte. Esaterako, proposatutako zentroa jasangarritasun ekonomiko, sozial eta ingurumen irizpideei jarraiki eginiko proiektua dela esanez, inongo jasangarritasun txostenik erakutsi gabe. Edo Europar Batasuneko helburuekin eta ekonomia zirkularraren printzipioekin bat datorrela esaten dutenean, oraindik hurrengo urteetarako hondakinen sorrera, berrerabilera eta birziklapen helburuak zeintzuk diren zehaztuko duenhondakin planik ez dugunean.
Hurrengo urteetarako plangintza hau izan behar da lehen pausoa diagnostikoa egin, hurrengo urteetarako behar eta helburuak finkatuko dituena, eta datu horietan oinarrituz egin behar da azpiegituren plangintza, eta ez alderantziz, orain egin den moduan: lehenik azpiegitura motak eta horien dimentsioak zehaztu dira diagnostikoa eta helburuak ezagutu aurretik.
Zubietako hondakinen tratamendurako zentroan planteatzen ari diren azpiegiturei dagokienez, ELAk bi puntu azpimarratu nahi ditu. Batetik, gauza bakoitzari bere izenez deitu behar zaiola, hau da, energia balioztatzeko planta bat esaten dutenean erraustegiaz ari direla argitu behar da.
Eta, bestetik, biometanizazio planta ez dela hondakin organikoa tratatzeko modurik egokiena, askoz eraginkorragoa da konpostaje zentro bat. Bigarren horretatik ateratzen den konpostaren kalitatea askoz ere hobea da, baina horretarako hondakin organikoak modu selektiboan jaso behar dira, eta badirudi plangintza honetan derrigorrezko bilketa selektiboa alde batera utziko dela, dena nahastuta jaso eta ondoren tratatzea hobetsiz. Ondorio horretara iritsi gara tratamendu mota ikusita, ez baitugu informaziorik hondakinen bilketa sistema nolakoa izango den, oraindik hurrengo urteetarako plangintza ez baita ezagutzen.
Kudeaketa ereduari dagokionez, kudeaketa publiko-pribatuaren formulak zerbitzuaren pribatizazioa suposatzeaz gain, askoz ere garestiagoa izango da. Nahiz eta orain aldundiak ez dituen 200 milioi bideratuko zentro horren eraikuntzara, hurrengo 30-35 urteetan ordainduko den kantitatea askoz ere altuagoa izango da, eraikuntza eta kudeaketa kostuari enpresa pribatuaren irabaziak gehitu beharko baitzaizkio. Kudeaketa eredu hori beste azpiegitura batzuetan ere ematen da, esaterako autopista batzuen kudeaketan, eta dagoeneko jakina da zuzeneko gestio publikoa baino askoz garestiagoa ateratzen dela.
Aurreko Foru Gobernuak Zubietan egin nahi zuen hondakinen tratamendu zentroak ez zuen Jaurlaritzako Ingurumen Saileko Ingurumen Baimen Bateraturik (IBB) jaso, erabaki hura zalantzaz betea izan zen arren. Orain planteatzen ari diren zentroak, berriz, baimena eskuratu du, modu azkarrean eta askoz kutsagarriagoak diren azpiegiturak izanik. Baimen hori eman bada, txostena publikoa izan behar da, eta hori ere falta zaigu herritarroi.
Eskatzen diogu Gipuzkoako Foru Aldundiari erraustegia alde batera utzi eta aurretik eman diren aurrerapausoetan atzera ez egiteko. Gure etorkizuna, ingurumena eta osasuna baldintzatu ez dituen hondakinen kudeaketa eredu iraunkor bat posible delako, eta ez delako hain zuzen beraiek bultzatzen dutena.
Bestalde, eta informazio eta gardentasun falta larriak ikusirik, ELAk Gipuzkoako Foru Aldundiari exijitzen dio informazio hori guztia publiko egin dezala, gipuzkoarron eskubidea baita egoeraren berri izatea, eta, bide batez, erabaki horietan parte hartzea.
Gipuzkoako Aldundiaren apustua: hondakinen kudeaketa pribatizatzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu