Azken urteotan eskubide zibil eta politikoen defentsan Eleak-Libre dinamikan ibili garenon artean, asko gara pentsatzen dugunok askapen prozesuaren lehentasunak, antolaketa ereduak, borroka moldeak eta baita estrategia bera ere berrasmatu behar ditugula. Borroka instituzionala lehentasunezkotzat jo eta ildo instituzionala ardatz bihurtzen duen gaur arteko politikagintzaren eredua agortutzat jotzen dugu. Eta ezkerreko beste eragile sozial, sindikal eta politikoetan dabiltzan kide batzuen artean ere hausnarketa bera egiten dela jakiteak poztu gaitu.
Hor kokatzen da herriz herri zabaltzen hasi garen Eskubideen Herri Plataformak (EHP) lanaren helburua. Hori da berrasmatze prozesu orokor horri Eleak-Libretik egiten diogun ekarpen irekia. Bertan, Euskal Herrian etorkizunean ezinbestekoa izango den eskubide zibil eta politikoen aldeko jendarte mugimendu bateratzailea, zabala, sortzea proposatzen dugu. Egunotan Katalunian edota joan berria den Miarritzeko G7ren gailurrean, bi estatuek oinarrizkoa eskubideen suntsiketan noraino iristeko prest dauden argi erakutsi dute. Askatasuna eskuratu nahi badugu, konfrontazio horretarako prestatu behar dugu, eta hor kokatzen da guztion artean geure buruaren berrasmatze orokorra burutzeko beharra.
Gure asmoa ez da, beraz, Estatuek bideratzen duten errepresioaren aurrean dinamika anti-errepresiboan murgilduko den erakunderik sortzea, besteak beste, Estatuek beren iniziatiba errepresiboaren inguruangure dinamika sozial eta politikoa ito nahi dutelako. Gure proposamena da eskubide zibil eta politikoen defentsarako jendarte mugimendu berri eta zabala sortzea, horretarako lan bateratua oinarritzat hartuz. Gauzak horrela, ezeren eta inoren kontra baino gehiago, gurearen alde egitea izango da gure lan metodoaren ezaugarria. Gure eskubideak praktikan jarriz eta hauek bermatuz soilik bideratuko baitugu euskal demokrazia.
Eta hausnarketa berri hau orain plazaratu dugu, mundua bezala, Euskal Herria ere azkar eta errotik aldatzen ari delako. Abiadura biziko eraldaketa handiak pairatu ditu gure herriak, bai lan harremanetan, bai kontsumo ereduan, bai jendarte antolaketan, bai jasaten dugun errepresioaren ereduan eta zer esanik ez, hizkuntza eta kulturaren esparruetan. Gure eguneroko bizitza osoa da errotik aldatzen ari dena.
Herri eta pertsona gisa zapaltzen gaituen egoera honen aurrean ezkerreko eragile politiko zein instituzional gehienen jokabidea ikusirik, gero eta gehiago dira euskal jendartean alderdi politikoak alde batera utzi eta beren lana, ekarpena eta baita borroka ere, jendarte mugimenduetan edota eragile sozialetan zein sindikaletan ematea erabaki dutenak. Ondorioz, indar politikoen logikatik at, indartuz doa euskal komunitate soziala, egituratuz doa jendarte mugimendu zabala, indartuz doa ezker espazioa modu autonomo eta autogestionatuan. Eta pizten denean, izugarrizko indarra erakusten du.
Horren isla dira azkenaldian Euskal Herrian azkartzen ikusi ditugun dinamika sozial indartsuenak, hala nola, pentsiodunena (1.080 euro aldarrikapena), emakumeena (greba feminista eta eraso sexisten aurkako erantzuna), ekologiarena (erraustegiaren edota klimaren inguruko mugimendua), euskararena (ikastola zein eskola publikoen aldeko Jaiak edota Korrika) edota gazte mugimenduaren berpizte berria, garrantzitsuenak aipatzearren. Baina aldarrikapen hauek ikusgarritasuna lortu duten arren, ez dira horregatik benetan zentral bihurtu indar politiko gehienen zein instituzioen eguneroko politikagintzan.
Eta gauza bera gertatzen ari da Europar Batasunak pairatzen duen krisialdi orokorraren baitan. Bertatik bideratzen diren politika neoliberalen aurrean, Europar Batasunean dinamika sozial berriak eta jendarte mugimendu zabal indartsuak sortzen ari dira. Klimaren inguruko mugimendua, mugimendu feminista, Mediterraneoa hilobi bihurtzen duen migrazio politikaren aurkako mugimendua, prekaritatearen aurkako langile mugimendua... Guztiak horren lekuko dira. Bide berean kokatzen ditugu Estatu frantsesean Macronen Gobernua hankaz gora jarri duen Jaka Horien mugimendua edota Andaluziako hauteskundeetan eman den neofaxisten igoeraren aurrean Estatu espainolean indartu den mugimendu antifaxista.
Euskal Herrian eta Katalunian (Herrialde Katalanetan) ere jendarte dinamika indartzen ari da eta, jakin badakigu, gure askapen sozialaren eta nazionalaren aldeko dinamikak aurrera egingo duen neurri berean gogortuko dutela estatuek beren politika antidemokratikoa.
Baina errealitate horren aurrean, Euskal Herrian oraindik oso sakabanaturik daude auzo, herri, eskualde zein nazio mailako ehunka borroka sozial eta sindikal. Eta egoera berean daude dinamika horietan murgilduta lanean eta borrokan ari diren milaka euskal herritar.
Dinamika sozial anitz horiek guztiak aldarrikapen amankomun baten inguruan artikulatzen hastea da proposatzen duguna, gureak diren eskubide zibil eta politikoen defentsan. Izan ere, lan hori modu bateratuan artikulatzeko gai ez garen bitartean, ezingo dugu eraldaketarako ezinbesteko motorra den jendarte mugimendu zabal hori sortzeko benetako urratsik egin. Ez gara gai izango benetako iniziatiba politiko eta soziala eskuratzeko. Ez dugu gaindituko dinamika politiko instituzional, konbentzional eta hegemonikoa. Ezingo dugu Euskal Herrian sortu Kataluniaren askapen prozesua bultzatu duen herri dinamikaren antzeko zerbait. Bi hitzetan esanda, ez gara gai izango «herri boterea» eraikitzeko.
Testuinguru honetan, hiru dira gure ustez, askatu beharreko korapilo nagusiak. Lehena, herri dinamika guztientzat bateragarria den aldarrikapen komun hori bilatzea, guztion artean txapela nagusia adostuz. Guk, esan dugun guztiarengatik, aldarrikapen komun hori eskubide zibil eta politikoen defentsan kokatzen dugu. Bigarrena, aldarrikapen hori bideratzeko subjektu soziala, jendarte mugimendua, sortzea. Guk Eskubideen Herri Plataformak (EHP) lehentasun osoz herriz herri osatzen hastea proposatzen dugu, dinamika bateratu, partekatu eta komuna guztion artean erabaki eta antolatzeko. Ez dugu etxea teilatutik hasi nahi. G7ko dinamikak, gainera, plano nazionaletik horrelako dinamika zabala bultzatzeko oraindik baldintzarik ez dagoela erakutsi digu. Eta hirugarrena, lan horren bidez, kale dinamika eta kritika soziala zorroztea eta desobedientzia zibila, ekintza zuzena, kolaborazio eza eta herri erresistentzia garatzea.
Gure proposamenaren aurkezpena eta eztabaida auzo eta herri guztietan zabaldu nahi dugu eta horretarako zuen laguntza eskatzen dizuegu. Datorren inboluzioari aurre egin nahi badiogu, denon artean geure burua berrasmatu behar dugu.
Geure burua berrasmatu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu