Irakasleak eta LABeko kideak

Gimenoren eta Hezkuntzaren jarrera itxiaren aurrean, irakasleok antolatu eta borrokatu

Hodei Tapia eta Oihane Jordana
2025eko urtarrilaren 28a
15:25
Entzun

Urteak daramatza hezkuntza publikoaren kalitateak gain behera. Hezkuntzako inbertsioa ez da nahikoa, ez direlako nazioarteko estandarrak betetzen (aurrekontuaren %5 baino gutxiago da). Horrek esan nahi du ez dugula baliabide pertsonal zein material nahikorik planteatzen zaizkigun erronkei aurre egiteko. Ez gara gai gaur egungo ikasleen beharrei aurre egiteko eta irakasleok ere gaindituak gaude. Hori gutxi izango balitz bezala, Gimeno buru duen departamentuak erakutsi duen jarrera itxia izan da batzuetan gure eskakizunen aurrean, eta erasokorra besteetan (absentismo tasa altuak ditugula, 55 urtetik gorako irakasleen kontrako erasoa...).

Azken ikasturteetan saiakera desberdinak izan ditugu: mahai sektorialak, lan taldeak... LABen negoziazioaren aldeko jarrera erakutsi dugu beti, baina emaitzak eskasak izan dira eta Gimenoren eta Hezkuntzaren aitzakiak hamaika izan dira.

Hori dela eta, pasa den ikasturte amaieran hezkuntza publikoko sindikatu guztiok bat egin genuen. «Aski da!» esan eta gure aldarrikapen taula osatu genuen. Gimenoren jarrera alda zedin, greba egunera deitu genuen ikasturte hasieran. Hezkuntza Departamentuak darabilen aitzakia deuseztatu nahi genuen; diru iturririk ez dagoela, alegia. Horregatik, ikasturte hasieran kokatu genuen borroka fase berria, ezohikoa izango zela iragarriz. Aurrekontuak negoziatzen ari ziren epean nahi genuen eragin, eta baietz lortu! Egindako mobilizazioek sekulako arrakasta izan dute. Nafarroako agenda politikoan gaude eta gizarteak ere gure aldarrikapenekin bat egitea lortu dugu. Eta horretarako bidea irakasleon antolakuntza eta mobilizazioak izan dira.

Lehenengo greba eguna oso arrakastatsua izan zen. Milaka irakaslek greba egin zuten eta Nafarroako kaleak bete genituen. Hala ere, ez genuen Gimenoren erantzunik jaso hurrengo egunetan. Beraz, irakasleon babesa ikusirik, aurrera jarraitu behar genuela erabaki genuen aho batez eta bigarren greba deialdia iragarri genuen. Egoerak gaindituta, Hezkuntza Departamentua behartu genuen gurekin elkartu eta negoziazio prozesua abiatzera; baina gogo gabe egin zuten, alde guztietatik presionatuta eta negoziatzeko benetako borondaterik gabe. Horren ondorio izan dira aurkeztu dituzten proposamen eskasak, oso urrun daudenak gure aldarrikapenetatik.

Akordio zabaletara iristeko aukera zegoen, baina Hezkuntza Departamentuak zapuztu egin ditu. Horren ordez, gutxiengo sindikala osatzen duten hiru sindikaturekin negoziatzea erabaki du, horrek suposatzen duen zilegitasun eta babes faltarekin.

Bitartean, LABek argi ikusten ditu irakasleon beharrak. Hezkuntza sistema publikoak aldaketarako premia biziak ditu, ez baikara irakasleak egoera honetan kaltetu bakarrak. Hezkuntza Laguntza Espezialistako lankideek ere greba egun arrakastatsua izan zuten pasa den azaroaren 14an, 0-3 zikloak hankaz gora jarraitzen du (2 urteko gelen inposaketa, publifikazioaren bidea jorratu gabe...).

Ikasturte hasieran hasi genuen bidea geldiezina da eta urtarrilaren 30eko grebaren bidez horrela erakutsiko dugu berriz ere! Bidea luzea eta neketsua izango da, garaipenak ez direlako egun batetik bestera lortzen. Epe luzeko ikusmiraz eta etengabeko lanari esker lortuko ditugu (pentsionisten borroka izan daiteke adibiderik argiena). Soilik horrela eginen dugu aurrera gure lan baldintzetan eta soilik modu horretan lortuko dugu ortzi mugan dugun hezkuntza kalitatea hobetzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.