Gezurrei eta egia erdiei buruz

2014ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Susmoa dut ez dela atsegina Enplegu Plan bat zalaparta handiz aurkeztea, eta, horri erantzunez, sindikatu guztien ahobatezko kritika eta Euskadiko EGAB Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen txosten gogor bat jasotzea. Horixe da Jaurlaritzari gertatu zaiona, eta, horregatik, ulergarria da Amaia Arregi EAJko legebiltzarkideak orri hauetan joan den ostiralean islatu zuen ezinegona, horrela bakarrik har daitekeelako EH Bilduri «iritzi publikoa manipulatzea» eta «engainatzea» leporatzea. Eta dena EGABeko presidenteak Legebiltzarrean egindako agerraldiarekin Enplegu Planari egiten dizkiogun kritika nagusiak baieztaturik ikusi ditugulako. Zehatz esanda, Planak ez diela inbertsio eta enplegu publikoari merezi duten arreta ematen; «jada garatutako edo programatutako ekintza bilduma baino ez dela», EGABek erabilitako hitzak errepikatuz; beharko liratekeen baliabide ekonomikoak falta zaizkiola, eta ez duela sindikatuen iritzia, funtsezkoa dena, kontuan hartzen. Arregi andereak berak ere ez du gabezia hori ukatuko, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuen kritika bortitzak entzun eta gero.

Antza denez, Amaia Arregik nahi du guk bere iritziarekin bat egitea eta EGABen analisian, EAJk bezala, EH Bilduk ere laudorioak besterik ez ikustea, bertan kritika ugari ere egon badagoen arren, EAJri gustatu ala ez. Kritika sakonak, gainera, gure ustez. Logika politikoari begiratuz, normala da EAJko bozeramaile bat EGAB Jaurlaritzaren Enplegu Planarekin pozaren pozez dagoela sinetsarazten saiatzea. Izan ere, Arregiren arabera, EGAB poz-pozik dago Planarekin berarekin, eta haren txostenari Jaurlaritzak eman dion erantzunarekin. Ulergarria logika politiko horren barruan, baina zeharo onartezina horretarako EH Bilduren aurka jotzen badu, «egia erdiak eta gezurrak erabiltzea» eta EGABen agerraldiari buruzko «interpretazio interesatua egitea» egotzita. Arregi andereak argumentu-pobrezia nabarmena erakutsi du, gainera, horrelakoak idazten. Onartezina, diot, baina, batez ere, errealitatearen distortsio arazo bat azalarazi duelako. Bide batez, bitxia da EAJk EGABen hitzak manipulatzea leporatzea, EGABen bertan, dakigunez, inork ez duelako ustezko manipulazio hori ikusi.

Arregi anderea bezala, ni neu ere EGABen agerraldian egon nintzen. Egia da haren presidenteak esan zuela Jaurlaritzak Enplegu Planean EGABen ekarpen asko jaso dituela eta, horren harira, sintoniaz ere hitz egin zuela. Baina egia da, halaber, EGABeko presidenteak Gobernuaren Planak oinarrizko arlo batzuetan dituen gabeziak agerian utzi zituela. Ez du manipulatzen gabeziez ohartarazten duenak, gabeziak ezkutatzen saiatzen denak baizik, eta hori da EAJko legebiltzarkidea egiten ari dena, arrakasta handirik gabe, dena esan behar badut.

Agian Arregi andereak manipulatzea egotziko dit berriro ere, baina, hala eta guztiz ere, gogora ekarriko ditut EGABek egin zituen ohartarazpen batzuk, Jaurlaritzak aintzat hartu ez zituenak, hain zuzen ere. Lehenik eta behin, benetan garrantzitsua delako, «inbertsio publikoa handitu» beharra. Eta horrekin batera, Lakuako Gobernuari «enplegu publikoak jokatu beharreko paper garrantzitsua» ahaztu egiten zaiola bere Plan horretan. Oso adierazgarria da, halaber, ondorengo oharpena: «Sail ezberdinek garatutako programa bilduma baten aurrean gaude, baina Enplegu Plan batek ezohiko zerbait izan behar du, arlo horretan egiturazko politikak indartuko dituena, alegia».

EAJko legebiltzarkidearen arabera, EGABek ez du esan Enplegu Planera bideratutako bitarteko ekonomikoak motz geratzen direnik, eta arduragabekeriaz jokatzea leporatzen digu kontrakoa esateagatik. Nola ulertu orduan EGABen ondorengo ohartarazpena? «2013-2016 eperako 3.315 milioi euroko kopuru globalaren atzean agertzen da aurrekontu-esfortzua 960 milioi eurora bakarrik heltzen dela». Jaurlaritzak kopuru hori 1.007 milioiraino igo izana —ezta 12 milioi gehiago urteko— nekez izan daiteke nahikoa.

Bereziki larria da, gainera, gazte enpleguaren sustapenari dagokionez, Planak «ez duela kontuan hartzen ez enpleguaren kalitatea, ez bere jarraitutasuna». EGABen hitzak dira. Eta beste hauek ere bai, sindikatuekiko elkarrizketa faltaren harira: «Hori Planak duen gabezia da, Plana modu egokian garatzeko beharrezkoa izango delako eragile ekonomiko eta sozialekiko interlokuzio zuzena egotea».

Horiek guztiak aipu literalak dira, eta ulergarria da EAJren gustukoak ez izatea, baina gezurrei eta egia erdiei buruz hitz egiten badugu, Arregi anderea, argi dago nork manipulatzen duen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.