Jexuxmari Mujika.

Gezurra libre

2020ko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Beldur naiz gero eta libreago ez ote den gertatzen ari. Ingelesezko hitza ere jakinarazi digute, lasaiago ohitzeko edo.

Gizakiok nolakoak garen ez genuke ahaztu behar. Gauza on asko ditugu gizakiok —aitatzen ez naiz hasi-ko—, mejora daitezkeenak gainera guztiak, baina gaitasun mugatuak dira gureak oso, eta harrotzekoak ez diren joerak ere geurekin daramatzagu beti. Nor izateko besteen beharra dugun izaki sozialak gara, baina, hau ere bai, bizitzari, geure buruari eta bakardadeari beldur gehiegi badiogu, beldurra bizitzako garrantzi handiko partaide gertatzen bazaigu, azkar, babes bila, esaneko bihurtzeko eta artaldekerian erortzeko joera indartzen zaigu. Edozeren edo edonoren esaneko. Edonolako artaldeko.

Egun medioetan agertzen ez dena ez da existitzen. Hori denok dugu argi. Horietan agertzeko modurik eta indarrik ez duena, ez da; agertzen dena, berriz, bada. Eta behin eta berriz agertzen dena, ez da edonor. Guretzat, entretenimendu etengabekoaren beharrean gaudenontzat, berrien uholdera jarri garenontzat, nor den, edo nork esaten duen da inportantea, ez zer esaten duen; ematen den berriaren garrantzia edo eragina zenbaterainokoa den ere ez. Horrek gero eta garrantzi gutxiago du, guk ez dugu hori guztia aztertzeko gogo, denbora eta gaitasunik, nonbait. Eta hori horrela dela ez badakigu, guk bakarrik ez dakigu, guk bakarrik ez dugu jakin nahi. Horretaz profitatzen direnek badakite noski. Hauek beldur sortzaile bizkorrak dira. Ondo dakitelako behin beldurraren esanera bizitza zuzentzen (okertzen) jarri denari, horretarako motiborik ez zaiola inoiz faltako. Gizartea beldurraren habia bihurtu nahi digute.

Helburu penagarri hori duenarentzat, egiaren eta gezurraren arteko bereizketak garrantzi guztia galtzen du. Norentzat ari den kalkulatu behar du ondo, eta, bakoitzari entzun nahi duena esan behar dio, zintzo demonio. Hori du gainera aurrera, eta gora, egiteko bide bakarra. Lasai antzean egin dezakeen bidea, gainera, ondo baitaki demos ahuldu bat garela gu, iritzi autonomorako gaitasun gutxikoa oso, eta komunitate maila ere eskasa duguna jeneralean. Horrelako giza taldean errazagoa da gu pertsona esaneko, kontsumista, beldurti eta bakarti bihurtzea. Eta hori, noski, edozein boterentzat pagotxa da.

Edozein boterentzat, bai. Gaur nabarmen eskuin muturrak erabiltzen du gezurra era lotsagarrien eta basatienean, baina horren arriskua boterea duen edonork du; gure herrian ere bai, guregandik hurbilen sentitzen ditugunak ere bai. Honetaz jabetu nahi ez badugu, eta zintzo aztertu, besteengan bakarrik ikusi eta salatzen segitzen badugu, oso ozenki salatu arren —hori ere egin behar da, noski— gure gizartea ahultzen lagundu bakarrik egiten dugu, gezurrari bidea gero eta erosoagoa egin bakarrik. Geu ere gezurra irenstera jarrita gaudela erakusten dugu.

Adierazpen askatasuna ahalik eta maila altuenean mantendu behar da. Hori, beti. Izan ere, egia zintzo errespetatuz ari denaren iritzi okerrari—okerrenari ere— beldur gutxi behar zaio. Alderantziz, berriz, niri gustukoen zaidan iritzi edo ikuspegiarekin kontu handia izan behar dut iritzi emaileak arrazoi bila egiatik urrundu behar izan badu, eta, zer esanik ez, zuzen-zuzen gezurrera jo baldin badu. Gehiago zehaztu behar den printzipio honi helduko bagenio gezurrari esparrua jango genioke. Horrek, baina, iritzi autonomoa du baldintza.

Egun hau beharrezkoa bezain zaila da. Askatasun tresna izan daitezkeen eta hasiera batean hala izango zirela uste genuen Internet eta sare sozialak kontrola ezinak gertatu dira. Sareetan, hala dirudi, gogoeta gizakoiak baino errazagoa da era eraginkorrean zaborra zabaltzea.

Errealitatea konplexua da oso, eta gizakion posibilitateak hor daude beti. Gure esku ere bai. Begira, B. Atxagari irakurri diot —poz eman dit— jende normal eta serioak mezuak egoki jaso ohi dituela oso, ez zaiola kasurik egin behar beren eginkizun nagusia buila ateratzea dutenen jardunari. Horretatik bizi diren antzezleak besterik ez direla; Madrilen esan du berriki bere azken eleberriaren aurkezpenean; hala bada —balitz—, horrelako jende normala gehiengoa gertatzen denean, gizartea raso aldatuko da. Gezur jale izateari utziko lioke, eta horrek politikariak beren eginkizuna zein den gogoan izatera behartuko lituzke; politikak ospea berreskuratzeko bide egokiena da; bakarra akaso.

Iritzi autonomoaren jabe izateko asko saiatu behar da. Iritzi kritikoa landu egin behar da; iristen zaizun edozer ondo hausnartuta gero onartzen ala baztertzen ikastea zaila da, hurbileko batengandik datorrenean, batez ere. Hausnarketarena bide nekosoa da. Txiki-txikitatik ikasten hasi beharrekoa.

Gure herriarentzat egiaz etorkizun hobeagoa nahi badugu, eskoletan eta unibertsitateetan, —komunikabideetan ere bai— gaitasun funtsezko horretan hezteari serio heldu beharko diogu; bestenaz, gure ondorengoak esanekoak izango dira agian, diruz eta aurrerapenez ere behar bada jantziak, baina nortasun eta kultura urrikoak, seguru.

Eta Ortega Smith-en eskolakoek lotsa zer den ikasi beharrik ez dute izango.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.