Fracking-arena eztabaida faltsua da. Hidrokarburoen ekoizpenaren gailurra gero eta jende gehiagoren ahotan dagoen une historiko honetan, AEBetatik irtenbide miragarria etorri den ilusioa saldu nahi digute bozgorailu ofizialetatik. Bat-batean, gasa eta petrolio ekoizpenak gorantz egin dezakeen albistea iritsi da, hasieran zurrumurru gisa, eta azken hilabeteetan aho betez. Enplegua! Aberastasuna! Urte askotarako hornidura! Ingurumenari kalte egin gabe!, diote.
Ingurumenarekiko kalteak, ordea, AEBetan gertaturikoaren ostean, dagoeneko ezin dira ezkutatu. Gero eta ugariagoak dira lurrean, uretan, airean, paisaian edo osasunean eragindako sarraskiak. Alde horretatik, ezer gutxi dago eztabaidarako. Fracking-a ingurumenari kalterik gabe egin daitekeela diotenek iruzur egiten digute.
Baina etekinen eztabaidan sartzen garenean, azkarregi ematen ditugu ontzat zulatzaileek eta beren babesleek kontatzen dizkiguten kontuak. Ingurumenean kalterik sortuko ez dutela gezurra den moduan, argi ikus daiteke adierazitako epe luzerako hornidura hori (eta honen menpean dauden aberastasuna eta enplegua) ez dela inolaz ere etorriko.
Euskal Herrian bezala, AEBetan ere fracking-a epe luzerako horniduraren lelopean iritsi zen. 100 urterako gasa!, zioten zulatzaileek, komunikabideek eta politikariek. Baina fracking-aren urrezko aroa hasi zenetik oraindik hamar urte pasatu ez direnean, oparotasuna itzaltzen ari da jada. Adibide bat jartzearren, 2012. urtean gasaren salmentan ateratako etekinak zulatzeko gastuak baino askoz txikiagoak izan ziren. Errentagarritasunak, bai ekonomikoak bai energetikoak, beherantz egiten du egunetik egunera.
David Hughes-ek, azken urteetan egin diren putzuetan ekoizpen tasak aztertu ondoren, fracking-ak epe laburreko bizitza izango duela ondorioztatzen du. Eskualde oparoenak zulatu eta berriz zulatu ondoren, eremu emankorrak agindu baino askoz txikiagoak zirela ikus daiteke. Hobi gehienek ekoizpen gailurra atzean utzi, eta gain beheran daude, segurtasun energetikoa fracking-aren bitartez ez dela bermatuko agerian utziz.
Bitartean, ordea, karbono isuri txikiko energia eredu baterantz abiatzeko beharrezkoak diren inbertsioak fracking-a bezalako ekimenetara bideratzen ari gara. Madrileko gobernuak berriztagarriak ito eta fracking-ari alfonbra gorria ipini diola lotsarik gabe aitortzen du, estrategia energetikoa hidrokarburoen bide laburrari lotuz. Euskal Herrian horren ozenki ez bada esaten ere, fracking-ak gobernuan bidelagunak topatu ditu eta zulatzeko planak aurrera doaz, diru publikoaz babesturik.
Fracking-aren eztabaida desbideratua dago. Gaur egun dakigunarekin, auzia ez da ingurumenaren eta ekonomiaren arteko aukeraketa. Fracking-ak ingurumenean kalteak izango ditu, noski. Baina ingurumenaz haratago, fracking-ak denbora, dirua eta esfortzua norabide okerrean bideratuko ditu.
Burujabetza energetikoak kontsumoaren murrizketak eta berriztagarrietan egindako aurrerapausoak ekarriko dizkigute. Ez dago beste irtenbiderik.
EZTABAIDA GELA. 'Fracking'-a
Gezurrak hanka motzak ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu