Apirilaren 19an, Gerra Zibilean bonbardaketak jasan zituzten Bizkaiko 33 herrietako ordezkariak bildu ginen Gernika-Lumoko Juntetxean. Gernika-Bizkaia 1937-2012. 75 urte gogoan egitasmoaren baitan, herri bakoitzak bere ikus-entzunezko proposamena egin zuen (edota egingo du datozen hiletan), eta hainbat bizkaitarrok Gerrak adierazten diguna erakusteko aukera izan genuen. Grabatutako bideo zati guztiekin, dokumental bat aurkeztuko da datorren azaroan: orain dela 75 urte hasi zen gerrak bizkaitarren artean eragiten dituen sentimenduei buruzko dokumentala.
Zazpi hilabetez, frontea geldirik egon zen Bizkaiko mugan, eta Bizkaitarrek beste toki batzuetako biztanleek baino eraso bortitz gehiago jasan behar izan zituzten. Francok hainbat aldiz bonbardatu zuen atzeguardiako populazio zibila, morala jaisteko eta erresistentzia ahultzeko. Gernika eta Durango dira kasu lazgarrienak, baina 33 bat dira frankisten amorrua jasan zuten Bizkaiko herriak.
Abertzale eta ezkertiarrek oso gertutik eta modu intentsuan bizi izan zuten Guda, baina agintari frankistekiko beldurrak, galtzaile izatearen lotsak, momentu mingarri guztiak bizkor ahanzteko gogoak, edota seme-alabei frustrazioa, galtzaile sentimendua eta amorrua ekidin nahiak belaunaldien arteko transmisio oztopatu zuten. Bestalde, irabazleei ez zitzaien interesatzen, Franco hil ostean, memoria historikoa gehiegi jorratzea, lotsatzeko moduko ekintza askoren erantzule zirelako. Ondorioz, gertaera historiko garrantzitsu hau isiltzen eta ahanzten joan da, eta Gerra ostean jaiotako gutxik izan dute gertatu zenaren ideia argi bat.
Hala ere, errepublikazaleen gehiegikerien biktimek Francoren gobernuaren babesa eta ordaintza morala jaso zuten urte askotan. Errepublikazaleek euren senideei eragindako mina ezagutzeko aukera izan zuten (egia jakiteko eskubidea), jasan zituzten kalteak ikertu eta epaitu ziren (justizia eskubidea), eta kalte-ordainak jaso zituzten eta duintasuna eta babesa eman zitzaien (konponketa eskubidea). Frankistek errepublikazaleek baino errepresio bortitzagoa erabili zuten abertzale, ezkertiar eta errepublikazaleen aurka, baina jazarraldien biktimei egia jakiteko eskubidea, justizia eskubidea eta konponketa eskubideak ukatu zitzaizkien. Izugarrikeria pila jasan bazituzten ere, Errepublikaren aldekoek etxe barnean gorde behar izan dituzte, saminak, frustrazioak eta lotsak.
Beste gizarte batzuetan, oso ondo gorde dute gerren oroitza: museoak, liburuak, memoriari eskainitako guneak, adierazpen publikoak, hitzaldiak, monumentuak, dokumentalak… hamaika ekimen lagungarriak direnak, bai zorigaitza bizi izan zutenen memoria historikoa gordetzeko zein haien senideekiko elkartasuna adierazteko eta belaunaldi berriei gertatu zena erakusteko.
Gurean, orain dela gutxi hasi gara Gerra Zibilari loturiko memoria historikoa behar bezala berreskuratzen. Azken hamar urtetik hona ekin diogu Gerra Zibilean gertatu zena herritarren artean zabaltzen, gai honen inguruko gogoeta bultzatzen edota biktimei gorazarreak egiten.
Batzuek diote era honetako ekimenak beranduegi datozela, Gerrako biktimak zein Francoren errepresioa jasan zuten ia denak hilda daudelako. Zilegi da hori pentsatzea. Nolanahi ere, nire ustez, ez da beranduegi oroitza ekitaldiak egiteko, kontuan hartzen badugu Gerra Zibilaren eraginez sufritu zutenen seme-alabak eta ondorengoak bizirik dirautela, eta hauek ere biktimak direla.Gainera, betiere hobe da egia jakitea, ez jakitea baino. Gezurrak egia labaindu, egiak gezurra amildu.
Gerrak sortutako samina berreraikitzeak eta kontatzeak ez du biktimen egoera aldatzen, ez du haien sufrikarioa arintzen, baina bizi izan zutena ulertzen laguntzen digu besteoi, elkartasun sareak sendotzen ditu belaunaldien artean, eta etorkizunean saihestu behar den bidea erakusten; hiritar jakintsuagoak, irizpide sendoagokoak eta, ondorioz, askeagoak ere sortzen ditu. Gehiago esango dut, frankisten jazarraldiaren biktimen memoria berreskuratzea etorkizunean inbertitzea da.Izan ere, herrien identitatea memoriak emandako materialetatik elikatzen da, nagusiki. Aurreak erakutsi behar du atzeak nola dantzatu.
Gernika-Bizkaia 1937-2012. 75 urte gogoan egitasmoaren helburua da bizkaitarron artean Gerra Zibila isiltasunetik eta ahanzturatik ateratzea. Egiatan, horrelako egitasmo gehiago behar ditugu, fusilatu zituztenen, bonbardaketa eta tiroengatik hil zirenen, langileen batailoietan esklabotza lanetan aritu zirenen, ilea moztu zieten emakumeen, isunak ordaindu zituztenen, erbesteratuen edota preso egon zirenen memoria bizirik gordetzeko; bereziki, frankismoaren kontra eta askatasunaren eta demokraziaren alde borrokatuta, errepresioa jasan zuten herritarren oroimena gordetzeko. Izan ere, Gerra Zibila, min eta drama anitz duelarik ere, gure ondare historikoa da. Ondo ezagutu eta gorde beharreko ondarea.
Gerra zibila Bizkaian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu