Xabier Makazaga.

Gerra zikina Iparraldean

2016ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Euskal iheslari politikoen kontrako gerra zikina frankismo garaian hasi zuen espainiar Estatuak, frantziarraren ezinbesteko laguntzarekin, eta ia berrogei izan dira geroztik gerra zikin mota horrek eragin dituen eraildakoak. Ez soilik Iparraldean. Baita Frantziako Tolosa, Paris eta Caracas bezalako toki urrunetan ere.

Atentatu, bahiketa zein erailketa gehienak Iparraldean gertatu ziren 1975etik 1987ra, eta horregatik erabaki nuen hamabi urte haietan gertaturiko guztia aztertu eta liburu batean azaltzea. Bukatua dut lana, Guerra sucia en Iparralde 1975-1987, eta garai hartan bahitu ondoren desagerrarazi zituzten lau iheslariak jaso ditut azalean: Pertur, Naparra, Lasa eta Zabala. Interneten dago, edonork irakurri edo kontsultatu ahal izan dezan, doan.

Urte luzez, espainiar Segurtasun Indar, Zerbitzu Sekretu edo Armadako norbaitek gerra zikinean izandako parte hartzeaz froga ukaezinak agertzen ziren aldi bakoitzean, espainiar agintariek esan ohi zuten bere kontura zebilen jendea zela, haien buruzagien inongo babesik gabe, eta are gutxiago agintariena beraiena.

Beste horrenbeste egin zuten erabilitako arma eta munizioak espainiar Segurtasun Indarrek erositakoak zirela frogatu ahal izan zen guztietan. Orduan ere, ukatu egin zuten erabat inongo erantzukizunik izatea, esanez ezinezko zitzaiela kontrolatzea depuratu nahian zebiltzan hainbat elementu frankista. Benetan oso aitzakia merkea, inoiz ez baitzuten inongo neurririk hartu gerra zikineko ekintzak antolatu eta gauzatzen harrapatu zituzten agenteen kontra.

Frantziar agintariek ere ez zuten inoiz batere arduratsu jokatu jende haren kontrako neurriak hartzeko orduan, alderantziz baizik. Hasiera-hasieratik jakin izan zuten, froga ukaezinei esker, nortzuk zeuden ekintza terrorista haien atzean, baina haien kontrako neurriak hartu ordez, ekintza haien biktimen kontra ekin zioten, euskal iheslarien kontra. Horregatik salatzen dut gerra zikin hartan ezinbesteko konplizeak izan zirela.

Espainiar agintariei dagokienez, hainbat siglaz baliatu ziren ekintza terrorista haietan zuten erantzukizun zuzen-zuzena estaltzeko. Lehen urteetan gehien erabili zuten sigla Batallon Vasco-Español delakoarena izan zen, BVE, eta 1983tik aurrera sigla bakar batez baliatzea erabaki zuten, GAL. Izan ere, izugarrizko interesa baitzuten, eta jarraitzen dute izaten, gerra zikinaren erantzukizuna Estatu terrorismoa estaltzeko sigla hutsak besterik izan ez ziren GAL eta BVE bezalako «erakunde terroristen» gain eror zedin.

Azkenean, ordea, begi bistan geratu zen nork antolatu eta gauzatu zuen gerra zikin hura. Jose Amedo komisariordeak epaileari zekienaren zati bat kontatu zionean, hain zuzen. Bereziki, aspalditik ederki gordea zuen dokumentu bat eman zionean: Segundo Marey frantziar herritarraren bahiketa erreibindikatzeko idatzi zutena, GAL sigla lehen aldiz erabiliz.

Komunikatu hura eskuz idatzia zegoen eta erraz asko frogatu ahal izan zuten nork idatzi zuen: garai hartan Bizkaiko Gobernadore Zibila zen Julian Sancristobalek, eta BizkaianPSOEko Idazkari Nagusi zen Ricardo Garcia Danboreneak. Biak kartzelatu zituen epaileak, eta haien ondoren beste hainbat polizia eta agintarik ere hartu zuen espetxeko bidea. Tartean, orduan Barne Ministerioko buru zirenak: ministroa bera, Jose Barrionuevo, eta Estatu Idazkaria, Rafael Vera.

Kondenatu egin zituzten denak, eta horrek oso agerian utzi zuen zenbaterainokoa zen espainiar agintarien erantzukizuna gerra zikinean. Nabarmen geratu zen, gainera, norena zen erantzukizun gorena, epaileak X Jauna gisa izendaturiko Felipe Gonzalez Presidentearena, zeinak lehentxeago ozen esana baitzuen «ez da frogarik, eta ez da inoiz izango».

Froga haiek trumilka agertu ziren, ordea, eta horren ondorioz gertaturikoaren beste bertsio bat ematera behartua ikusi zuten euren burua. Guztiz faltsua bezain interesatua den bertsio bat, zeinaren arabera, hanka-sartze galantak egin arren, sobera lortuak zituzten gerra zikin haren bidez lortu asmo zituzten helburuak.

Zioten, eta diote, GALek frantziar Estatuan egiten zituen atentatu terroristak amaitzearen ordez hasi zirela frantziar agintariak espainiarrei laguntzen, euskal iheslarien aurkako neurriak hartuaz. Gezur galanta, liburuan azaldu bezala, erraza baita frogatzea kolaborazio hura ez zela inolaz ere lortu atentatu haiei esker.

Izan ere, GAL siglaz baliatuz egin zituzten lehen atentatuak gertatu ahala hasi baitziren frantziar agintariak euskal iheslarien kontrako neurri polizial eta administratiboak hartzen. 1984ko urtarrilaren 10etik aurrera, lehenik iheslari mordoa atxilotu, konfinatu edo beste herrialde batzuetara deportatu zuten. Ondoren, haiek estraditatzeari ekin zioten, eta azkenik iheslariak espainiar torturatzaileen esku uzten hasi ziren.

Liburuan azaltzen dudan bezala, neurri haiek guztiak frantziar eta espainiar agintariek 1983ko bukaeran hitzartu zuten akordio sekretu batean jasoak zeuden, eta oso arrazoi sendoak ditut salatzeko akordio hark beste zerbait ere jasotzen zuela. Hain zuzen ere, gerra zikineko ekintzak egitearena, bi aldeek beharrezkotzat zituztelako elkarrekin diseinatua zuten estrategia hura aurrera eramateko orduan.

Liburuan azaltzen dut zehatz-mehatz zein datutan oinarritzen naizen hain salaketa larria egiteko, eta bihotzez espero dut egia bilatzeko batzorde independente batek berandu baino lehen aztertu ahalko dituela datu garrantzitsu horiek, eta egiaztatu. Halako batzorde batek laguntza paregabea eman ahal baitie biktima guztiei haien egia esan ahal dezaten. Egia osoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.