Apirilaren lehena zen, 1939an, Francisco Franco Bahamondek bere azken bandera gorri-beilegia iltzatu zuenean gorrien lurretan eta Burgosetik harro esan zuenean: «Gaurkoan, armada gorria gatibu harturik eta desarmaturik, tropa nazionalek azken helburu militarrak lortu dituzte. Amaitu da gerra».
Franco, genozida bat —eta beste zenbait gauza— izateaz gain, bista laburreko politikaria zen. Izan ere, egia da apirilaren lehenengo hartan amaitu zela boterera apartu zuen matxinada militarra, ehunka mila hildakoen ostean eta Erromako atseden gogoan ziren Borbondarren atxikimendu suharraren laguntzaz; baina egia da, ezin uka, gerra amaitu ezik, egun hartan bertan hasi zela izuaren erregimen bat, hamarkada luze eta amaigabetan luzatuko zen gerratzat hartu beharrekoa. Bandera gorri-beilegiaren itzalpean.
Hamarkada luzeetan, aita nazi batek eta ama faxista batek mundura ekarritako erregimenak jendea zapaldu egin zuen, hil, espetxeratu, lapurretara emanik ezker-eskuin, oihal gorri-horian bildurik, babesle zituela ezpal guztietako bankari ustel, oligarka, apezpiku haluzinatu eta cunetero barrensalduak. Denak bandera beraren palioan aterpetuta. Bandera hori da, eta ez besterik, haien oinordekoek gure erakundeetan iltzatzen dutena gaur. Atzo bezala gaur, mehatxu larripean. Oinordeko horiek dira, Jaime Mayor Orejak zigorgabearen patxadaz eta nagitasunaz aitortzen zuen eran, «baretasun ikaragarriaz» bizi izan zirenak lau hamarkada haietan, aurpegia eguzkitara... eta kaudilloaren itzalpera.
Horixe da, eta ez besterik, gaur ezartzen diguten banderaren historia —esnobistek errelatoa deitzen diote orain—. Horixe da, eta ez besterik, Aldundiaren balkoi nagusian ezarri zutena, Donostia liberatu zutenean, 1936an. Egun hartan, hiriburuaren populazioaren erdiak hartu behar izan zuen erbesterako bidea, askatzaileen atzaparretatik ihes egiteko.
Lotsaren eguna izan zen apirilaren lehenengo hura. Atzetik asko etorriko ziren; eta horrela jarraitzen dugu. Franco ohean hil zen; sozialdemokratek eta eurokomunistek men egin zuten armistizioa izenpetzeko frankismoaren indarrekin —berradiskidetze nazionala esan zioten—, banaketan zati bat eskuratu nahirik. Hortxe, jakina, bandera gorri-beilegia, guztiaren lekuko. Errepublikaren bandera hiru kolorekoa ilunpean utzia izan zen, traizioaren aurrean negar egiten zuten nostalgikoen gordelekuan, eta ikurrina —era eufemistiko batean hiru-kolore izendatua—, euskaldunen herrian, gure lurrean, bigarren mailako. Hori da gaur bertan espainiar pretoreari ordaindu behar diogun zergaren parte bat.
Orain lutoa eskatzen dute Suarezen alde, bera izan baitzen frankismoaren erreformaren zuzendari —«legetik legera»—, militar afrikanistak lurrean finkatutako bandera bera gorde baitzuen, bakar-bakarrik Borbondarren koroa jarrita San Joanen arranoaren lekuan. Bi-biak dira, azken batean, 1936ko matxinadaren ikur.
Gaur, 2014ko apirilak 13 dituela, Carlos Maria de Urquijo Valdivielsok pozbide sakonaren barne hotzikara sentituko du, bere erregimenaren garaipena berriro gailentzen delakoan. Sinetsita egongo da, agian, gerra bere alde amaitu dela, bere bandera gure balkoian haizatuta. Baina Urquijo, Franco bezala, oker dabil. Horra bista laburreko beste politikari bat. Izan ere, herri batek bere ikurren bitartez adierazten du nortasuna; kulturan, kiroletan, bihotzean eta politikan. Urquijori atsegin ez bazaio ere, Euskal Herriak ez du bat egiten gure balkoian iltzatu duten banderarekin. Ez du bat egiten, ez du berekotzat hartzen, ez du ezertarako nahi. Ikur batek ezer okerragorik bereganatu ote dezake? Are eta gehiago, bandera horren aurka dago, inoiz baino gehiago gaur egun, euskal herritarren gehiengo osoa. Urquijok, ziurrenik, badaki, baina ez zaio axola. Azken funtsean, pretorearen eginkizuna da zesarraren erabakiak ezartzea, ez haren ordez pentsatzea. Horregatik, nahiago du mehatxua, bere legearen zigorra.
Francok bere errautsetatik berpiztu uste zuen Espainia eternal hori inoiz baino ataka zailagoan aurkitzen da. Ustelkeriak behera bota du ekonomia; klase politikoak, lapurreta lapurretaren gain, izena guztiz galdua du; Katalunia eta Euskal Herria burujabetzaren bidean dira. Gobernu ahul eta merkatuen mendeko honek ez du beste irtenbiderik aurkitzen, ezpada mehatxua eta inposizioa. Ondo dakiten arren estrategia hori independentziaren aldekoak fabrikatzeko makina bat bihurtu dela, hemen eta Pirinioen beste muturrean.
Behin berriro ere, Espainia beltz hori dator, ministroak, apezpikuak, militarrak eta txapelokerrak, denak nahas-mahas; bandera berean bildurik, berriro ere. Nik gero eta argiago dut: Geurea, ikurrina!
Post scriptum: Pirro Epiroko erregeak garaipena lortu zuen erromatarren aurka, baina bere borrokalarien artetik milaka asko hil ostean. Historia liburuek diotenez, emaitza ikusita Pirrok esan omen zuen: «Halako beste garaipen bat eta garaitu egingo naute!». Urquijori halako zerbait gertatuko zaio.
Geurea, ikurrina
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu