Pasatu den maiatzaren zazpian, Lasarteko kultur aretoan 200 bat guraso elkartu ginen, Zubietako lurretan eraiki nahi den erraustegiarekin eta horrek guretzat eta batez ere gure haurrentzat izan ditzakeen ondorioekin oso kezkatuta. Gugan sumatzen genuena isilduta zeuden familia askok eta askok sentitzen zutela bagenekielako, gure bizipenei eta eskubideei ahotsa jartzea erabaki genuen. «Gure seme-alabei ez dizuegu huts egingo» aginduaz hasi zuen bere ibilbidea GuraSOS taldeak.
Azken urte luze hauetan, gatazka eta zatiketa izan dira nagusi hondakinen kudeaketaren inguruan. Politikariek elkarri egurra emateko erabili dute gai hau, oraindik gainditu ezin dugun nahitaezko «irabazle» edo «galtzaile» izan behar horretan. Muturreraino politizatu den gai honen aurrean gizartea osatzen dugun pertsonok jokoz kanpo gelditu gara. Bada garaia egoera hau iraultzeko. Nork gelditu dezake, nork isildu guraso bat, etxeko txikien osasuna arriskuan dagoenean? Inork ez.
Erraustegiak ez omen dakar osasunarentzat ondorio txarrik eta ez dagoela kezkatzeko arrazoirik, baina gu lasaitu nahian dabiltzanak ez dute su hori nahi bere inguruan. Mesfidantza da nagusi herritarren artean eta horrek ez dio inori mesederik ekartzen. Abiapuntua informazioa da. Adituen eskutik datorrena, zuzena, zehatza, fidagarriak diren ikerketetan oinarritua, kontrastatua eta ezkutuko interesik ez duena. Horrelako mahai batean egin daiteke benetako eztabaida. Zergatik ukatu zaigu eskubide hau? Propaganda nahiz iritzi interesatuak eskaini dizkigute informazioa balitz bezala. Umeak babestu nahi ditugu bai, baina geu ez gara umeak!
Gipuzkoako Foru Aldundiak, PIGRUG berriaren aurrean herritarrok aldarrikatu dugun parte hartu nahia, eta bere arau foralek garbi adierazten dituztenak aintzakotzat hartu gabe, bide zaharretik jarraitzen du, eta ahal bezain azkarren eskuetan eduki nahiko luke erraustegiaren obren lizitazioa. Guk, ordea, ez daukagu ahaztuta Ingurugiroari eta osasunari dagokienez legeak garbi azaltzen duela parte-hartze prozesua herritarrengana ireki behar dela. Ez diogu uko egingo eskubide horri, baina urrunago joan nahi genuke; denok irabazle izan gaitezkeen prozesuan parte hartu nahi dugu. Denok elkarrekin antolatu behar dugun hondakinen kudeaketarako plan berrian, gure haurren osasuna bada helburua, bidea berriz adostasunak eta akordioak egin beharko luke. Gatazka garaiak atzean utzi eta denok onar dezakegun irtenbidea aurkitu behar dugu elkarrekin.
Erronka berri honen aurrean konfiantza berreskuratu behar dugu informazio zuzenaren eta elkar lanaren bidetik. Plan berri baten atarian gaude, zatituz egin ez duguna elkartuz lor dezakegu. Herritarron garaia da eta garaiz gaude. Barkatu politikari jaunok, baina hondakinen gaia garrantzitsuegia da soilik zuen eskuetan uzteko. Pasa gaitezen maila baxuko demokrazia batetik maila duineko demokrazia baterantz. Herritarrengana hurbiltzen diren politikariak nahi ditugu, ez herritarrekin ahaztuta lanean dihardutenak.
Datorren azaroaren 26an Gipuzkoa + akordio osasuntsu baten alde lelopean GuraSOSek Donostian egingo den manifestaldira dei egiten du.
Gipuzkoa+: osasuna helburu, adostasunaren bidetik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu