Gerrarako narratiba

2022ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Gerra bat hasteko eta aurrera eramateko armada behar da, baita ekonomia aproposa eta liderrak ere. Baina gauza guztien gainetik funtsezkoena narratibaren beharra da, biztanleriaren burua baldintzatzeko eta gerrarako prest ipintzeko. Gerrarako narratiba batek berezitasun batzuk dauzka; esate baterako, sinplekeria. Alde horretatik, sinpletasun baterako hobe da liderrak, beste barik, itsu-mutuan, laguntzea edo babestea, etsai bat identifikatzea eta haren maltzurkeriak deskribatzea. Gerrarako narratibak arriskuz eta beldurrez beterik egon behar du.

Argi dago Putinek diktaduraren bitartez kontrolatzen duela Errusia, munduko lur eremurik zabalena baina biztanle gehiegirik gabea (144 milioi, eta Moskun 12 milioi). XX. mendean ez bezala, gaur egun ez dago horrenbeste gizakume gazte militarrekin gerrak egiteko. Horregatik, Putinek behin eta berriro gogorarazten du bonba nuklearrak dituela. Eta Kremlinetik, forma diktatorial batean, posiblea da Errusiako operazio guztiak kontrolatzea.

Gainera, Putinek ez du kontrolatzen estatua alderdi politikoen bidez, mafien bidez baizik. Talde mafiosoen buruak dauzka berarekin, eta munduko armada gogorrenetariko bat, Txinak duena baino gogorragoa. Eta ekonomiari bultzakada bat eman dio azken hamarkada hauetan. Narratiba bat lantzen ari da Errusiaren handitasunaz, Mendebaldeko demokrazien ahultasunak eta faltsukeriak aipatuz, ustelkeria ere bai, nola ultra-liberalismoan naziak sortzen diren eta abar. NATO eta Europako Batasuna etsaiak bezala identifikatzen ditu.

Putinen aurkakoek demokrazia teoriko bat aldarrikatzen dute, baina sinplekeriaz eraikitako narratiba batez. Putin pertsona hiltzaile bezala etsaitzat identifikatzen da eta bere arrazoiak ukatzen dira. Joan zen asteko NBEren Batzar Nagusian, esate baterako, Ukrainako enbaxadoreak esan zuen Ukraina izango dela lehenengoa, baina gero beste lurralde batzuk ere inbadituko dituela Putinek, gerrako kriminala dela. Gerra eta gerra hitza erabiltzen da, behin eta berriro.

Armadaren kontra eta armen industriaren aurka gutxi egin dezakegu pertsona arruntok. Ekonomian eragina dutenak, finantzieroak, ehuneko bat dira munduan, eta argi geratzen ari da nolako tresnak dituzten munduko indarrak erabiltzeko, alde batera edo bestera. Baina narratiban eragina eduki dezakegu oinezkoek, pertsona arruntok. Bakea aldarrika dezakegu gure indar guztiekin, eta horrela egiten ari da munduko hainbat tokitan. Baina eraginkorragoa izan daiteke, kaleetako presioez gain,erakundeetan ere eragina duen narratiba bat eraikitzea, kontraesanak aipatuz eta irtenbideak proposatuz.

Horrelako narratiba berri bat Europako Kontseiluari buruz eraiki daiteke. Europako Kontseilua Europako integrazioaren alde lan egiten duen erakunderik zaharrena da. 1949an sortu zen, eta 47 estatu dira partaide. Europako Kontseiluaren lorpenik garrantzitsuena 1950ean onartutako Giza Eskubideen Europako Hitzarmena izan zen. Hitzarmen hori betetzeko, Giza Eskubideen Europako Auzitegia sortu zen, Europar Batasunean giza eskubideen eta askatasunaren babesle gorena.

Aldi berean, Europako Kontseiluak giza eskubideak bere osotasunean babesten ditu. Tortura Saihesteko Batzordea, Europako Karta Soziala, Hizkuntza Gutxituen Europako Gutuna eta Gutxiengo Etnikoen Babeserako Konbentzioa dira bere jarduera ildo garrantzitsuenak. Hizkuntza desberdinetan hitz egiten da, errusieraz ere bai. Nik dakidala, gutxienez bi euskaldun izan diraEuropako Kontseiluan zeregin nagusietan: Izaskun Bilbao erakundeko idazkari nagusia izan da urte batzuetan, eta Manu Lezertua, Euskadiko Arartekoa gaur egun, krimen antolatuaren aurkako sailaren idazkari nagusia izan da.

Nire ustez, pertsona arruntok eska diezaiokegu Europako Kontseiluari estatu gabeko nazioen eskubideei buruz hitzarmen bat egiteko, 1950ean Giza Eskubideen Europako Hitzarmena egin zuen antzera, eta NBEn sina dezatela proposatzea. Era berean, estatu gabeko nazio batzuek, Euskadi, Katalunia, Eskozia bezalakoek, gure egoera eta ereduak deskriba diezazkiokegu mundu guztiari, eta NATOn ez egoteko aukera ere eska genezake.

Ukrainako bi lurraldeetako independentzia izan da Putinen aitzakia gerrarako. Putinen gobernua izkinatuta geratu da NBEren batzarrean. Negoziazioa posible egiteko irtenbide bat eskaini behar zaio, bestela mundu gerra nuklearra egingo dute (Lavrovek, Errusiako Atzerri ministroak, esan du jadanik). Aipatu dudan narratibak irtenbide bat eskaini diezaioke Errusiako Gobernuari. Halako narratibak eztabaida sakona sortuko luke, bai Europan, baina baita Errusiako Federazioan ere, gerrarako narratiba sinplea gaindituz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.