Txikia nintzenean, pelikulen titulua irakurri eta filma zeri buruzkoa izango zen irudikatzeko ohitura nuen. Eta baziren izenburu batzuk bereziki arreta pizten zidatenak. Kramer vs Kramer eta Istorio amaigabea (The Neverending Story) ziren horietako bi (eta aitortu behar dut oraindik osorik ikusi gabe ditudala bata zein bestea). Lehenaren kasuan, ez nuen ulertzen esanahia, pertsona edo talde bat bere buruaren aurka aritzea ezinezkoa iruditzen zitzaidalako. Bigarrenak, aldiz, beldur pixka bat eragiten zidan, ikusten hasi eta inoiz amaitzen ez zen film bat zelakoan...
Kontu horiekin oroitu naiz azken asteotan herrian jazo diren gertaera batzuk direla medio. Batetik, aurrez aurre elkarren aurka talka egiten duten bi Getaria (Gipuzkoa) ikusi ahal izan direlako; eta bestetik, zuri-beltzeko iragan astunak oraina konkistatu duela iruditu zaidalako, historia amaigabe bat balitz bezala.
Zuri-beltzeko Guetaria. Juan Sebastian Elcano gerraontzi militarraren bisita denboran atzera bidaiatzearen modukoa izan da. Gurean aspaldian ikusten ez ziren gertaerak, gaindituak ziruditen iraganeko kontuak, errepikatu baitira: militarren desfileak, bandera espainiarrak, helikopteroak etengabe zelatan, gotzainak zuzendutako meza berezia, militarrak aldarera igota zirela, herritarrentzat errepideak ixtea, kotxe ofizialentzat irekita zeuden bitartean... Behinola ikusi nuen argazki zahar batekin akordatu naiz: diktadoreak herria bisitatu zuenekoa...
Era berean, hainbat galdera eta ulertu-ezin eragin zizkidan horrek guztiak. Hasteko, Udalak aho batez onartutako adierazpen egokia irakurrita, barku militarraren bisita nork antolatu zuen jakin nahi nuen, eta zein legitimitaterekin... Nola da posible, udala aurka egonda eta herriari ezer galdetu gabe, getariar guztiei nabarmen eragin zien halako ekintza bat antolatzea? Nola ulertu XXI. mendean barku militarrak herrira gonbidatzea? Zein zen horren helburua? Izan ere, kasu honetan, militarrek eurek baino, beraiei gonbita egin eta alfonbra gorria jarri dietenek dutela erru gehiago iruditzen zait...
Batzuk betikoa esanez defendatuko dira: bisitariak etorri zirela eta dirua utzi zutela herrian eta medioetan Getariaren izena agertu zela... Bisitariak edozein preziotan erakartzea ez zait zilegi iruditzen. Ez dakit benetan onurak nork aterako zituen, baina barkuaren bisitak suposatu zuen militarren eta polizien presentzia eta horrek herrian sortu zuen tentsioa ikusita, erantzuleek azalpenak eman beharko lituzketela iruditzen zait.
Era berean, Elkanoren inguruan hausnarketa sakon bat beharrezkoa dela garbi dago. Oso kritikoa naiz Elkanorekiko, Colon, Cortes edota Pizarroren moduko konkistatzaileen txalupa berean kokatzen baitut. Hau da, 500 urtetik gora irauten ari den zapalkuntza, expolioa eta asimilazioa ahalbidetu zutenetako beste bat. Baina egia da oso erraza dela bost mende geroago atzera begira jarri eta irakasgaiak ematea, garai hartako gizartea, balioak, mundua ikusteko modua oso bestelakoak baitziren. Hori onartuta, dena den, ezin dut ulertu Elkano jainko gisa irudikatzeko azkenaldiko jarrera eta obsesioa. Hego hemisferioko pertsonak ere kontuan hartu beharko genituzke historia aipatzerakoan. Marinel aparta izan zen Elkano, baina «deskubritu» zituen lurretan eragindako sarraskiak ezin dira inolaz ere justifikatu. Horrenbestez, omenaldiak baino, iraganaren berrikuspen kritiko bat behar da bere figura osorik eta zuzen aztertzeko. Ez da bidezkoa deabruaren pare jartzea, baina ezta heroi gisa omentzea ere.
Kolore anitzeko Getaria. Azkenaldian, zorionez, poz handia eman didaten berriak ere izan ditugu. Iragan ilunera baino etorkizunera begiratzen duen herri aurrerakoi baten arnasa adierazten dutenak. Batetik, barku militarraren bisita salatzeko herrian sortutako dinamika zoriontzeko modukoa da. Hain denbora gutxian halako lana egiteak meritu handia du. Herriak egoerak eskatu bezala erantzun du beste behin. Poza hartu nuen telebistan berria eman zutenean, barkuko bisitarien kolan ia inortxo ere ez nuela ezagutzeak, eta aldiz, militarren aurkako eta errefuxiatuen aldeko ekimenetan aurpegi ezagun asko ikusteak.
Eta ez nuke ahaztu nahi arraunaren munduan ere Getariak historia egin izana, lehen aldiz patroi neska bat mutilen txalupa bat gidatzen ikusterakoan. Gure herria holako berriengatik ezagun egitea nahiko nuke, militarren bisitagatik baino.
Ez dakit Kramer eta Kramerren arteko lehian nor gailenduko zen. Alabaina, gehiengo batek marraztutako kolore anitzeko Getaria hori gutxi batzuk eusten dioten zuri-beltzeko Guetariari nagusituko zaion itxaropen irmoa dut. Zuri-beltzeko iragana ez dadin istorio amaigabe bihurtu...
Getaria vs Guetaria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu