Gerrek enplegua sortzen dute

Andoni Romeo eta Arturo Balbuena Berradre
2023ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Gerrek langabezia gutxitzen dutela diote. Baina ez dute azaltzen langabezia gutxitzen dela lan egiteko adinean hildako pertsonen kopuruak gora egiten duelako, baita gerraren ondorioz ezindutako pertsonen kopuruak ere. Zenbat eta biztanle aktibo gutxiago, orduan eta langabe gutxiago, baina enplegua sortzeko modu hori ez da etikoa eta ez zaio interesatzen langile-klaseari.

Eta horri eransten diote borroka militarrak izan diren lekuetan etxebizitzak, fabrikak, errepideak eta azpiegiturak suntsitu egin direla, etaberreraiki beharko direla. Eta berreraikuntza hori negozio-aukera bat dela.

Negozio bat, oso errentagarria enpresa transnazionalentzat, kontratu gehienak haiek lortu ohi baitituzte. Askotariko eskumendekoak dituzten enpresen bidez, eta beren diru-sarrerak bateko eta besteko paradisu fiskaletan aitortzen dituztenak.

Horrez gain, nahiz eta estatuak berehala lortzen dituen berreraikitze lanetarako beharrezkoak diren maileguak beste gobernuetatik, nazioarteko erakundeetatik (Munduko Bankua, NDF...) eta finantza-erakunde globaletatik, diru hori ez da doakoa; estatuaren zorra handitu egiten da bere autonomia galduz, behartuta egotean erakunde horien jarraibideak betetzera. Laburbilduz, jarraibide horiek diote lehenik eta behin zorrak ordaindu behar direla eta ondoren, zerbait geratzen bada, herritarren bizitza hobetu.

Ezin dugu ahaztu, ezta ere, gerrak irauten duen bitartean, hau irabazteko beharrezkoak diren sakrifizioak onartu egin behar direla dioen diskurtsoa zabaltzen dela. Gerra amaitutakoan, diskurtso hori mantentzen da, helburua «irabaztea» izan ordez «nazioa berreraikitzea» izanik. Eta langile eta sindikatuei «beharrezkoak diren sakrifizioak» eskatuz, lan-baldintzak hobetzeko eskaerak etorkizun urrun eta zalantzagarri batera baztertzen dira.

Zalantzarik gabe, gerrekin irabazten dutenak arma-industriak dira. Ukrainako gerra hasi denetik prentsak horrelako albisteak ematen dizkigu: «Rheinmetall enpresa alemaniarrak %15 egin du gora burtsan» edo «Wall Streeteko bost armamentu enpresa handienek batez besteko balioa handitzea pilatu dute, azken hamar urtetan metatutako %416» edo «Indra enpresa espainiarrak 2022an lortutako irabaziak %20 handiagoak izan dira».

Lizuna da egiaztatzea nola Ukrainako gerrak balio duen ofizialki gatazkan ez dauden herrialdeek biltegi militarrak bete ditzaten kapitainek eta jeneralek amesten dituzten arma berriekin, askoz eraginkorragoak hiltzeko orduan, baina askoz ere garestiagoak. Pentsioak handitzeko edo klima-aldaketari aurre egiteko neurriak hartzeko, ez dute finantzabiderik aurkitzen; baina berrarmatzeko ez dago ez oztoporik ez trabarik, eta ez dakigu nola lortzen duten Espainiako Defentsa Ministerioaren aurrekontua %26 igotzea edo Armak Modernizatzeko Programetan soilik 4.900 milioi euro baino gehiago xahutzea.

Gerrarik Ez-Gerren Aurka plataformatik jarraitzen dugu aldarrikatzen ustezko onura ekonomikoak ez duela justifikatzen edozein gerrak eragiten duen heriotza, nahigabea eta suntsipena. Gerretan pobreak eta langileak dira gehien hiltzen direnak eta gehien sufritzen dutenak. Langile klasea eta sindikatuak horretaz jabetu dira, eta askotan gerren aurrean haien gaitzespena adierazi dute. Gogoratu dezakegu Bartzelonako Aste Tragikoa, 1909an erreserbistak Marokoko gerrara ateratzearen aurkako garaiko sindikatu guztiek deitu zuten greba orokorraren errepresio bortitzaren ondorioa izan zena, eta nola burgesek ez joateko ordain zezaketen.

Historiak erakusten digu, halaber, armekin baretzen diren gatazkak gerora behin eta berriz berpizten direla.

Gure esker ona adierazi nahi diegu Ukraina eta Errusiako kontzientzia-eragozle eta iheslariei, errepresio gogor baten aurrean daudenak, gatazkak konpontzeko logika militarra erabiltzearen aurka haien aletxoa jartzeagatik. Europako Batasuneko herrialdeei eskatzen diegu behar duten harrera eta aterpea eman diezaietela, eta, ahal den neurrian, beren jatorrizko herrialdeetatik ateratzen lagun diezaietela.

Armadara eta industria militarrera bideratutako dirua gizartearen garapenean inbertitu ezin den diru bat da.

Pertsona batzuen adimena erromatarren garaian trabatuta geratu da, si vispacem para bellum (bakea nahi baduzu, presta ezazu gerra) esaldia zeukatenak. Garai hartan geziak eta lantzak zeuden, gaur egun arma nuklear taktikoak eta estrategikoak ditugu, arma hipersonikoak eta abar, mundua zenbait aldiz suntsitzeko gai direnak. Pena litzateke gizateriak zerotik hasi behar izatea.

Gerren, armamentu-norgehiagoka eta logika militarraren gaitzespena jasota uzteko modu polit bat objekzio fiskala egitea da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.