GAL sigla 1983ko amaieran erabiltzen hasi aurretik, beste asko erabili zituzten gerra zikineko atentatuak erreibindikatzeko: Anti-Terrorismo ETA (ATE), Batallón Vasco Español (BVE), Triple A, Grupos Armados Españoles (GAE)... Gainera, atentatu asko ez zituzten erreibindikatzen. Adibidez, 1980ko irailaren 21ean, egun berean, Durango, Etxebarri eta Andoainen egindako hiru. Haietako bi, pistolak erabiliz.
Nolanahi ere, atentatu gehienak batere zigorrik gabe geratu ziren. Bereziki, Euskal Herriko Hegoaldean egindakoak, baina baita Iparraldean egin zituztenak ere. Euskal errefuxiatu politikoen komunitateak gerra zikineko hiru kanpaina jasan baitzituen hirurogeita hamar eta laurogeiko hamarkadetan.
Hala da, bai, GAL sigla erabiliz egindako kanpainaren aurretik, beste bi izan ziren. Lehenengoan, 1975eko apiriletik 1976ko urrira bitartean, atentatu ugari egin zituzten lehergailuekin; hainbat hilketa saio egin (Txomin Iturbe, Josu Urrutikoetxea eta Tomas Perez Revillaren kontrakoak, adibidez) eta Eduardo Moreno Bergaretxe Pertur ETAko buruzagia desagerrarazi zuten.
Ondoren, urtebete eta ia bederatzi hilabetez, ez zen batere atentaturik izan Iparraldean, baina espainiar agintariek hala erabaki zutenean, berriro ekin zioten, 1978ko uztailaren 2an, Agurtzane Arregi erailez. Senarra, Juanjo Etxabe, ETAko militante historikoa, bizirik atera zen, gorputzean bala piloa jaso bazuen ere. Orduan hasi zuten bigarren kanpaina hark 1981eko martxora arte iraun zuen eta aurrekoa baino askoz ere gogorragoa izan zen: zortzi hildako eta beste desagertu bat, Joxe Miguel Etxeberria Naparra, Komando Autonomo Antikapitalisten buruzagia.
Beste errefuxiatu politiko bat bahitu eta desagerrarazten ere saiatu ziren, Arantxa Sasiain, eta lau urte geroago Joxe Luis Salegi Txipi Autonomoetako beste buruzagi baten txanda izan zen. Bietan egin zuten kale, baina handik gutxira lortu egin zuten, Lasa eta Zabalaren kasuan.
Bigarren kanpainako atentaturik garrantzitsuena Jose Miguel Beñaran Argala ETAko buruzagiaren kontrakoa izan zen, 1978ko abenduaren 21ean, eta 1979an beste hiru errefuxiatu politiko hil zituzten: Enrike Alvarez Korta, Jon Lopategi Pantu eta Justo Elizaran Periko. Ondorengo urteetan askoz ere gehiago izan ziren bizia utzi zutenak.
1980an atentatu gehiago izan zen Iparraldean, eta horietako batek oso argi utzi zuen espainiar agintarien erantzukizuna: 1980ko azaroaren 23an, hiru mertzenariok Hendayais tabernan zeuden bezeroak tirokatu zituzten, errefuxiatu politikoekin zerikusirik ez zuten bi pertsona erailez eta beste hamar zaurituz. Horren ostean, hiltzaileek muga bortizki zeharkatu zuten auto batean, eta Espainiako poliziei Ballesteros komisarioaren telefono zenbakia erakutsi zioten. Hark hiru hiltzaileak askatzeko eta haien identitatea gordetzeko agindu zuen eta halaxe egin zuten.
Iparraldean gauzatu zuten gerra zikineko bigarren kanpaina hartako azken atentatuan ere froga ugari utzi zituzten. Donibane Lohizunen gertatu zen, eta Eugenio Etxebeste Antxon izan zuen helburu. Berriro ere, lehen kanpainan bezala, argi eta garbi geratu zen erabilitako armak espainiar Poliziak erositakoak zirela, eta, gainera, atxilotu zuten mertzenarioa handik gutxira hil zenean, haren senideek Espainiako Barne Ministerioaren kalte-ordaina eskatu eta lortu egin zuten.
Bai Hendayaisen kontrako atentatuan bai Etxebesteren kontrakoan hainbeste froga utzi izanak zerikusi handia izan zuen bigarren kanpaina hari bukaera ematearekin. Frantzian, sozialistak komunistekin batera gobernatzen hasiak ziren, eta nonbait espainiar agintariei arriskutsuegia iruditu zitzaien atentatuekin jarraitzea Iparraldean.
PSOEk 1982ko urrian hauteskundeak irabazi eta Felipe Gonzalez gobernuburu izendatu zutenean, berehala hasi ziren negoziatzen François Mitterrand buru zuten frantsesekin eta oso argi utzi zuten zenbateko garrantzia ematen zioten euskal errefuxiatuen kontrako neurri gogorrak hartzeari.
Zein neurri hartu eta gerra zikineko hirugarren kanpaina nola gauzatu erabaki ondoren, errefuxiatuen kontrako atentatu eta neurriek ez zuten etenik izan. Frantsesek harturiko neurriei dagokienez, lehenik, errefuxiatuak deportatzen hasi ziren, ondoren, estraditatzen, eta, azkenik, espainiar torturatzaileen atzaparretan uzten. Eta, aldi berean, GAL sigla erabiliz erreibindikatzen zituzten atentatu piloa izan zen Iparraldean; 26 hildako eragin zituzten. Haietako zortzi, euskal errefuxiatu politikoekin batere zerikusirik ez zutenak.
Hirugarren kanpaina hartan, Amedo komisario ordeak egindako hanka-sartze itzelak tarteko, are nabarmenago geratu zen atentatu haien atzean espainiar agintariak zeudela. Hala ere, temati jarraitzen dute esaten atentatu haien erantzulea «GAL talde terrorista» izan zela, zeharo ukatuz estatu terrorismoa izan zela. Eta berdin jokatzen dute beste sigla guztiei dagokienez, behin eta berriro errepikatuz gerra zikina «BVE, GAL eta beste talde terrorista batzuk» egin zutela.
Bada, horiek guztiak sigla hutsak besterik ez ziren izan, estatu terrorismoa ezkutatzeko pantaila gisa erabili zituzten sigla hutsak. Oso argi baitago zein izan zen gerra zikinaren antolatzailea, helburuei buruzko informazioa bildu, hura mertzenarioen esku jarri eta hilketa bakoitzagatik diru mordoa ordaintzen zuena. Estatuko «fondo erreserbatu» ilunetako dirua, hain zuzen ere.
Horregatik da hain garrantzitsua azpimarratzea «GALen biktimak» edo «BVEren biktimak» estatu terrorismoaren biktimak direla eta espainiar zein frantziar estatuek egia, justizia eta erreparazioaz gain, halakorik inoiz errepikatuko ez den bermea zor dietela.
Haien senide, lagun eta burkideok ez dugu etsiko bi estatuek zor hori kitatuko duten arte. Ez horixe!
Gerra zikinean erabilitako siglak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu