Gipuzkoa berrirantz

Martin Garitano.
2011ko abenduaren 31
00:00
Entzun
Urtea amaitzear dagoen honetan, uste dut garaia dela, azken hilabeteotan bizi izandakoari buruz eta datorren 2012ari buruz, zenbait aitorpen eta hausnarketa egiteko. Ekin diezaiogun, bada!

Iragan ekainetik, Gipuzkoako Foru Aldundiko gobernuaren ardura Bilduren esku dago, gipuzkoarrek hala agindu zutelako, eta, aurkeztu genuen gobernuaren eredu-aldaketaren ezkerreko egitasmoa hautatu zutelako. Zaharraren eta berriaren artean, herritarrek, gauzak egiteko beste era bat aukeratu zuten, solidarioagoa, progresistagoa… ezkerrekoa, eta horra hor ekaineko hauteskundeen emaitzak. Baita azaroan izandakoenak ere. Argi eta garbi hitz egin dute herritarrek, eta guri dagokigu egitasmoa gauzatzea, ametsak errealitate bihurtzea. Horretan gabiltza Aldundian eguneroko jardunean.

Sei hilabete besterik ez dira igaro, urte luzez beste eredu baten aldeko gobernuaren ostean gauzak eraldatzeko lanetan hasi ginenetik. Hala, inolako harrokeriarik gabe baina harrotasunez esan genezake lehenengo urratsak egin ditugula. Horien artean, hor dugu, PSErekin negoziatu ostean, Aldaketa Fiskalaren lehenengo urratsa, datorren urtean segida izango duena. Hor duguhondakinen kudeaketa-eredua aztertzeko EAJarekin lortutako adostasuna ere.

Hondakinen arazoari irtenbideak emateko zero zabor filosofian joan behar dugu sakontzen, eta, horretan, ez dugu ahaztu behar, 46 udalek konpromisoa erakutsi dute. Hondakinak gutxitzea eta selektiboki biltzea, alegia, ondo biltzea, hori da bidea. Erraustegia atzera egitea litzateke, hainbat herritan frogatutzat eman duten irtenbidea erretzea. Horregatik, arduraz jokatzea dagokigu. Bidea luzea izango da, baina urrats esanguratsuak emateko garaia dugu, eta emango ditugu. Urtetako hondakin gehiegikeriari konponbidea ematen hasi behar dugu. Ondorengo belaunaldiei zor diegu.

Bestalde, gure lurraldeko errepideen finantzaketaren inguruan ere aurrerapausoa eman dugu, PPren bozkak bilduz, eta Batzar Nagusietan, bidesarien inguruko batzordea osatuz. Eta urtea amaitu aurretik, datorren 2012ko aurrekontuak aurrera adostu ditugu, Aralar eta EAJren ekarpenekin. Ez da gutxi!

Eta esan beharra dago, era berean, akordio horiek guztiak guk proposatzen dugun eredu aldaketari uko egin gabe lortu ditugula, malgutasunez negoziatuz, eta inoren printzipioei uko egin gabe akordioak egiteko gure estiloa aplikatuz. Aldaketa lideratu behar dugula uste dugu, baina baita besteekin ere kontatu behar dugula ere.

Urte berriak horrelako ekarpen baikor gehiago egiteko aukera emango digu, baina jakin badakigu erronka zailak parez pare ditugula. Hor dago pairatzen dugun krisi ekonomiko latza, baita oraindik horrenbeste sufrimendu sortzen duen gatazka politikoa ere. Eta biei indar eta konbikzio handiarekin egingo diegu aurre hurrengo hilabeteetan.

Gertutik ezagutzen dugu langabeziak, prekarietateak, pobreziak dakarten sufrimendua, antsietatea. Eta gertutik lan egingo dugu, gure indar guztiak jarriz, eredu ekonomiko injustu eta insolidarioak sortutako egoera jasangaitza gainditzeko bidean, lehentasunezkoa baita gure bizikideen ongizatea bermatzea. Hori, arduradun politikooi dagokiguna da. Eta egingo dugu.

Gatazkapolitikoaz ere hausnarketa egin nahi nuke. Azken hilabeteetan une oso garrantzitsuak bizi izan ditugu: Gernikako Akordioaren haritik, Aieteko Bake Konferentzia, ETAren erabaki historikoa… Baina asko falta da oraindik ere injustiziak sortutako gatazka behin betiko gainditzeko. Ilegalizazioen garaia gainditu behar da, euskal preso politikoen auzia konpondu, alderdien mahaia osatu eta, finean, herriari hitza eman. Hori da falta dena, eta hor dago gatazkaren konponbidea, ez beste inon. Behingoz herriari hitza eman, hori baita herriaren gehiengoak nahi duena, hori baita errespetua, demokrazia, bizikidetza, askatasuna eta bakea. Hori da guk, Gipuzkoako Foru Aldunditik nahi duguna, eta bide horretan ere eskuzabaltasunez eta emankortasunez lan egingo dugu.

Hasieran esan bezala, bidearen lehenengo metroak besterik ez ditugu egin, baina datozen erronkei ere aurre egiteko prest gaude: ilusioz beterik, gainera. Ekonomia arloko datuak ez dira baikor sentiarazteko modukoak, baina industria-ehuna indartuz krisiari aurre egiteko akordio transbersalak bultzatu beharko ditugu, eta ekonomia produktiboa indartzeko neurriak hartu. Aldaketa Fiskalean beste urrats berri eta ausart batzuk egin beharko ditugu, elkartasun sozialean oinarritutakoak, alegia. Eta hondakinen arazoari irtenbide arrazional, eraginkor eta ekologikoa eman behar diogu. Ez dira, ez, erronka makalak, ezta bakarrak ere. Hor ditugu, adibidez, Pasaiako badia biziberritzeko egin beharreko pausoak, edota Kutxabank benetan eraginkorra eta elkartasunezkoa sortzea eta bermatzea, bidesarien eredu aldaketa, udalen finantzaketa egoki baten alde egitea eta askok bizi duten ataka zail honetan laguntzea, jendartearen parte-hartze marko berriak sortu eta sendotzea, gizarte zerbitzuak ahalbidetu eta bermatzea, euskararen normalizaziorako konpromisoak lortzea, Aldundiaren egoera ekonomikoa saneatzeko erabakiak hartzea, eta abar. Lan eskerga dugu egiteko.

Horretan guztian eragiteko etorri gara, eta, jada, hasi gara egiten. 2012an, gehiago egingo dugu. Ilusioa dugu, indarra dugu, konfiantza dugu, eta aldaketa, egin, egingo dugu.

Urte berri on guztioi!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.