Giza espezieak oraindik ez du asmatu bortxa politikorik gabeko elkarbizitzarik eratzen. Gatazka bortitz eta gerrarik gabeko mundurik ezagutzen ez denez, pentsatu izan da bortizkeria politikoa giza eta gizarte izaeraren baitan txertatutako berezko bulkada basaren bat ote den.Einsteinek Freudi egindako galderak, «Ba al dago gizateria gerraren hondamenetik saihesteko modurik?», oraingoz ez du erabateko erantzunik.
Ikus dezagun gerren jatorriez eta zergatiez zer-nolako gogoetak egin diren pentsalarien artean.
Kristautasunaren agindua «ez duzu hilko» baldin bada ere, salbuespenak daude San Agustinen arabera. «Ez hiltzeko debekuan salbuespen batzuk daude, autoritate jainkotiarrak berak seinalatua duen moduan. Salbuespen horien artean dago hiltzeari buruz Jainkoak ezarritako lege bat [...]. Horregatik, Jainkoaren esanera gerrak egin dituztenek ez zuten inondik inora urratu ez duzu hilko agindua».
Gizakumeak beti zuritu du nola edo hala gerra egiteko erabakia. Kasu honetan Jainkoaren izenean. Gerraren beharra azken aukera bezala justifikatu izan da maiz, gainerako bide guztiak agortu ondoren-edo. Horrelatsu funtzionatzen du gerraren aldeko ideologiak: inoiz argudioak jainkotiarrak izan daitezke, inoiz mundutarrak. San Agustinen arabera, bidezkoa da gerra, betiere dena delako gerra hori justua baldin bada. «Etsaiaren bidegabekeriak behartzen du gizon jakintsua gerra zuzenak deklaratzera».
Gerra zuzen edo bidezkoari dagokionez, ñabardura bat eransten du Santo Tomasek: «Gerra justuak egiten dituztenak bakea bilatzen saiatzen dira». Ez gara askorik aldatu geroztik. Alde bakarra, egotekotan, gerrarenzilegitasunaren iturrian dago: orduan Jainkoaren izenean justifikatzen ziren bidezko gerrak, oraindikere bai gizarte eta kultura batzuetan, baina Jainkoaren lekuan gaurko Estatu askok segurtasuna, askatasuna, burujabetza, demokrazia... ezarriko dizute. Edo orduan bezala, bakearen izenean egiten dugu gerra orain.
Halako batean Nikolas Makiavelo agertu zen pentsamendu politikoaren historian, eta egia gordin eta zakar batzuk bota zituen eztabaidaren plazan. Honatx, horietako bat: «Arma onak dauden lekuan beti daude lege onak». Gerrarik eta bortxarik gabe ez dago zuzenbiderik, zuzenbidearen fundatzaile nagusia indarra (edo indarkeria?) delako. Arrazoi zuen Makiavelok gauza batzuetan. Zuzenbidearenjatorrian indarraren arrazoia ikusten ez duenak justiziaren indarrean sinesten du, zuzenbideak berariazko estatutu fundatzaile metafisiko bat balu bezala.
«Gerraren bertute nagusiak indarra eta iruzurra dira». Hori zioenak beste hau ere pentsatzen zuen: «naturaren egoeran» gizakume guztiak guztien kontrako gerran bizi dira. Hortaz, Hobbesen iritziz egoera horretan zuzenbidea eta eskubideak, morala eta moraltasunik eza eta justua eta bidegabea bezalako kategoriak lekuz kanpo daude. Berrio ere indarra (edo indarkeria?) ageri zaigu giza eta gizarte harremanak arautzeko oinarrizko neurri moduan. Gerrarik ez dagoenean ere, gerraren legatuak ezaugarritzen ditu egungo munduaren egitura juridiko-politikoa zilegitzen duten kategoriak: hala nola legea, giza eskubideak, balioak, morala... Bakean bizi garenean ere, gerrak bizi gaitu. Beste modu batera esanda:gerrak ezartzen ditu bakearen baldintzak, gerra bakearen kondizioa den heinean.
Montesquieuk guk baino hobekizehaztu zuen gerraren eta legeriaren arteko elkarreraginaren sekuentzia: «Gerraren helburua garaipena da; garaipenaren helburua konkista; konkistaren helburua boterea atxikitzea. Printzipio honetatik eta bere aurrekaritik eratortzen dajendeen zuzenbidea eratzen duen legeria guztia». Hemen ere oinarrizko kontua da aurrez seinalatu duguna ez ahaztea. Bakean bizi garenean pentsa dezakegu bakearen jatorrian bidegabeko gerrak, okupazioak, kolonizazioak, genozidioak... egon zirela behinola, baina historiaren bilakaera ez dela lineala, eta egungo mundua ez dela ordukoaren legatu eta ondorio gisa ulertu behar. Hori pentsatzeko joera naturala dugu. Baina hizpide dugun auzia, ordea, korapilatsuagoa da. Foucaultek dioen moduan, «botere politikoak gerra amaitzeko agindua ematen duenean, [...]ez du egiten gerraren efektuak gainditzeko edo azken batailan gailendutako desoreka neutralizatzeko». Alderantziz baizik: «gerra isilean betikotzeko baizik».
Hobbesek gerraren zergatia giza izaerari egozten zion; Montesquieuk gizartean bizi zen gizakiari; Rousseauk, berriz, Estatuaren izaerari egozten zion gerraren kausa; eta Humek, azkenik, Estatu nazionalen gobernatzeko moduari leporatzen zion gerraren arazoa. Iritzi hauen artean bat azpimarratu behar banu, Rousseaurena nabarmenduko nuke. Gauza jakina da Estatuen arteko gerrak Estatuak direnetik gertatu direla. Guk ezagutzen dugun egungo mundua Estatu nazionalaren arabera eratutako mundua da, aurrekariak ahantzi gabe; hots,inperioek Estatu nazionaletan utzizuten arrasto sakona ahantzi gabe. Ukrainara edo Palestinara begiratu besterik ez daukagu gerra horien guraria nazionalismoaren ideologia inperialistan bazkatzen dela ohartzeko.
Gerrari buruz hitz egin ote daiteke Clausewitz ahotan hartu gabe? Bere «formula» sonatuaren berri ez dakien gutxi egongo da: «Gerra ez da beste bitarteko batzuekin jarraitutako Estatuaren politika baizik». Alderantziz ere funtzionatzen du formulakgerraren eta politikaren arteko harremana ikusarazteko: «politika beste bitarteko batzuekin jarraitutako gerra da», Foucaulten hitzetan esanda. Azken hitza ere Foucaulti emango diogu: «Herrestan garamatzan eta determinatzen gaituen historikotasuna gerrazkoa da».
Gerra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu