Covitek dio «ETAren 379 erailketa argitu gabe» daudela. Ezkutatu egiten du, ordea, baieztapen hori egiteko darabilen irizpide bera aplikatuz, gerra zikineko kasu bakar bat ere ez dagoela argituta. Bat bera ere ez. Coviteren iritziz kasu bat ezin baita argitutzat eman baldin eta ez badira autore eta arduradun guztiak identifikatu eta kondenatzen, eta horrelakorik ez da inoiz gertatugerra zikinarekin. Izan ere, espainiar Justiziak ez du inoiz ezertxo ere jakin nahi izan X jaun ezaguna bezalako gerra zikinaren arduradun nagusiei buruz, eta ez du inongo interesik agertu espainiar Estatuak hainbat sigla erabiliz (ATE, GANE, BVE, GAL...) egindako krimen ugarien artean bat bera azken-azkeneraino argitzeko. Ezta bakar bat ere.
Horren froga nabarmena da 1983ko abenduan Hendaian bahituriko Segundo Mareyren kasuan gertatua. Hura izan zen GAL sigla erabiliz erreibindikaturiko lehen ekintza, eta, mundu guztiak erabat argitutzat jotzen duen arren, hamaika gauza daude oraindik argitzeke. Eta are okerragoa dena, bahitzaile, epaile eta agintariek, denek, gezurretan jardun zuten, lotsagabe, eta gezur horiek osasun betean iritsi dira gaur egunera, jende gehien-gehienak zeharo sinetsi baititu.
Adibidez, bahitzaile, epaile eta agintariek esan zuten bahitzaileen benetako helburua Mikel Lujua errefuxiatu politikoa zela, eta berehala ohartu zirela egindako hanka-sartzeaz. Espainiar Justiziak frogatutzat eman zuen hori, baina guztiz ezinezkoa da halakorik gertatu izana. Bahitzaileen helburua ETAren finantzekin sekula zerikusirik izan ez zuen Mikel Lujua izan balitz eta hanka-sartzeaz berehala ohartu izan balira, ezin gerta baitzitekeen ondoren gertatu zena eta El País egunkariak ederki azaldu zuena, «espainiar Poliziako goi karguak» iturri gisa aipatuz.
Goi kargu haien arabera, gatibu zuten bitartean bahitzaileak Mareyri «informazioa atera nahian aritu ziren; bereziki, ETAri iraultza zerga ordaintzen zioten pertsona, enpresa eta entitateei buruz, eta baita hala lorturiko diruarekin ETAk egiten zuenari buruz ere». Gainera, ekintza aldarrikatzean, argi asko esan zuten «iraultza zerga kobratzen jarduteagatik» bahitu zutela Marey.
Ukaezina da Marey torturatu egin zutela, gizajo hark ETArekin inongo zerikusirik ez zuela onartu behar izan zuten arte. Hala salatu zuen Mareyk berak: «Tortura sistematikoa jasan nuen. Profesionalak ziren (...). Nire posturaz eta minaz barre egiten zuten. Haluzinazioak nituen, geroztik errepikatu diren amesgaizto ikaragarriak». Hala ere, Marey kasuaz emandako ebazpenean, Auzitegi Nazionaleko epaileek ez zituzten hark jasandako torturak ezertarako aipatu, eta, gainera, esan zuten bahitzaileek ez zutela galdekatu. Hortik atera kontuak nola argitu izan dituen espainiar Justiziak ofizialki argituta omen dauden halako kasu bakanak.
Gaur egun, GAL sigla erabiliz gerra zikineko ekintzak antolatzen zebilen Jose Amedo poliziak eta X jaun ezagunak diote Segundo Mareyren bahiketa «akats erlatiboa» besterik ez zela izan, nahiz eta ederki dakiten sekulako hanka-sartzea egin zutela. Badakite, halaber, gogor torturatu zutela, «ETAko diruzaina» zelakoan, baina epaileek ez dituzte inoiz horri buruz galdekatu.
Bestalde, garai hartan asko hitz egin zen Marey bahitu baino hilabete eta erdi lehenago Hendaian bertan gertaturiko beste bahiketa saio batez, Joxe Mari Larretxea errefuxiatu politikoarena. Oso jende gutxik daki, ordea, egun batzuk lehenago huts egin zuen beste saiakera bat ere izan zela Iparraldean, Kandido Ostolaza errefuxiatuarena. Lehen saiakera hartan, frantziar Poliziak legez kanpo armaturik zeuden lau espainiar polizia atxilotu zituen, eta ia berehala aske utzi. Handik egun gutxira, Larretxea bahitzen saiatu ziren, eta beste lau polizia atxilotu zituzten.
Huts egindako bi bahiketa saio haien artean, Galindoren aginduetara zeuden Intxaurrondoko guardia zibilek Lasa eta Zabala bahitu zituzten Baionan, eta ondoren torturatu, erail eta kare bizian lurperatu, biak betiko desagerrarazteko asmoz. Inork pentsatzen al du, bahitu izan balituzte, Ostolaza eta Larretxeari ez zitzaiela gertatuko beste horrenbeste? Eta Segundo Marey ere erail eta kare bizian lurperatuko zuketen, ETArekin harreman txikiena izan balu.
Kandido Ostolaza bahitzen saiatu ziren lau poliziak gerra zikineko ekintzak antolatzen zebilen Amedoren aginduetara zeuden. Segundo Marey torturatu zuten poliziak ere bai. Ez ote zuten Mareyren bahiketan parte hartu Ostolaza bahitzen saiatu zirenean atxiloturiko batzuek? Nork agindu zuen Iparraldean legez kanpo armaturik atxilotu zituztenean aske uzteko eta beren nortasuna ezkutatzeko? Noren ardura izan zen lau polizia haiek gerra zikineko ekintzak egiten jarraitu ahal izatea, espainiar gobernuaren funts erreserbatuak erabiliz eta frantsesaren konplizitatearekin?
Ikusten denez, mundu guztiak kontrakoa uste badu ere, Marey kasua oso urrun dago argitua izatetik. Eta ez dago guztiz argitzeko inolako borondaterik. Horregatik da hain beharrezkoa hura dena sakon ikertzea, torturak utzitako ondorio gogorrak gainditu ezinik hil zen Segundo Mareyri eta hura bezalako biktima guztiei egia zor zaielako. Egia osoa.
Aspaldi hil zen Marey, eta oraindik ere espainiar Justiziak ez du onartu torturatu egin zutela eta jasandako tortura haiek izugarrizko eragina izan zutela bere bizitzan. Zor zitzaion egia jaso gabe hil zen, estatu terrorismoaren milaka biktimari, bereziki torturatuei, ukatzen zaien egia jaso gabe.
Noiz jasoko dute den-denek hain beharrezko duten egia osoa?
Gezur hutsak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu