Patronalak eta UGTk akordio antidemokratiko baten bidez Gipuzkoako erresidentzietako gatazka itxi nahi izan dute. Aldundiak (estrategia honen babesleak) akordioa txalotu du sektoreak behar duen «egonkortasunaren» izenean.
ELAk, sektorean %60ko ordezkaritza duen sindikatuak, ezin du ontzat eman emakumeen esplotazioan oinarritutako egoera «egonkortzea». Emakume langileak antolatu eta boteretu nahi ditugu lan baldintza onak lortzeko. Horretaz gain, oinarrizko zerbitzu publiko honetan langile kopurua handitu eta arretaren kalitatea hobetu nahi dugu. Hor kokatzen dira azken lau urteetan ELAk egindako 262 greba egunak eta ehunka mobilizazio. Gipuzkoako erresidentzietako egunerokoa ere azaleratu dugu; lan karga izugarriak, ordezkapen ezak edo arrisku psikosozialen gorakada, esaterako.
Akordio hau itxi baino astebete lehenago, Mercedesen Emilio Titosek ere (enpresaren zuzendari nagusia) bozkatu zuen erreferendum tranpati batean eta Raul Arzak (UGT-Euskadiren idazkari nagusia) babestu zuen. Lan-hitzarmena aplikatzen zitzaien langileek (tailerrekoak bereziki) ezezkoa eman zioten eta, hala ere, demokraziaren izenean beste guztiok beren akordioa sinatzea exijitu zuen. Ondoren, autoritarismo izugarriz eta Gipuzkoako erresidentzien langileen %7ko babesa bakarrik izanik, langile guztiei akordio hau inposatu nahi die. Batean eta bestean elementu bat errepikatzen da, UGT enpresen zerbitzura jartzea mobilizazioak desaktibatzeko. Oso erraza da beste sindikatuetako langileek egindako greba eta mobilizazioei esker lortutako hobekuntzen jabe egitea. Honi sindikalismo parasitarioa deitzen diogu.
Sasi-akordioak ez du erosahalmena bermatzen, %13,5eko igoera egongo omen da 2022, 2023 eta 2024an. Lehen bi urteetako urtearteko KPIa ikusirik, dagoeneko erosahalmen galera legoke. Bestelakoetan, erresidentzia gehienetan dauden atsedenaldiak eta antzinatasuna murriztu dituzte (langile askoren lan-baldintzak okertzea ekar dezake). Eta langileentzat ezinbestekoak diren beste gaiak (kontratazio duina edo lan osasuneko neurriak hartzea) aipatu ere ez dituzte egin.
Pandemia hasitakoan ELAk greba bertan behera utzi zuen, ezohiko egoerari aurre egin ahal izateko. Emakume langile hauek izugarri sufritu zuten ondoren, beraietariko asko lanean gaixotu ziren babes neurri egokirik ez zutelako eta egoiliar andanaren heriotzari egin behar izan zioten aurre. Aldundiaren eta UGTren ordaina hau izan da.
Aste hauetan Gipuzkoan sinatu diren Eraikuntza edo Papereko hitzarmenetan KPIa bermatuta dago. Bi hausnarketa: batetik, adinekoen egoitzetan ere ezinbestekoa da prezioen igoeren aurrean pobretuko ez gaituzten hitzarmenak lortzea. Bestetik, genero irakurketa, erresidentzien sektorean langile gehienak emakumeak dira eta diru publikoz diputazioak genero arrakala areagotu du.
Aldundiak zaintza eredu hau ezbaian jarriko duten ahotsak isildu nahi ditu. Gatazka hau modu honetan kudeatu nahi izatearen gakoa hortxe dago, aldundiak erresidentzietako egungo eredua betikotu nahi du. Enpresentzat zaintza negozio iturri da herritarron diruarekin, langile eta egoiliarrei ematen zaien zerbitzuaren kontura. Pertsonengan zentratutako eredua darabilte ahotan, etxean bezala sentitu daitezela nahi omen dute, baina helburu hau benetakoa balitz, ereduaren berrikuspena jarri beharko litzateke mahai gainean, ez baita bateragarria enpresen akzionistak kontent utzi eta langile eta pertsonenganako arreta hobetzea.
Akordio honek argi erakutsi du Gipuzkoako Aldundiaren jarrera inposatzailea. Ez dute onartzen inork kontra egin diezaien, horretarako langileen ordezkaritzaren %93ri lan baldintzak aldebakarrez ezarri behar bazaizkie ere. Pentsa dezakete horrela mobilizazioa desaktibatuko dutela, greban diren langileek etsiko dutela, baina euren haserrea handitzea besterik ez dakarte. Emakume esplotatu eta otzanak nahi dituzte, baina ELAtik alternatiba eraikitzen jarraituko dugu, langile klaseak, izan egoitzetako langileok, erabiltzaileok zein senideok asko dugulako jokoan. Udazkenak ere kolore morea izango du, mobilizazioz patronal eta politikari matxistak margotuko dituen kolorea.
Gipuzkoako adinekoen egoitzetan matxismoa nagusi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu