Gipuzkoa, bide sare iraunkor baten alde

2013ko abuztuaren 3a
00:00
Entzun
Koka dezagun testuinguruan Gipuzkoako errepideen arazoa. Bildu duela bi urte heldu zen Gipuzkoako Foru Aldundira, eta ez zuen denbora luzeegia behar izan ezaguna zen zerbaiten diagnostikoa egiteko: aurreko gobernuak Gipuzkoa eliteen, patronalaren, adreiluaren eta zementuaren jabeen beharren arabera kudeatzeko molde baten azken astinduak eman zituen. Horren adibide garbia Gipuzkoako errepideak dira; iraunkortasunari erreparatu gabeko inbertsioak egin ziren, planifikazioa ez zen mugikortasun premien arabera egin, enpresa eraikitzaileen beharren arabera baizik. Esate baterako, 2007tik 2011ra bitartean, 2.000 milioi euro baino gehiago inbertitu ziren errepideetan; 382 milioi euro inguruko desbideratzea egon zen errepideetako obretan (63.000 milioi pezeta!); aurrekontuak inbertsio horiei aurre egin ahal izateko diru sarreren oso gainetik zeuden; eta ezin saihestuzko zorpetzea eragin zuen, 895 milioi euro Bidegin eta 560 milioi Gipuzkoako Foru Aldundian. Gainera, Gipuzkoa erdiak dirutza ordaindu du bidesaritan, beste garraio aukerarik ez zuelako. Lehenengo diagnostiko horren ondorioz, Aldundiak erabaki zuen AP-8 eta AP-1 autobideetako odolusteari amaiera ematea eta hilean, gehienez ere, 25 euroko kostua ezartzea gipuzkoarrentzat. Gipuzkoarrak ez diren gainerako ibilgailuei ere hori bera ezarri nahi genieke, baina banketxeek Bidegiko diru kutxa akituetan egiten duten markaketak ez du horretarako aukerarik ematen, momentuz.

Gipuzkoako ekialdea, Irun-Etxegarate korridorea, nazioarteko garraioaren ardatz garrantzitsua da, eta ibilgailu ugari igarotzen dira bertatik; hain zuzen ere, ibilgailu astunen %75 eta ibilgailu arinen %30 ez da Gipuzkoakoa. Alabaina, mantentze kostuak gipuzkoarrok bakarrik ordaintzen ditugu. Azken zortzi urteetan, gure zergen kontura, 340 milioi euro inbertitu dira N-I, N-121-A (Endarlatsa), GI-632 (Beasain-Bergara) eta A-15 (Leitzaran) errepideetan, eraikuntza eta mantentze gastutan. 2013an, Foru Aldundiaren aurrekontuetatik 44 milioi euro bideratuko dira errepide horietara. Ikusirik errepide horietatik igarotzen diren iragaitzezko ibilgailuen portzentaje handia, arrazoizkoa dirudi mantentze gastuak haiekin partekatzea, gaur egun gipuzkoarrok bakarrik ordaintzen baititugu. Premiazkoa da errepide horien segurtasun, hobekuntza eta egokitzapenean inbertitzea, baina oraingoz ezin zaio aurrekontu arrunten bidez zeregin horri heldu. Artapen premia horiei gehitzen badiegu Bidegik zorrak itzultzeko plan jasanezina duela, laster gipuzkoarrok orain jartzen ari garena baino askoz gehiago jarri beharko dugu gastu horiei aurre egiteko.

Ezin dugu inola ere onartu, 2015ean, gizarte politikarako, berrikuntzarako, euskararako edo garraio publikorako aurrekontuak murriztu behar izatea errepideetako beharrei erantzuteko, ikusirik %75eko garraio astun horrek, gure errepideak benetan hondatzen dituenak, gure bide sarea erabiltzen duela mantentze gastuetarako ezer jarri gabe. Horregatik aurkeztu berria dugu errepide horien finantzaketarako Foru Arauaren aurreproiektua. Badakigu bertako garraiolaria izango dela kaltetuena eta, horregatik, espero dugu adostasuneko irtenbideak aurkitzea ohiko erabiltzaileen gainean erortzen den karga hori arintzeko; baina, guztiz beharrezkoa da beste %75 horrek ere gastu horretan parte hartzea. Udazkenean beste Foru Arau bat aurkeztuko dugu ibilgailu arinentzat, horiek ere parte hartu beharko bailukete mantentze gastuan. Baliabide berri horiekin, bide segurtasuna hobetzea eta garraio publikoa eta mugikortasun iraunkorra (bidegorriak) indartzea lortuko dugu.

Inprobisatzea eta landu gabeko sistema bat proposatzea leporatu digute. Hitz funsgabeak dira: Bide Azpiegituretako foru diputatua eraginkortasunez ari da lanean, eta hura jazartzeko asmoz, mespretxua erabiltzen dute batzuek irtenbideak proposatu beharrean. Errespetu pixka bat diputatu andrearentzat eta konponbiderik onena aurkitzeko 20 hilabetez lanean aritu diren aditu guztientzat, azkenean ederki lortu baitute helburua. Fluxu askea ahalbidetzen duen sistema bat lortu dute, teknologiaren aldetik punta-puntakoa eta aurreko legealdian proposatzen zituzten bidesarien diru sarrerak laukoizten dituena.

Imajinak eta Aztikerrek mugikortasunaren azterlan aitzindaria egin dute Irun-Etxegarate ardatzean, orain arte ezagutzen ez ziren eta ardatz horretako mugikortasuna ezagutzeko funtsezkoak ziren datuak eskuratuz; Tekiak, Tecnaliak, Mugikortasuneko eta Bide Azpiegituretako Departamentuko adituek eta Carlos Griell jaunak, alor horretako erreferenteak, konponbide teknologiko puntakoenera bideratu gaituzte; Aldundiko zerbitzu juridikoek eta Guevara&Medrano legelari langela ospetsuak proposamenaren legezkotasuna eta Europar Batasunaren onespena ziurtatu dituzte; eta Ogasun Departamentuak eta Magnolia Financials enpresako finantzetan adituek proiektuaren bideragarritasun ekonomiko bikaina egiaztatu dute. Beraz, lana egina dago. Batzar Nagusiek onartzea geratzen da, beraiek baitute eskumena; Horrela izatea espero dugu, bestela konpondu beharreko arazo larria izaten jarraituko dugu errepideen mantentzeari dagokionez eta kudeatu beharko den zorraren oinordetza zorigaitzekoa izaten jarraituko dugu. Ez litzateke bidezkoa izango karga hori gipuzkoarrek soilik bere gain hartzea, Gipuzkoako errepideak erabiltzen ditugun guztion artean partekatu beharrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.