LAB sindikatuko kideak

Gimenoren eta PSNren eskuetan da Lanbide Heziketaren kudeaketa

Mikel Auza Makutso eta Oihane Jordana Mosen
2025eko martxoaren 30a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Aurreko batean, Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilaria komunikabideen aurrean atera zen harrokeriaz esateko Nafarroako Foru Komunitea Europar Batasuneko hiru eskualdeetako bat dela eta estatu espainolean bakarra Lanbide Heziketan %100eko enplegagarritasuna egiaztatua duena, Lanbide Heziketako Bikaintasun Zentroen Espainiako sarean bost ikastetxe publiko dituena, eta Oinarrizko eta Erdi Mailako Lanbide Heziketarako sarbide tasarik onenak dituena. Lanbide Heziketaren aldeko apustu sendoa egiten jarraitzen duela gaineratu zuen.

Hala ere, LHko ikastetxeek eta Nafarroako irakasleek beste adierazle bat ematen digute, guztiz desberdina, kontseilariak ezkutatu edo saihestu egiten duena. Hainbat kolektibok edo LHko ikastetxe integratuk argitaratutako oharrak irakurtzea besterik ez dago beste erradiografia bat izateko, Gimenok aurkezten digunaren oso ezberdina.

Elizondoko IIP ikastetxe integratu politeknikoko eta Berako Toki Ona BHIko irakasleek kontseilariari eskatu diote eusteko ikastetxe berria eraikitzeko hasierako proiektuari, baita haranen beharrei erantzuteko adostutako eta diseinatutako hezkuntza eskaintzari ere. Gaur egun, Gimeno jauna hau guztia berrikusten ari da, aurretik proposatutakoa baino txikiagoa den ikastetxe bat berriro diseinatzeko, eta haranak biltzen dituzten irakasleak eta udalak erabaki horren aurka daude. Baina Hezkuntzako kontseilari jaunari berdin zaio eta eskualdeko Lanbide Heziketako eskaintza akademikoa aldatzen du, eta, horrekin batera, ikastetxea eraikitzeko proiektua, inolako azterketarik egin gabe eta azken hamabi urteetako lana zakarrontzira botaz.

Hezitzaileen Eskolako ikasleen ahaideek prentsaurrekoa eman zuten, adieraziz, ikasleak ikastetxe berrira bideratu aurretik ikastetxean egiten ari diren obrek amaituta behar zutela egon. Gaineratu zuten beldurra zutela Hezkuntza Departamentuak Lanbide Heziketako hezkuntza eskaintza berria laster iragarri behar zuelako eta ikastetxean emandako zikloak alda zitzakeelako. Salatu zuten hezkuntza-eskaintza ez zela ezagutzen, ez baitzieten ikastetxeko irakasleei kontsultarik egin edo informaziorik eman. Hezitzaileen Eskolako irakasleek ere kexa bat egin zuten, beren sinadurekin, eta bertan salatu zuten espazio nahikoa ez zegoela eta, ondorioz, eskaintza aldatu nahi zela, aldez aurretik informaziorik eduki gabe. 

Virgen del Camino IIPan, Eraikuntza proiektuak zikloko irakasleek eta ikasleek jakin berri dute Imarkoaingo Energia Berriztagarrien Goi Mailako Zentro Integratura eramanen dutela zikloa 2025-2026 ikasturtetik aurrera. Datorren ikasturtean 1. mailako ikasleak Imarkoainen egongo dira eta 2. mailakoak Txantrean. Irakasleak imajinatzen ditugu alde batetik bestera, eta Departamentua non kokatuko den auskalo. Ikastetxeko Zuzendaritzak ez zuen horren berri, eta honen eraginez, LHko beste ikastetxe bat eta haren hezkuntza komunitatea haserre daude.

2022ko apirilean, udal eta foru hauteskundeak baino pixka bat lehenago, kontseilari jaunak eta María Txibite lehendakariak jakinarazi ziguten LHko zentro berri bat sortuko zela Iruñean edo eskualdean, eta bertan ikasleak hazkundean dagoen enpresen digitalizazioan prestatuko zirela. Ikastetxea 2025-2026 ikasturtean jarriko zen martxan, Informatika eta Komunikazioak, Elektrizitatea, Instalazioa eta Mantentze lanak eta Fabrikazio Mekanikoa zikloekin. Horiek guztiek lotura handia dutela Industria 4.0rekin eta nafar ekonomiarekin. Are gehiago, hezkuntza eskaintza horren zati bat hartzen duten Virgen del Camino, Donapea, Donibane eta M. Ana Sanz ikastetxe integratu politeknikoen erabilera berregokitu beharko litzatekeela gaineratu zuten. Inork ba al daki ezer horretaz? Ez, hauteskundeen hurbiltasunaren ondorio izan zela argi geratu da. 

LABen ezin dugu ulertu Iruñerriko D ereduko ikasleentzako dagoen euskarazko LHko eskaintza urria, edo eremu euskaldunean dagoen Sakana LH IIPn gaztelaniaz eskaintzea ziklo gehiago euskaraz baino. Kasu honetan ere ez zaie ikasleen eta familien nahia eta eskaria interesatzen. Baina lanbide heziketa elebiduna ingelesez eskaintzen du, edozein modutan, inolako berme akademikorik gabe.

Amaitzeko, ikastetxeen edo zikloen eskaintzarekin jarrai genezakeen arren, edo DUALekin edo irakasleen lan karga handitzearekin, eta abar. Ezin ditugu ahaztu LHko Pedagogia Terapeutikoko irakasleak, DBHko osagarria aldarrikatzen dutenak, bigarren hezkuntzako beren kideek jasotzen duten bezala, edo Irakasle Teknikoak, behin eta berriz LHko bigarren hezkuntzako lankideen lan bera egiteagatik osagarri bat eskatzen dutenak. Ordainsari berdintasunaren kontzeptuaren arabera, lan berberak egiten dituzten pertsonek ordainsari bera jaso behar dute, sexua, arraza, sexu orientazioa, nazionalitatea, erlijioa edo beste edozein kategoria kontuan hartu gabe, baina kontzeptu hori ahaztu egiten zaio Hezkuntza kontseilaria kide duen Nafarroako Alderdi Sozialistari.

Egia da Lanbide Heziketako eskaintzaren eskumena Hezkuntza Departamentuarena dela, kontseilariak adierazi bezala. Baina urteko eskaintza akademikoa egiten denean, Lanbide Heziketako Zuzendaritza Nagusiak lanbideratzearen parametroetan oinarrituta ezarri behar du, sektore sozioekonomikoaren eskaeretan oinarrituta eta Nafarroako LHko ikastetxeetako klaustroei informazioa emanda eta hauek entzunda. Gaur egungo kontseilaria dagoenetik ez da horrelakorik egiten. LHko irakasleak ez ditugu inoiz ikusi azken urteotan bezain nekatuta eta haserre.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.