Gezurrak eta estrategiak herri kurduen aurka

Nekane Solaberrieta Aitor Ezkurdia
2015eko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
PKK-k Turkiako Gobernuarekiko alde bakarreko su-etena iragarri zuenetik bi urte igaro diren honetan, Kurdistango alde nahasi honetan mozorroak erortzen ari dira. Turkiak, NATOko kide eta ISISen bultzatzaile eta estalki den horrek, probokazio andana egin ditu PKK-k aipaturiko prozesua hauste aldera. Orain arte, probokazio horiek ez dira eraginkorrak izan, baina azken egunetan are gehiago hazi dira. Erdogan buru duen Ankarako gobernuak asteak daramatza PKK-k Kandil mendietan dituen kokalekuak bonbardatzen. Denbora horretan, Erdoganen gobernuak mugimendu kurduaren aurkako jazarpen estrategia bortitza eraman du, bere menpeko herri eta hirietan ehunka kide atxilotuz. Haratago, Turkiak, Iraken kokatutako gobernu kurdu autonomoko ordezkari den Barzanik utzita, Irakeko Kurdistanen erresistentzia kurduak dituen kokalekuak bonbardatu ditu. Ekinbide horretan, abuztuaren 1ean, Zergele herrian (Irakeko Kurdistanen), turkiar hegazkinek bederatzi biztanle erail eta hamarnaka zauritu zituzten.

Gobernu turkiarraren eta Irakeko Kurdistango Gobernuaren estrategiak gero eta argiago uzten dituzte ezkutatu nahi dituzten helburuak. Ez Erdoganek ez Barzanik ezin dezakete onar Rojavan (Siria iparraldeko lurralde kurdua) gertatzen ari dena. Izan ere, bertako kurduak, beste herri batzuekin batera, konfederalismo demokratikoa ezartzen dihardute, demokrazia parte-hartzailean oinarritutako eta izaera antikapitalista duen sistema politikoa. Arriskutsu zaie hori aipatutako gobernuei, ezbaian jar baititzake euren interes geoestrategikoak eta ekonomikoak.

Erdoganek kosta ahala kosta bukarazi nahi du porrot egin duen bake prozesua. Horrekin, haren asmoa da gerrilla kurduak kurdistanen eta nazioartean lortutako babes andana geldiaraztea, besteak beste Shingal eta Rojavan ISISen aurka lortutako garaipenen ostean. Gainera, ezker turkiarra eta kurduen koalizioa den HDP Turkiako Parlamentuan sartu da maiatzeko hauteskundeen ondoren. Horrek kolpe handia eman dio Erdogan buru duen AKP alderdi islamistari, haren gehiengo osoa eta amestutako kalifatoa arriskuan jarri baititu. Horren aurrean, oraingoan, HDP legez kanpo utzi nahian dabiltza, terrorismoa bultzatzeaz injustuki salatu, eta hurrengo hauteskundeetan gehiengo osoa lortzeko asmoz.

Barzanik, berriz, turkiarren bonbardaketak onartu eta bultzatzen ditu, bere lurraldeko kurduak babesteko gai ere izan ez denean. Izan ere, 2014ko abuztutik Shengaleko kurduek beldur eta sarraskiak pairatu dituzte, milaka herritar hil eta milaka emakume bahitu eta sexu/esklabo gisa saldu baititu ISISek. Gogoan izan behar da Barzaniren indarrek eskualde hori abandonatu ostean, PKK izan zela Shengaleko lurraldeak askatu, eta bertan bizi zen Ezidi komunitatearentzako ihesbidea eraiki zuena.

Rojavan, Siria iparraldeko lurralde kurduan, askapenerako mugimendu kurduek, haien autodefentsarako indar diren YPG eta YPJ taldeekin, egunerokoan egiten diote aurre ISIS eta Al-Nusra fronteko jihadistei. Egunez egun lurralde gehiago askatzen doaz, bai eta Ankarako gobernuak zein Kurdistan irakiarreko eskualdeko gobernuak ezartzen dieten muga blokeoa gainditzen ere. Turkiak ekialde ertainerako nazioarteko interesen berme gisa kokatu nahi du bere burua. Hala, aspaldi dabil Rojava gaineko zeruetan esklusio zona ezarri nahian, epe ertainean lurralde hori okupatu eta kurduei zein beste herriei autogobernu demokratikorako aukera lapurtzeko asmoz. Zentzu horretan, Turkiak AEBekin negoziatuko zukeen Rojavan, Kobane eta Effrin kantoien artean —egun ISISen kontrolpean dagoen lur eremua— eta Turkiaren arteko muga ondoan eginiko bonbardaketa, azken asmotzat aipaturiko hegaldi-esklusioa ezarri nahian.

Nahasmen horren guztiaren eta lurralde horiekiko hain ohikoa den isiltasun mediatikoaren erdian, Irango Gobernuak ere ez du aukerarik galtzen. Rojhelaten indar iraultzaileei eraso egin die. Abuztuaren lehenean, Irango militarrek bost herriri eraso egin zieten, eta bost kide kurdu hil.

Haien liderra, Abdulah Ocalan, isolamenduan espetxeratua, eta haien erakunde politiko-armatu nagusia nazioarteko talde terroristen zerrendan edukita ere, herri kurduak jarraituko du erasoei aurre egiten eta bertan bizi diren herrientzako proiektu politiko demokratikoa garatzen. Garaia da herrien arteko nazioarteko elkartasuna pizteko. Herri kurduak demokraziarako bere proiektua garatze aldera, neurriak hartu beharra dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.