Xabier Makazaga.

Gerra oso zikina

2014ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
GAL siglak erabiliz eraildako Tomas Perez Revilla lehenago ere jasana zen beste atentatu terrorista bat Iparraldean, 1976ko martxoaren 21ean. ETAren adar militarreko buruzagitzat jotzen zuen orduan espainiar Poliziak, eta tirokatu egin zuten. Gerora jakin izan zenez, espainiar Polizia horrexek AEBetan erositako Marietta batzuk erabiliz tirokatu ere.

ETAren adar politiko-militarrak erabiltzen zituen armen artean zegoen Marietta, eta egun batzuk geroago, apirilaren 8an, Enfrentamientos milis-poli-milis izeneko artikulu oso adierazgarri bat argitaratu zuen Donostiako La Voz de España egunkari frankistak. Hara zer zioen bertan:

«Erabilitako armak —mariettak— ez ezik, munizioa —Geko markakoa— eta atentatua egiteko modua ere adar politiko-militarreko ekintzaileen ohikoak dira. Perez Revilla auto batean zihoan, bere semetxo eta emaztearekin —zeinak sei tiro jaso zituen gorputzean—, eta frogak biltzen ari da atentatua gauzatu zutenen kontra errepresalia egokiak hartzeko asmoarekin. Moreno Bergareche, Perthur, jotzen du atentatuaren arduradun gisa».

La Voz de España egunkariko artikulu hura estilo nahasezin batean idatzia zegoen. «Iturri antiterroristek» gezurrez betetako askatik edan ohi duten hainbat kazetariren lumetan gaur egun arte heldu den estilo nahasezin horretan. Bereziki, La Razón egunkariko zuzendariorde den Jesus Maria Zuloagaren luma zikinean. Eta, hara nola diren gauzak, izen bereko bere aitak zuzentzen zuen orduan La Voz de España.

Artikulu hura argitaratu eta hiru hilabetera, ETA politiko-militarreko buruzagia zen Eduardo Moreno Bergaretxe Pertur desagertu egin zen Iparraldean, mugatik gertu, eta espainiar Segurtasun Indarrek zein agintariek berriro ere etakideen arteko «kontu garbiketa» moduan saldu nahi izan zuten desagertze hura. Gerra zikin guztietan erabili ohi den azpijoko oso ezaguna da hori eta espainiar Estatuak hainbat kasutan erabili izan du: Tomas Alba, Santi Brouard, Josean Cardosa...

Pertur zenaren kasuan ederki atera zitzaien, baina Tomas Perez Revillaren kontrako atentatuarekin oso gaizki. Izan ere, sekulako hanka sartzea egin baitzuten, Melchor Miralles eta Ricardo Arques kazetariek Amedo: el Estado contra ETA liburuan azaldu bezala. Barne Ministerioko arduradunek ezabatu egin zituzten Marietta haiek kanoiaren kanpoaldean zituzten zenbakiak, baina ez barnealdekoak, ez zekitelako han ere markatuak zeudela.

Espainiar Zerbitzu Sekretuek italiar neofaxista batzuen esku jarri zituzten arma haiek, euskal errefuxiatuen kontrako atentatuak egin zitzaten, eta horretarako erabili zituzten Iparraldean 1975eko apiriletik 1976ko urrira luzatu zen gerra zikinaren lehen etapan. Ez horretarako bakarrik, ordea, beste atentatu sonatu batzuk gauzatzeko ere baliatu baitzituzten arma haiek. Hara nola, Vittorio Occorsio italiar epaile antiterrorista ezaguna erailtzeko, 1976ko uztailaren 10ean.

Erail zuen neofaxistari, Pier Luigi Concutelli-ri, italiar Poliziak atzeman egin zion atentatuan erabilitako Marietta, eta kanoiaren barnean zuen zenbakiari esker jakin zuten espainiar Poliziak AEBetan erositako sorta batekoa zela. Italiar epaileek azalpenak eskatu zizkieten espainiar agintariei. Alfer-alferrik, behin eta berriro eskatu arren, inoiz ez baitzuen erantzunik jaso.

Neofaxista haietako batzuk damutu ondoren, italiarrek jakin zuten espainiar eta frantziar estatuetan gerra zikineko hainbat ekintza eginak zirela, Pertur besterik izan ez zitekeen etakide baten bahiketa barne. Hari guztiari buruz ere eskatu zizkieten azalpenak espainiarrei. Berriro ere, alfer-alferrik, ez baitzuten inoiz erantzun.

Italiar Poliziak Concutelliri atzeman zion agenda bati buruz galdegin zietenean ere ez entzunarena egin zuten. Agenda hartan espainiar Polizia eta militar batzuen izenak zeuden, haien helbide eta telefono zenbakiekin, eta haietako batek gerora postu garrantzitsuetarako aukeratu zuten: Ramon Lillo komisarioa, Auzitegi Nazionaleko segurtasun arduraduna izango zena.

1985ean, El País egunkariak Lillorentzat oso konprometigarriak ziren bi berri argitaratu zituen. Lehenik, agenda hartako izen batzuk, Lillorena tarte, eta bi aste geroago, beste neofaxista italiar batek egindako adierazpen oso esanguratsu batzuk. 1984ko uztailean Madrilen atxilotu zutenean, Giuseppe Calzonak poliziei egindako adierazpenak ziren haiek, Comisaría General de Información delakoak txosten batean jasoak.

Calzonak zehatz-mehatz azaldu zien espainiar poliziei 1976an eginak zituenak. Jurramendin bi militante karlista erail zituztenen artean izateaz gain, urte hartan bertan Iparraldean mertzenario talde batek egindako hainbat atentatutan ere parte hartu zuen; besteak beste, Perez Revillaren kontrakoan. Eta taldeburua Lillo izan zela esan zien argi eta garbi poliziei.

Italian norbait erail zuelako eskatua zuten italiar epaileek Calzona estraditatzea, eta neofaxistak mehatxu zuzena bota zuen komisarian, lehen aipatu txostenaren arabera. Espainiar Estatuarentzat oso konprometigarriak ziren datuak ematearekin egin zien mehatxu, baldin eta askatzen ez bazuten. Eta halaxe gertatu zen, estraditatu ordez, laster asko utzi baitzuten aske. Ez da inoiz ezer gehiagorik jakin hari buruz.

Ez zen halako kasu bakarra izan. Garai hartan, Auzitegi Nazionalak uko egin baitzion beste hainbat italiar neofaxista estraditatzeari. Erailketak arrazoi politikoengatik eginak zituztela argudiatuz uko egin ere. Neofaxista haiek guztiak gerra zikinean buru-belarri jardunak ziren Iparraldean, eta horrela Auzitegiak eragotzi egin zuen argitzea Marietta famatu haiek erabiliz egindako hainbat atentatu. Eta Pertur zenaren bahiketa ere bai.

Espainiar Justiziak ez du inoiz interes zipitzik izan azkeneraino argitzeko, ez bahiketa hura, ezta hainbeste urtetan gertatuak diren gerra zikineko beste ekintza guztiak ere. Eta agintariek berdin-berdin jokatu dute. Edo are okerrago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.